Saskibaloia. ACB ligako finalerdiak

Izarrak ziren; inor ez dira

Baskonia ikaragarri ordaintzen ari da aulkiko jokalarien laguntza eskasa. Batista eta Loganen kasuak dira deigarrienak. Trakets ari dira biak.

Andoni Urbistondo.
2011ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Talde lanak ematen eta kentzen du arrakasta. Ez da nahikoa bizpahiru jokalari on edukitzea. Gauza jakina da hori. Baita horiei aulkiko jokalari onek lagundu behar dietela ere; alegia, bigarren unitatea ona edukitzea derrigorrezkoa dela. Baskoniak ez dauka, eta hor hasten dira komeriak. Bartzelonak bai baitauka, eta oso ona. Izen pare bat, haien garrantzia ulertzeko: Victor Sada eta Jaka Lakovic.

Sadak aulkian hasi zuen denboraldia, eta hasierako bostekoan kantxaratzen du orain Xavi Pascual entrenatzaileak, defentsa lanean jokalari aparta delako, eta Ricky Rubio joko krisi sakon batean dabilelako. Lakovicek ez zuen minutu bakar batez jokatu Baskoniaren aurkako lehen norgehiagokan. Bigarrenean, 21 minutuz jokatu zuen, eta 11 puntu saskiratu; 11 puntu erabakigarri, balantza makurtu baitzuen bere taldearen alde. Hainbesterako, aulkian utzi zuen Juan Carlos Navarro izarra.

Baskoniak jokalari onak ditu aulkian, edo onak zirenak, taldeak fitxatu zituenean. Pau Ribas, David Logan, Esteban Batista...: izen handiko jokalariak dira, baina izenetik izanera koska handia dago. Pau Ribas nahiko txukun ari da, baina David Logan eta Esteban Batista, oso baldar. Loganen gainbehera agerikoa izan da azken bi hilabeteetan; Ivanovicek hasierako bostekoan kantxaratzen zuen Chicagoko eskolta Kopa jokatu arte, baina gero Olesonek kendu zion postua, eta, gaur egun, Loganek kantxan dozena erdi minutu ematen ditu kantxan, batez beste.

Bakarren batek esango du: normala zenbaki onik ez egitea, hain minutu gutxi jokatuta. Loganek, ordea, aukera anitz izan ditu bere zenbakiak txukuntzeko, eta ez du baliatu aukera, salbuespenak salbuespen. Erasoan jokalari arriskutsua da bolada ona hartzen baldin badu, baina defentsan jarrera epela du, eta hori barkaezina da Ivanovicentzat. Orain dela bi hilabete, Logan beste talde bati salduko ziotela zabaldu zen Gasteizen; Italiako talderen bati, hain zuzen ere. Zurrumurrua horretan geratu zen.

Batista: onura ez baizik zama

Okerragoa da Esteban Batistaren jarduna, pibota delako, eta taldeak saskipean zeukan gabezia estaltzeko zeregin garrantzitsua betetzeko fitxatu zutelako. Sekulako ilusioa piztu zuen Uruguaiko morroskoaren etorrerak Gasteizen, urtarrilean ACB ligako jokalaririk onenaren sailkapeneko burua zelako. Barac eta Pape Sowek osatutako bikoa osatzera zetorren Batista, indarra, kemena eta kalitatea herren geratu zen saskiperako.

Hasierako egokitze prozesua pasatu zen; aste batzuk, talde apal batetik talde handi batera ohitzeko. Aldaketa ez baitzen nolanahikoa izan: Fuenlabradatik Gasteizera. Lantzean behin partida txukunak egiten hasi zen Batista, eta Buesa Arenako zaleek uruguayo oihukatzen zioten. Baina itxura hutsa zen. Batistak ez du eman harengandik espero zen neurririk, eta gaur egun Baskoniako zuzendaritzaeztabaidatzen ari da hurrengo sasoian harekin jarraitu edo ez.

Batistak 18 puntu eta bederatzi errebote lortzen zituen Fuenlabradan, batez beste. Baskonian, sei puntu eta lau errebote, 16 minututan. Gainbehera esanguratsua da. Kanporaketetako zenbakiei erreparatuz gero, are txarragoak dira Batistaren zenbakiak. Azken laurdenetako bi partidatan hiru puntu, hiru errebote eta hiru puntuko balorazioa izan zuen batez beste. Bartzelonaren aurka ere, antzera. Atentzioa ematen du finalerdietako bi partidetan ez duela errebote bakar bat bereganatu, 20 minutuz jokatu arren.

Gaur lan ona egingo dute agian Loganek eta Batistak, baina balantze orokorra txarra izango da. Izarrak zirela etorri baitziren, eta inor ez direla bukatu sasoia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.