Bilbo Basketek lau minutu penagarritan ahaztu du Olympiakosen aurkako garaipen handiak eragin zion poza. 15-0eko partziala hartu zuen tarte horretan, partida bukaeran, eta galtzearekin bat oso sentsazio txarrekin bueltatu da etxera. 14 puntuz galdu zuen, eta bi hilabete barru alde hori garrantzitsua izan ez dadin eskatzen hasi beharko da, ligatxoa bukatu ostean gerta daitezkeen berdinketei begira. Nancyk izar bat dauka, izar distiratsua. Nicolas Batumen talentuari esker atera zuen aurrera partida etxeko taldeak, baina Batum bereak eta bi egiten hasi baino askoz lehenago ikusi zen Bilbo Basketek zail izanen zuela garaipena. Opari piloa egin zuen, eta bukaeran garesti ordaindu zuen Olentzeroz mozorrotu izana.
Emandako 20 baloi, eta defentsan galdutako 13 errebote. 33 jabetza musu truk! Zaila da datu horiek dauzkan talderen bat garaipenaren arrastoan ibiltzea, baina ibili, ibili zen Bilbo Basket. Batumek nahikoa da esan zuen arte. Mumbru erotu zuen partida osoan, Grimauren ahalegin oro alferrikako egin, eta bi horien hutsak estali nahian akats gehiago egin zituzten taldekideak ernegarazi. D'Or Fischer, besteak beste. Bilbo Basket txikitu zuen, baina gozamena izan zen Batumen talentua ikustea. Nahierara aritu zen Portlandeko hegalekoa: bikoak, hirukoak, asistentziak, erreboteak... Oso ona da, eta ez dago besterik. Euroligari eginen dizkion azken opariak izan litezke, NBAn greba bukatzen bada, eta irauten duen bitartean, zergatik haren talentuari muzin egin.
Aurreikuspenak bete ziren erabat. Nancyk joko fisikoa egiten du, besoak erabiltzen ditu lotsagabe. Epaileen baimenarekin batzuetan, eta etekina ateratzen dio joko era horri. Zortzi baloi kendu zizkion lehen laurdenean Bilbo Basketi, eta partidan mantendu zen horri esker: 17-18. Katsikarisen taldea askoz hobeto jokatzen ari zen, bere baliabideei etekina ateratzen. Erasoan joko pausatua egiten ari zen, eta Banic eta D'Or Fischer Jacksonen asistentziak baliatzen.
Bigarren laurdena izan zen bizkaitarren onena. Ez zuten baloi bakar bat eman hamar minutuetan, eta Mavroeidisek eta Hervellek oso lan ona egin zuten saskipean Nancyko Akingbala pibot garaia aulkian zegoela baliatuz. 21-25, 28-31 eta 35-38 aurreratu ziren beltzezkoak, apur bat estutuz gero partida hausteko moduan zeudela sinetsita. Ez zuten asmatu, ordea, eta Amagouren hirukoak parekotasuna utzi zuen atsedenaldian: 38-38.
Hirugarren laurdena ere oso parekatua izan zen. 43-38 aurreratu zen Nancy hasi eta gutxira, eta sei puntuko aldea ere ireki zuen Linehan txikiak korrika egiteko aukera ikusita: 52-46. Banicek bakarrik erakutsi zuen odolhustea eteteko modua, eta Frantziako taldean Batum erantzukizuna hartzen hasia zen. Bizkaitarren zoritxarrerako.
Batum, geldiezin
Saiakera guztiak antzuak izan ziren. Mumbru, Grimau, laguntza bikoitzak... Geldiezin aritu zen Batum, eta Bilbo Basket zigortu zuen. 17 puntu saskiratu zituen azken laurdenean, tartean hiru puntuko hiru jokaldi. Akingbala eta Moerman taldekideei ere asistentzia bikainak eman zizkien eta amorrua eragin zuen Katsikarisengan. Halere, puntu bakarrera egon zen Bilbo Basket lau minutu falta zirela: 72-71. 15-0eko partziala etorri zen ondoren, eta agian, merezi gabeko zigor handia. 26 puntuk, 7 errebotek eta 8 asistentziak dute bukaera mingotsaren arrazoia. Izar baten opariak.
Saskibaloia. Euroligako A multzoa: SLUC Nancy 87. Bilbo Basket 73
Izar baten opariak
Bilbo Basketek 20 baloi eman ditu eta 13 errebote galdu defentsan; trakets aritu dira Batumen defentsan: 36 puntuko balorazioa15-0ko partziala jaso du hondarrean euskal taldeak, eta emaitza txarra ekarri etxera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu