Kirola. Gaztetxoen begiraleen lana

Izar bilatzaileak

Ikertzaile, igarle eta teknikarien arteko hibridoak gero eta ohikoagoak dira kirolean. Astebururo, kilometro andana egiten dute umeak ikuskatzeko: begiraleak dira.

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Harmailetan eseri da libretatxoa eskuetan duela. Ez du seme alabarik zelaian, ez kantxan, ezta pistan ere, baina adi-adi begiratzen du umeen partida. Aztertu egiten du, eta izartxoak aletu. Boligrafoak bisturia dirudi. Nobela beltzeko pertsonaien antza du, detektibe klasiko horietako batena. «Ez pentsa, badu halako zerbait. Lehen, epaileei akta eskatzen genien ume bakoitzaren izena eta jaioturtea jakiteko, baina orain ezin da halakorik egin. Informazioa lortzeko bideetako bat harmailetatik paseotxo bat ematea da, umearen aita edo ama zein den jakiteko». Patxi Illarramendik eman du azalpena. Lasartearrak 23 urte daramatza Realeko begirale gisa, Euskal Herriko zelaietan gora eta behera. Haurren mailakoak zelatatzen ditu, 11-12 urtekoak, bost edo sei partida astebururo, eta Gipuzkoan jokatzen diren partida guztien zerrenda tolestuta darama galtzen atzeko patrikan. «Jendeak ezagutzen nau dagoeneko, eta horrek gauzak errazten ditu. Askotan, gurasoak nire alboan esertzen dira disimuluan, eta ozen hitz egiten hasten dira: 'Bada, bai, 6 zenbakiduna nire semea da. Bai, joan den astean hiru gol sartu zituena!'. Komikoa da».

Profesionalizazioak are garrantzitsuago bihurtu du gazte talentudunak aurkitzeko lana, eta ia kirol guztietan daude ikuskatzaileak. Baita pilotan ere. Horretan jarduten da Jose Antonio Xalton Zabala, duela hiru urtez geroztik, Asperentzat. «Ona dena begietatik sartzen da: koordinazioa, pilotari ematen dion abiadura… Baina zaila da irtetea, oso.14 urteko marrazki biziduneko pilotariak ikusi izan ditut hor gelditu direnak, baina gero eboluzioa behar da: burua, gorputza, zortea bizitzan». Zabala Amezketako Zazpi Iturri taldeko ordezkaria da, «pilotako militantea», eta denetarik egin du gazte eta afizionatu mailako pilota munduan. Asperi laguntzen dio, baina ez du bere burua enpresaren egituran jartzen. «Nik nire elkartea dut, Amezketakoa. Igandean, Astelenara noanean, sarrera ordaindu egiten dut».

Aritz Arberasek gazte zailduagoak ditu buruan, 16-17 urtekoak. «Txirrindularitzan, errendimendua da gakoa, eta geroago ikusten da zein den ona». Txirrindulari ohiak Euskadi Fundazioan lan egiten du, eta Orbea taldeko zuzendaria da, Euskaltelen atarikoa. «Txirrindulari bat ona izango dela ziur dakiela esaten duena gezurretan ari da. Onek ez dute ilunpetan distira egiten. Oso onak egon badaude, baina hau piramide bat da, eta bidean jendea eroriz doa, eta azkenean bat iristen da, edo inor ez». Arberas lege zaharrekoa da, bideoak-eta baditu, baina berak nahiago gazteen lasterketak bertatik bertara ikustea.

Hego Amerikan harrapatu du BERRIAren deiak Juan Pedro Cazorla, «ezin dizut esan non». Espioia dirudi operazio berezi batean. Beste hiru begiraleekin alderatuta, Caja Laboral Baskoniakoak eremu geografiko handiagoa zaindu behar du; «mundua da merkatua», eta uda eta opor guztiak hegazkinetan sartuta pasatzen ditu. «Hegaldi asko dira, ez dakit zenbat urtean. Udan, txapelketak: kadeteak, jubenilak, 20 urtez azpikoak, 18 urtez azpikoak, Europakoak, Amerikakoak… Eta, baten bat interesatzen bazaizu, hura gertutik ikustera joan. Cotonou akordioarekin [Afrika eta Karibeko langileek Europar Batasunean oztoporik gabe lan egin ahal izateko akordioa], gainera, eremua ikaragarri handitu da: Afrika, Karibea…». Baskoniak, gainera, ez du harrobirik, ale bakan batzuk aukeratzen ditu bakarrik. «Beraz, ezin duzu huts egin».

Talentua bilatzen dute, urre gorria. Baina zer da, zehazki? «Ezin da deskribatu; ikusi egiten da. Gauza desberdinak egiten dituzte, euren adinerako arruntak ez direnak», deskribapen saioa Cazorlarena da. «Zaila da asmatzea», gehitu du Illarramendik; «esperientziak erakusten dizu aztertzen zein joko mota duten. Kontrol bat, bi hankak nola erabiltzen dituen... Baloirik gabe ere jokatzen badakiela ikustea garrantzitsua da, hutsik dauden tarteak betez. 11 urterekin futbolari sena izan daiteke». Arberasek, esaterako, ezaugarri bat lehenetsi du. «Xehetasun garrantzitsua bat da txirrindulari bat beti lasterketako aurrealdean dagoela. Galdu edo irabazi, baina beti aurrean: ihesaldietan, tropelaren buruan… Eta gauzak zail jartzen direnean, erreakzionatzen jakitea».

Ahalmen fisikoaren bila

Hautatzeko beste aldagai bat giharreria da, ahal fisikoa, eta gero eta garrantzitsuagoa da. Hor, baina,irizpide desberdinak dituzte. «Joera hau da: egungo txirrindularionenak luzeak dira, pisu jakin batekoak. Nolabait, Euskal Herriak historikoki eman ez dituenak. Joera hori da, baina txikia, arina eta ona bada, ez dugu baztertzen». Futbolean, hanka indartsuak lehenesten dituzte. «Altuera bainoago, hanka sendoak. Baina ezin zara itsutu; adin horietan aldaketa fisikoa sei hilabeteko kontua izan daiteke. Gainera, guk 20 urterekin futbolari onak izatea nahi dugu, ez hamabirekin».

Zabalak ere uste du fisikoarekin ezin dela itsutu. «Fisikoak lagundu behar dizu, noski: indarra, ahala… Baina baita bizitzak ere, eta zorteak… Nik ikusi izan ditut 9 urteko pilotariak fenomeno batzuk direnak, baina horiek bihotza erreboluzionatuta dute, eta motz gelditzen dira». Bera, gainera, ez da bereziki gimnasio zalea. «Pilotariak pilotalekuan egin behar du, eta han zaildu. Pilotariak dira, ez harri-jasotzaileak». Ulertzen erraza denez, Cazorlak bai, sakontzen du fisikoaren garrantzia: zentimetro kontua da. «Talentua badu, fisikoa landu daiteke, baina beti daude mugak. Altua bada, erakuts dakioke. Saskibaloia gero eta fisikoagoa da, eta, kirolari berriak hautatzerakoan, gero eta garrantzitsuagoa. Baina tira, oraindik ere burua da jokalari onen eta oso onen arteko aldea».

Lehiakortasun handia

Lehia ez da nagusien kontua bakarrik. Harribitxien ehizan ere sumatzen dute, eta ia edozerk balio du. «Aspe eta Asegarceren artekoa izugarria da», nabarmendu du Zabalak. «Umeei aurre-kontratua sinatzen zaie, esklusibitatea bermatzeko. Hala, beste enpresak eskaintza bat egiten badio, kontraeskaintza egin dakioke. Beste batzuek ez dute sinatzen eta bietara ibiltzen dira. Hala beharko luke, aberasgarriagoa litzateke». Saskibaloian ere oso zaila da ale onak lotzea. «Talde guztietako begiraleak gaude toki guztietan, eta elkar ezagutzen dugu. Etxetik kanpo ibilita, konpainia eta guzti egiten diogu elkarri». Realean, berriz, inguruko taldeak dira konpetentzia. «Gipuzkoako umeak, normalean, Realera datoz, hor lehia txikiagoa da. Gu Euskal Herri osoan eta Errioxan gabiltza. Bizkaian gutxi sartzen gara. Gehiago sartzen da Athletic Gipuzkoan».

Begiralearen lana apustu egitea da, azken finean. Gaztetxoa hautatu, fedea jarri eta noizbait goiko taldea edo enpresa hornitu dezala. Galbahe gero eta handiagoa, asmatzeko aukera handituz doa. Benetako erronka ale bakan batzuk bakarrik aukeratzen direnean dator. Cazorlaren kasua da. «Asmatu egin behar duzu, eta kito. Gutxi ekartzen ditugu eta horiek gora egin behar dute. Guk ez ditugu ehunka gazte behe mailetan, guk gutxi aukeratzen ditugu eta inbertsio handia egiten dugu eurengan». Pilotan, buruhaustea, antzekoa da. «Nik Iñaxio Errandonearekin dut harremana eta hura da nire kritiko handiena. 'Batek edo besteak asko jokatzen du' esaten dit, 'hura ikustera joan behar dugu'... 15-16 urteko belaunaldi oso ona dator. Ni orain pozik nago ditudan pilotariekin, oso serioak dira».

Realean lehen hautaketa zabalagoa. Infantil mailan 40 ume elkartu ditzakete probak egiteko, eta orduan hasten da entresaka. Taldeak hainbat begirale ditu, eta zaila da halako multzoan onenak ez hartzea. «Maratoia hasten da orduan, oso litekeena delako handik bi edo hiru urtera ezin jarraitzea. Estatistikak dioenez, Zubietan sartzen diren 100 umetatik hiru baino ez dira gora iristen». Orbean ere lehen hautaketa nahiko zabala da, gero datoz lanak. «100 txirrindulari inguru kontrolatzen ditugu, Euskal Herrian jokatzen diren lasterketetan. Hortik, gazte talentudunei, hamar bati, beka eta laguntza teknikoa eskaintzen zaie. Orduan hasten da erronka, ahalaz gain diziplina handia behar delako».

Ume orok du ingurunea, eta hor ageri dira gurasoak eta, kasu batzuetan, ordezkariak. Ikuskatzaileek diote haiekin tratuan jardutea ez dela pentsa daitekeen bezain zaila. «Askok uste dute Realak deitu dituelako semeak lanetik aterako dituela», azaldu du Illarramendik. «Umeak iristen direnean, bilera bat egiten da gurasoekin, eta dena azaltzen zaie. Ordezkariak? Horiek berez iristen dira. Realeko gazte mailako taldeak jokatzen duenean, Zubietako harmailak ordezkariz lepo egoten dira». Saskibaloian ere antzeko kasuak daude. «Badaude txoriburuak, semea izarra izango dela uste dutenak, eta gero min hartzen badu, mundua amiltzen zaie».

Zentzua eta patxada da gurasoei bidaltzen dieten mezua, bidea oso luzea delako, eta hautatua izatea, lehen pausoa baino ez. «Astean hiru egunez entrenatzen ez dena kostata irtengo da pilotari. Bi eginda eutsi egingo dio, eta batekin, beheraka. Dedikazioa da gakoa». Alde horretatik, Zabalaren ustez pilota hankamotz dago. «Urte asko galdu ditugu: enpresak elkarren aurka, federazioa... Errioxan askoz hobeto ari dira, teknifikazio zentroa dute, eta astebururo pilotariak han daude. Handik hotelera, eta igandean, berriz etxera. Athleticek, esaterako, harrobian duen azpiegitura pentsaezina da pilotan». Txirrindularitzan diziplinaren mezua areagotu egiten da. «Urtean 700 ordutik gora entrenatu gabe, txirrindulari bat ez dabil, dohain ikusgarrikoa izanda ere», argi du Arberasek. «Burua garrantzitsua da, eta elkarrizketa bat egiten zaie. Serioak diren ikustea da kontua. Bide gogorra da, eta asko dira egokitzen ez direnak».

Etorkizunerako izenak

Begiraleak bere apustua egin eta urteetara jakiten du asmatu duen ala ez. Denak bat datoz eurek hautaturiko kirolari bat goi mailan lehiatzean sentitzen duten poza. «'Zerbait ondo egingo genuen, bada', pentsatzen dut», esan du, umoreko, Zabalak. «Poz handia da. Baina baita gora iritsi ez den batek kalean agurtu eta zurekin gustura entrenatu zela esaten dizunean ere», gehitu du Illarramendik. Arberasek, baina, beste aldea nabarmendu du. «Pentsatzen jarrita, gehiago dira eurengan ilusio mordoa jarri eta kale egiten dutenak. Batez ere heldutasun kontu bategatik».

Kale eginikoak izendatu ditu txirrindulari ohiak. Denek dituzte oroitzapenean huts eginiko apustuak edota gerora on izan ziren eta hautatu ez zituzten kirolariak. Zabalak, «Albisu eta Arratibel», baina ez Asperako, «ez, ez, kluberako. Biak ataundarrak izanda...». Illarramendi pixka bat estutu behar izan da izen bat eman dezan. «Ez dakit... Iraola agian. Tira Bilbora ere jubeniletan joan zen, berandu. Agian ez genuen merezi zuen arretarik jarri». Cazorlak oso gutxi izan ditu. «Kasu bat egon zen... Haren atzetik zoroen pare ibili nintzen, baina ez nuen itxi, eta azkenean ez da irten. Min ematen du jokalari on batek ihes egiten dizunean». Izenik eman gabe, Dario Saric dela dirudi.

Apustu egiteko eskatu behar zaie begiraleei. Igarle lanetan jarri, eta etorkizuneko izenak emateko. Hori ere ez zaie gustatu, baina pixka bat behartuta, ausartu dira. Cazorlak, bere lehen hautu izan zirenak: «Devon Van Oostrum, Mamadou Diop... Horiekin ari gara». Arberas tentu handiagoz ibili da. «Ez nuke izenik eman nahi, txirrindulari askok presio sozial hori nabaritzen dutelako inguruan. Baina tira, Orbean talentu handidunak daude: Carlos Barbero, Mikel Bizkarra...». Zabalak, berriz, Altuna aurrelari amezketar gaztea nabarmendu du. Azkenik, Illarramendik, talde bat. «Realeko gazteak, Ohorezko Mailakoak, 1995an jaiotakoak. Jokalari onak daude; bat edo bi baino gehiago, lehen taldera iristeko modukoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.