Izarrak berriz ere jaio nahi du

Iazko manomanistako ustekabekoa izan ondoren, Idoatek gaur ekingo dio aurtengoari, Olaizola I.aren aurka

Olaizola I.a, iragan asteazkeneko pilota aukeraketan; atzean Idoate ageri da, erreboteko paretan. L. F. ARROIABE / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Mikel Idoatek gaur ekingo dio buruz buruko txapelketari, Iruñeko Labrit pilotalekuan (17:30, Nitro). Faboritoa izango da Asier Olaizolaren aurkako final-laurdenetako kanporaketan. Apustuzaleek ez dute ahaztu Txantreakoak iaz eginiko txapelketa bikaina, eta, besteak beste, gaurko aurkariari 22-8 irabazi ziola. Irabazleak Martinez de Irujo edo Xalaren aurka jokatuko du finalerdietan.

Iazko buruz buruko txapelketan izar bat jaio zela zirudien, eta finalerdietara ezustean iristeak Idoateri partida handien ateak irekiko zizkiola. 22 urteko izar gazte bat jaio zen. Ez zen hala izan, baina eta aurrelariak ez dio errentagarritasunik atera balentriari. Udan Asegarcera joateko aukera izan zuen, Aspek ateak ireki zizkion, baina ez zuen onartu, eta gerokoak ilunak izan dira.

Udan Nafarroako lau t'erdikoa izan zen jokatu zuen torneo bakarra. Estelarretan ez du toki handirik izan, eta jokaturikoak irabaztea kostatu zaio. Lau t'erdiko txapelketan lehen partidan kanporatu zuten, eta binakakotan ez zuen parte hartu. Hori gutxi ez, Gonzalezek, Aritz Lasak eta Retegi Bik aukera hobeak jasotzen zituztela ikusi zuen.

Izar gazteak gaur du berriz jaiotzen hasteko aukera. Berriz ere manomanistan. Iaz. aise irabazi zion Olaizola I.ari; aurten, baina,egoera desberdina da. Olaizolak bigarren partida du, iragan astean Lasari 22-9 irabazi ondoren. Idoaterentzat, berriz, aurrenekoa da.

Xala-Irujo, bihar zortzi

Hurrengo egunetan aldaketarik egon ezean, Aspek Irujo eta Xalaren arteko partida hurrengo igandean, hilak 27, antolatzeko asmoari eusten dio, Bilbon. Olaizola II.ak eta Retegi Bik bezperan jokatuko dute, Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.