Saskibaloia. ACB ligako titulurako kanporaketak: Valentzia-Lagun Aro GBC

Izan nahi, baina lortu ez: Valentziaren egunerokoa

Bi jokalari on falta ditu Valentziak: Listxuk eta Rafa Martinez; baina lanak emango dizkio Lagun Arori

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Zortzi hilabete eta 34 partida nekagarri geroago, inork espero ez zuen tokira eraman du lehiaketak Lagun Aro: ACB ligako bosgarren postura. Legez, titulua lortzeko borrokan murgilduko da, eta final-laurdenetan laugarren sailkatua izango du aurkari: Valentzia. Ziurrenik, kanporaketa hau da denetan parekatuena, euskal derbiaz gain. Batzuen eta besteen bidea antzekoa izan da: behetik gorakoa. Pattal ekin zioten bi taldeek, baina Valentzian Donostian baino pazientzia gutxiago dute, eta entrenatzailea aldatzea erabaki zuten: Velimir Perasovic, Paco Olmosen ordez. Donostian konfiantzari eutsi zioten Sito Alonsorekin, eta etekina berehalakoa izan zen: zortzi onenen artean lehen itzulia bukatuta, eta lehen Kopa klubarentzat.

Valentzia puntu sorta txiki bategatik geratu zen Kopatik kanpo, baina urtarril bukaera iritsi zenerako beste talde bat zen. Perasovicen defentsarako grinaz kutsatu zena, bigarren itzuli osoa zortzi onenen artean eroso egin duen talde on bat. Batek daki zein izango den Valentziaren denboraldi ona. Akaso bukatzear dena. Izan ere, betidanik izan du handi izateko nahia, eta betidanik mila arazo edo komeria helburu hori lortzeko. Izan nahi, baina lortu ez; hitz horiekin laburbil daiteke Valentziaren urteetako kirol ibilbidea.

Kanporaketetako bideari erreparatuz gero, oso datu berezia du Valentziak, jokatutako azken hamasei kanporaketetatik hamabost galdu baititu. Bistan da, denak final-laurdenetan, irabazi zuen bakar hori salbuetsita. Beste datu interesgarri bat, Lagun Aroren hautagaitza indartze aldera: kanporaketetan jokatutako azken zazpi partidak galdu ditu Valentziak. Azken biak iaz, Bilbo Basketen aurka: 0-2.

Eta orain zer? Orain, zalantzak. Valentziak talde ona du, banan-banan aztertuta Lagun Arorena baino hobea, baina lesioekin zorte txarra izan du, eta bi jokalari garrantzitsu faltako ditu azken laurdenetan: Serhii Listxuk pibota eta Rafa Martinez eskolta.

Erabakigarriak izan daiteke, bikote hori funtsezkoa baita Perasovicen zaintza eskeman. Listxuk handia da, 2,13 luzean, eta eraginkorra erasoko errebotean. Txapelak jartzen ere trebea da, eta Vitor Faverani, Aj Ogilvy eta Florent Pietrus hirukoa herren gera daiteke Andrew Betts, David Doblas, Peter Lorant eta Iaroslav Korolev laukotearen aurka. Rafa Martinez ezagunagoa da hirukoak sartzeko duen erraztasunarekin, baina oso jokalari ona da defentsan, eta Jimmy Baronek espero ez zuen arnasa eduki dezake.

Claver-Caner Medley

Ezeren okerrik ez dela, hegalekoen demak desorekatuko du balantza, batzuen edo besteen alde. Andy Panko ligako onena izendatu dute, eta hori aurkezpen txartel ezin hobea da. Hogei puntu lortzen ditu gutxienez partidako, eta Valentziaren aurka hainbeste lortzeko gai bada, Lagun Arok gertu izango ditu finalerdiak. Parean Victor Claver eta Nik Caner-Medley izango ditu. Claverri etorkizun oparoa iragarri zioten, baina ez ditu bete iragarpenak. Caner-Medley arriskutsua da. Azkarra barneraldietan, iaioa hirukoetan, eta borrokalaria saskipean. 1 postuan ere txinpartak ikusiko dira. Stefan Markovic eta Nando de Colo elkarren osagarri dira. Garaiak oso biak. Talentu handiagoa du De Colok, eta lehia polita izan dezake Raul Netorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.