Txirrindularitza-Espainiako Vuelta

Izana berreskuratu du Romain Bardetek

Frantziarrak irabazi du Vueltako 14. etapa, ihesaldiaz baliatuz. Faboritoak ez dira ia mugitu maldan gora, eta Eikingek sailkapeneko lehen postuari eutsi ahal izan dio  

Romain Bardet etapa garaipen bat ospatzen. SANTI OTERO
enaut agirrebengoa
2021eko abuztuaren 28a
19:45
Entzun

Izenarekin ez da aski itzuli handi batean garaipena lortzeko. Hori ongi daki Romain Bardetek (DSM). Tropeleko igotzailerik sonatuenetako bat da frantziarra, bi aldiz bukatu baitu Tourra hiru onenen artean. Alta, aspaldi zegoen hiru asteko itzuli batean besoak altxatu gabe; 2017ko Tourrekoa zuen azken etapa garaipena. Luze ari zen jotzen itxaronaldia, baina pazientzia izan du Bardetek, eta egonarri berarekin irabazi zdu Vueltako 14. etapa. Haren izena zen sona handienekoa eguneko ihesaldia osatu duten hemezortzi ziklisten artean; alegia, hari so zeuden iheskide guztiak. Aurkarien erasoek ez dute itsutu frantziarra, eta nagusitasunez gailendu da Pico Villuercasen. Aurrenekoz igo dute mendate hori; Bardeten izenak distira emango dio historia liburuetan.

Distiratsutik gutxi izan du ordea, hautagai handien lehiak. Bazegoen zuhaitza non astindu: Villuercasen bertan, hara heldu aurretik zegoen zati gorabeheratsuan, helmugatik 70 kilometrora igo duten Ballesteroseko horma ikusgarrian... Alabaina, onenek ez dute lasterketa apurtzeko borondaterik erakutsi. Eraso bakarra izan da haien artean, Miguel Angel Lopezek (Movistar) helmugarako bi kilometrora egin duena. Eta hutsala izan da kolonbiarraren ahalegin berantiarra, lau segundo besterik ez baitizkio urratu Primoz Roglici (Jumbo Visma), oraintxe lasterketa irabazteko faborito nagusia denari. Elastiko gorria ez dago, aitzitik, haren soinean: Odd Christian Eikingek (Wanty) darama. Liskarrik ez denez izan oilarren artean, norvegiarrak arazo handiegirik gabe eutsi dio lidertzari.

Liderrek ez bezala, iheslariek zukutu dute ibilbidea. Multzo jendetsua osatu dute etaparen hasieran; han ziren, besteak beste, Bardet bera, Aritz Bagues (Caja Rural), Xabier Mikel Azparren (Euskaltel), Tom Pidcock (Ineos), Clement Champoussin (Ag2r), Jay Vine (Alpecin) eta Jesus Herrada (Cofidis). Nahiko batera igaro dute Ballesteroseko horma, baina jaitsieraren ostean, tartea zabaldu dute Nicolas Prodhommek (Ag2r) eta Dani Navarrok (Burgos BH), eta 50 segundoren abantaila lortu.

Vineren itzulera miragarria
Lehia handia izan daiheslarien artean, baina azken igoerara buruan iristea lortu du Prodhommek, minutu inguruko errentarekin. Bardet, aldiz, ez da gehiegi urduritu: zatirik gogorrenaren aurretik egin du bat lasterketa buruarekin, eta sei kilometro falta zirenean gelditu da bakarrik. Frantziarrak bere lehen garaipena ospatu du Vueltan. Bigarren Herrada sartu da, eta hirugarren Vine, dortsalak zintzilik zuela. Oso eroriko arriskutsua izan du taldeko autoari helduta zela, eta halere, gai izan da berriro lasterketan sartu, eta etaparen lehian egoteko.

Hamar minututik gorako atzerapenarekin iritsi dira faboritoak. Lasai hartu dute eguna. Bestela izan daiteke igandean, Navalmoral de la Mata eta El Barraco artean jokatuko den etapa menditsuan. Lau igoera kateatuko dituzte, horietatik bi lehen mailakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.