Beltzetik zurira aldatu da Kirolbet Baskoniaren jokoa COVID 19-aren krisiak eragindako geldialdiaren ondoren. Ezin da ukatu Dusko Ivanovicekin taldea hobetzen ari zela pandemiaren aurretik ere —Velimir Perasovic ordezkatu zuen iazko abenduan—, baina sekulako aldaketa orain ari da erakusten. Valentzian jokoan den ACB ligako azkeneko faseko Baskonia bada taldearen bereizgarri historikoen jabe: lehiarako eta borrokarako grina dauzka, eta edozeini irabazteko gaitasunaren jabe sentitzen da. Metamorfosi horretan, badaude eragile garrantzitsuak, ez baita kasualitatearen oparia.
Lan ona ikusten du atzean Iurgi Caminos entrenatzaileak (Donostia, 1978). Pablo Prigioniren laguntzailea izan zen 2017-2018ko denboraldiaren hasieran Gasteizko taldean, eta oraintsu arte Japonian aritu da Rizing Zephyr Fukuoka taldean. Ondo ezagutzen ditu Baskonia, hainbat jokalari [Prigioniren aginduetara zeudelako] eta Ivanovic, eta lan onaren azalpenari heldu dio: «Dudarik ez da taldeak sekulako hobekuntza izan duela, eta Duskok lana egiteko izan duen denbora funtsezkoa izan da». Krisi honek eragindako geldialdiari zukua atera diola, alegia: «Ez da erraza Euroligako talde baten ardura hartzea denboraldia hasita dagoenean, entrenamendu onak egiteko denborarik ez delako izaten. Orain, aldiz, lehiaketa geldirik egon denean, Duskok aukera eta denbora izan ditu haren kontzeptuak lantzeko, eta jokalariak ari dira erakusten ondo barneratuta dauzkatela, defentsan eta erasoan». Zaintzako lanean, bi kontzeptu aipatu ditu: «Blokeo zuzena nola zaindu ondo ikasita daukate orain, eta jokalarien mugimenduak eta txandakatzeak ere onak dira arlo horretan».
Entrenamenduetako lanaz gain, beste eragile bat ere aipatu du Caminosek Baskoniaren hobekuntza azaltzeko: «Jokalari gehiago daude orain, min hartuta zeuden Jayson [Granger] eta Luca [Vildoza] osatu direlako, eta jokalari gehiago erabiltzeko aukera dago orain». Hobekuntza horiekin Baskoniak liga irabazteko aukera baduela uste du Caminosek: «Jokalariek gosea dute irabazteko, badakitelako irabaz dezaketela lehiaketa, eta horrek ere laguntzen du gogor jokatzen». Lehiaketa sistema ere lagungarri dela uste du Caminosek: "Motza da, bi egunetik behin jokatzen ari direlako, eta horrek laguntzen die jokalariei arreta ez galtzen. Gainera, Bartzelona eta Real Madril ezustean hartzeko egokia da sistema hau, ez direlako kanporaketa luzeak, zeinetan talde handiek aukera gehiago duten".
Gaur, kale edo bale
Liga irabazteko gaur ere gauza bera egin beharko du Ivanovicen taldeak. Unicaja jarriko zaio parean A multzoko laugarren jardunaldian, eta, irabazten badu eta Tenerifek Joventut mendean hartzen badu gero, finalerdietan izango da. Galtzen badu, aldiz, batere aukerarik gabe geratuko da, baldin eta Bartzelonak Retabet Bilbo Basket menderatzen badu (18:30). Bilbotarrek gaur irabaztea ezinbestekoa dute sailkatzeko aukerari eusteko. Galduz gero, ez dira finalerdietan izango.