Kanaria Handia 64. Caja Laboral 80

Ivanovicek nahi bezala: defentsarekin

Baskoniak, bikain, azken laurdenean hautsi du lehia, eta Kanaria Handia zazpi minutuz saskiratu gabe utzi

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Herbalife Kanaria Handia. Scheyer (3), Ryan Toolson (10), Newley (9), Spencer Nelson (17) eta Prestes (12) -hasierako bostekoa-; Bellas (5), Eulis Baez (5), Beiran (3) eta Samuel Dominguez.

Caja Laboral Baskonia. Heurtel (9), Oleson (12), Nocioni (24), Nemanja Bjelica (12) eta Lampe (12) -hasierako bostekoa-; Cabezas (5), San Emeterio (4), Causeur (2), Milko Bjelica eta Hernandez-Sonseca.

Markagailua laurdenka. 14-27, 39-45 (atsedena); 53-58 eta 64-80.

Epaileak. Pizarro, Peruga eta Sacristan. Kanporaturik ez.

Bestelakoak. 4.825 lagun.

Gustura egongo da Dusko Ivanovic. Baskoniako entrenatzaileak Carlos Cabezas joko antolatzaileari purrustadak botatzen bukatu zuen partida, espainiarrak akats pare bat egin ostean, baina hotzean, agintepean dituen jokalariei zorionak eman beharrean da, hark hain gustuko duen defentsan lan ona egin ondoren nagusitu baitzen taldea. Baskoniak zero puntutan utzi zuen Herbalife Kanaria Handia azken laurdeneko lehen zazpi minututan, markagailua gehien estutu zenean. Arabarrek giltzarrapoa jarri zioten beren saskiari, eta erasoz eraso, etxekoen kemena itzali zuten, amore eman zuten arte. 53-58 zen markagailua hirugarren laurdena bukatuta, eta zazpi minutu geroago, 53-72. Hemeretzi punturen aldea Heurtel, Oleson eta Chapu Nocionik hiruko bana saskiratuta.

Atsedenik hartzeko aukerarik gabe ia, hegazkinetan zortzi ordu luze pasata, meritua dauka Baskoniak. Zirimola baten pare hasi zen Nocionik bultzatuta, eta hasieratik utzi zuen argi ez zuela astea bi partida galduta bukatzeko batere asmorik. Maciej Lampek ere min handia egin zuen lehen laurdenean blokeoa eta jarraipena bikain gauzatuz —zortzi puntu lehen hamar minutukoan—, eta hirugarren makulua Nemanja Bjelica izan zen. Ondo jaurtiketetan, bai bikoetan eta hirukoetan, txukun Spencer Nelson etxeko taldearen jokalari arriskutsuena zaintzen, eta ezin hobe alderatzeetan, hamahiru biltzeraino.

Partida ona, era berean, Brad Olesonek, une jakinetan lau hiruko erabakigarri sartu zituelako, eta Ryan Toolson jaurtitzaile trebea zorrotz zaindu zuelako. Estatubatuarrak hamar puntu sartu zituen, baina hirukoetan %14 bakarrik asmatu, sei jaurtiketa huts egin ondoren. Heurtelek ere lan ona egin zuen, aspaldiko partez. Frantziarra txukun aritu zen gidaritzan, taldekideak elikatzen —bost asistentzia—, eta konfiantzarekin jaurtiketetan eta barneraketetan. Hamalau puntuko balorazioa lortu zuen joko antolatzaileak. Bistan da Taylor Rochestieren hutsunea baliatu nahiko duela, taldean garrantzitsu izateko lanean.

Nocionik, 24 puntu

Kanaria Handiko Paulao Prestes brasildarrarena izan zen lehen saskiratzea, baina minutu pare batean aldatu zen panorama. Nocionik hamabi puntu sartu zituen, gehienak bata bestearen atzetik, eta Spencer Nelson eta Eulis Baez bikoa erotu zuen. Lampek hartu zion lekukoa, eta Baskonia 10-25 aurreratu zen. Kanaria Handia, ordea, plaza zaila da; bi garaipenekin hasi du liga, eta bere kantxan porrotak garesti saltzen dituen talde borrokalaria da. 14-25 hurbildu zen aurrena, eta 21-29 minutu gutxira.

Ivanovicen hutsarteak eragina izan zuen, berriro ihes egin zuelako Baskoniak (23-38), Nemanja Bjelicak hiruko batekin bere hamabigarren puntua saskiratuta. Berriro partida hausteko aukera, eta berriro ezin hautsi. Batez ere etxekoak ez direlako herrenak. 31-45 zen aurretik Gasteizko taldea lan erditara iristeko bi minutu falta zirela, baina 8-0eko partziala lortu zuen hondarrean Pedro Martinezen taldeak, aldageletatik bueltan indar betean bueltatzeko asmoarekin: 39-45.

Lehen bi laurdenetan bezala, norgehiagoka hozten saiatu zen Baskonia. 42-53 aurreratu zen, Cabezasek hirukoa sartuta, baina lasaitu egin zen etxeko lanak eginak zeudela sinetsita, eta Kanaria Handia 53-55 hurbildu zen Nelson eta Toolsonen hiru puntuko bi jokaldiei esker. Orduan Oleson esnatu zen. Alaskakoak 53-58koa sartu zuen, hirugarren laurdena ixteko, eta hortxe geratu zen Kanaria Handia. Baskonia, aldiz, egurrean. 53-72koa lortu eta bale esan zuen arte. Nocionik 24 puntu lortu zituen, eta jardunaldiko onenetakoa izateko bidean da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.