Izar gisa etorriko da

Ander Herrera Athleticeko jokalaria izango da hurrengo bost denboraldietan, baina ekainera arte Zaragozan ariko da, utzitaBilboko klubak zortzi milioi euro inguru ordaindu beharko ditu, bi zatitan banatuta

Erredakzioa
Bilbo
2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Nahi zuten, behar zuten, eta lortu dute. Ander Herrerak Athleticen jokatuko du hurrengo bost denboraldietan; hori bai, erdilaria Zaragozan ariko da ekainera arte, 2010-2011 sasoia amaitu arte. Begiratu batera, ez da fitxaketa merkea, Bilboko klubak zortzi milioi euro inguru ordaindu beharko dizkiolako Zaragozari. Lau milioi euro ordainduko dizkio orain, eta beste lau milioi euro denboraldi amaieran. Jokatutako partiden, taldeak ligako sailkapenean lortutako postuaren eta beste hainbat lorpenen arabera, gainera, hiru milioi euro gehiago ordaindu beharko dituzte zuri-gorriek. Baina nahi zuten, behar zuten, eta bilbotarrak horregatik aritu dira azken bizpahiru denboraldietan Zaragoza aldean amua bota eta bota. 40 milioi euroko etete klausula jarriko dio Athleticek erdilariari. Izar gisa iritsiko da Herrera Bilbora.

Jaiotzez bilbotarra da Herrera, eta horrek eragina izan du Athleticek fitxatzeko garaian. Izan ere, Zaragozak Vila-realen eskaintza ere bazeukan mahai gainean. Orain Txapeldunen Ligako postuetan dago Vila-real, eta ezaugarri horixe erabili nahi izan du, Athleticen eskaintza berdindu eta jokalaria fitxatzeko. Baina jokalariak berak sarritan esan izan du Athletic dela bere «bigarren taldea». Itxuraz, erdilariaren iritziak ere eragin nabarmena izan du azkenean. Aitaren lan kontuak tarteko —Pedro Herrera du aita, Zaragozako idazkari teknikoa—, umetan joan zen Bilbotik Zaragoza aldera, eta klubeko beheko taldeetan hazi da futbolari gisa. Fernando Garcia Makua Athleticeko presidentea herenegun iluntzean bildu zen Agapito Iglesias Zaragozako presidentearekin, eta bertan itxi zuten fitxaketa. Espainiarrek 107 milioi euroko zorra daukate une honetan, eta uzta goxoa da Athleticek orain emango dion lau milioi euroko kopurua.

Behin Zaragozara joanda, 2005-2006 denboraldian eman zuen Herrerak kadete mailatik gazte mailarako jauzia; 2008-2009 denboraldian egin zuen debuta Hirugarren Mailan, Zaragoza B-rekin, eta ohartzerako eman zuen lehen talderako pausoa, 2009ko otsailaren 1ean, atzo justu bi urte. Bigarren Mailako debuta izan zen hura, Zaragoza zilarrezko mailan zegoelako 2008-2009 denboraldian. Hiriko taldearekin maila gorenera igo, eta 2009ko abuztuaren 29an egin zuen debuta Lehen Mailan, Teneriferen aurka; 1-0 irabazi zuten.

Baina Herrerak ez zuen eduki uda lasai-lasaia. 2008-2009 denboraldian, neguko merkatuan, elastiko zuri-gorria janzteko zorian egon zen bilbotarra. Jokalariak berak onartu zuen Athleticen eskaintza, baina Bilboko kluba ez zegoen prest etete klausula osorik ordaintzeko. Lau milioi eurokoa zen orduan Herreraren etete klausula. Neguan ezin, eta hurrengo udan ere ezin fitxatu izanaren penetan geratu ziren bilbotarrak. Athleticek eskaintza egin zion Zaragozari, baina jokalariak lau urterako berritu zuen kontratua espainiarrekin.

Taldeek ez dute baieztatu

Baina Athleticek nahi zuen jokalaria, behar zuen, eta azkenean askatu da korapiloa. Uztailean iritsiko da Herrera Bilbora, baina ez Athleticek eta ez Zaragozak oraindik ez dute fitxaketa baieztatu —litekeena da denboraldia amaitu arte fitxaketaren berririk ez izatea—. Eta jokalariak berak ere atzo ez zuen behar baino gehiago hitz egin nahi izan. «Klubek akordioa lortu dute, baina denboraldia amaitu arte, mailari eutsi arte, nik Zaragozan edukiko dut burua. Denboraldi bukaeran ikusiko dugu». Komunikabideen interesa eskertu zuen jokalariak. «Baina hemen asko daukat jokoan, eta burua ezin dut eduki beste kontuetan. Dena argitzen denean badakizue ez dudala arazorik edukiko hitz egiteko».

Ligako lehen itzulian sailkapeneko zulo-zuloan egon ondoren, Zaragoza 15. postuan dago gaur egun, 22 punturekin. Lau puntura dauzka jaitsiera postuak—Levantek 18 puntu dauzka—. Hogei gol sartu dituzte espainiarrek, eta 33 jaso. Hori bai, azken bost partidetatik lau irabazi egin dituzte. Espanyolen aurka soilik huts egin zuten, orain hilabete(4-0).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.