Inoiz baino izar gehiago bildu zen Los Angelesko Staples Center distiratsuan, baina NBAko Izarren Partidak ez zuen izar berririk sortu, eta izar-multzoa zegoen bezala geratu zen, izar kopuru berberarekin. Aurreikusitakoa bete zen hasieratik bukaerara, eta Kaliforniako hiri populatuenetako talde bitan jokatzen duten izarrek bereganatu zuten fokuen arreta guztia, Hollywoodeko izarrak bailiran: Kobe Bryant eta Blake Griffin, Blake Griffin eta Kobe Bryant, Los Angeles Lakers eta Los Angeles Clipperseko izarrak, hurrenez hurren. Bryantek bere kirol ibilbideko jokalari onenaren laugarren saria lortu zuen All Star batean. Griffinek sari lasterketa luze bateko lehena bereganatu zuen, txikitzeen lehiaketa irabazita.
Bryant bera, Lebron James eta Derrick Rose ziren MVP-a lortzeko hautagai sendoenak, baina Bryantena zen azken hitza. Lakerseko izarrak erakutsi du, dagoeneko, erakutsi beharreko guztia, eta All Star-eko 60. ekitaldia oharkabean pasatu zitekeen berarentzat. Hitzordua, ordea, Los Angelesen zen, bere hirian, eta Bryantek aukera baliatzea erabaki zuen. Egurrean hasi zen, berekoi ere bai tarteka, eta 34 puntu sartu zituen lehen hiru laurdenetan. Ordurako 17 puntuko aldea zeukan Mendebaldeko taldeak, eta borrokatu beharrekoa, borrokatuta.
LeBron Jamesek bere protagonismo kuota bereganatzea erabaki zuen arte. Miamiko izarrak hirukoitz-bikoitz bat egin zuen (29 puntu, 12 errebote eta 10 asistentzia), eta Mendebaldeko selekzioko jokalariak azken ahalegina egitera behartu zituen. Kevin Durantek eta Pau Gasolek hartu zuten aginte-makila, eta saskiratze erabakigarriak lortu zituzten, eta garaipena 148-143 lotu zuten. Bryantek eskura izan zuen All Star bateko puntu marka. Wilt Chamberlainen 42 puntuak, baina bost puntura geratu zen, azken laurdenean hiru bakarrik lortuta.
Merezi gabeko saria
Bryantek igandean, eta Griffinek larunbatean. Dena zegoen prest Clipperseko rookie-ak txikitzeen lehiaketa irabazteko, eta hala gertatu zen. Baina Griffin bera baino hobeto aritu zen Washington Wizardesko Javale McGee hegalekoa. Txikitze hobeak egin zituen, zailagoak, estetikoki ikusgarriagoak, eta orain arte ikusi gabeak. Baina McGeek ez dauka Griffinek daukan oihartzun mediatikoa, eta oihartzun horrek eman zion txapela Oklahoman jaiotako morroskoari. Griffinek eta Baron Davis taldekideak auto bat kokatu zuten saskipean, eta Griffinek hegaldi dotorea egin zuen auto gainetik, Davisek baloia auto barrutik eman ondoren. Teknikoki zailtasun handirik gabeko txikitzea izan zen, baina oso estetikoa, eta Griffinek merezi gabe jaso zuen garailearen trofeoa.
Izar berak izar-multzoan
Los Angelesko Izarren Partidak Kobe Bryanten laugarren MVP-a eta Blake Griffinen lehen saria utzi ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu