TXIRRINDULARITZA. FRANTZIAKO TOURRA

Izena bai, fina eta polita...

Andoni Urbistondo.
2005eko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Quebrantahuesos klasikoa egin duen zikloturista orok badu beldur bat, preokupazio bat, beste ezeren gainetik: Marie-Blanque mendatea. Klasiko zikloturistak 206 kilometro dituela? Bost axola. Sekulako beroa egingo duela. Bost axola. Portaletek 32 kilometroko igoera duela? Bost axola. Marie-Blanquek izua eragiten du, sekulako errespetua eta asko dira aldapa hura ezagutzera, ikuskatzera joaten direnak, ekaineko hirugarren larunbatean sufrituko dutena jakin asmoz.

Izen polita baitu Mari-Blanquek, polita bezain fina, erakargarria, oihan itxiak ezkutatzen duen errepidean, infernuan sartzeko gonbita egiten dio hara hurbiltzen denari. Behin sartuta, ahalik eta zailtasun gehien jartzen dizkio bisitariari, bere eremutik ihes egin ez dezan. Nola? errepidea ertzeko zuhaiztia bezain tentea jarriz bizikletan doan gizajoarentzat.Zikloturistek eta profesionalek iritzi zeharo ezberdinak dituzte mendate bati buruz, batzuek eta besteek oso erritmo ezberdinean igotzen dituztelako aldapak. Sufrimendua, ondorioz, ezberdina da, baina bien iritzia antzekoa. Marie-Blanqueri gorrotoa diote zikloturistek, baina txirrindulari profesionalen artean ere ez du estimu handi-handirik. Bilatzen jarrita, igotzaile petoren batek maiteko du Marie-Blanque...Marie-Blanque Pirinio Garaietako mendatetzar ezagunetatik urruti dago. Bailaratik mendikaterantz joanez gero, 1.500-1.700 metroko muinoen azpian egiten du bidea Marie-Blanquek, eta horregatik da apala garaieran: 1.035 metro. Garaieran txikia, pendizari dagokionez ikaragarria!Marie-Blanque ez dute sarri-sarri igotzen, eta are gutxiago, gaur bezala, alde gogorrenetik. Mendate osoko zenbakiak ez dira deigarriak: Bederatzi kilometro eta %7.6ko desnibela. Escot herritik abiatu eta lehen bost kilometroetan aldapa %4,2koa da, etzan-etzana. Hori entzun ondorengo galdera jakina da eta erantzuna ere bai. Beste laurak? %11,6ko batez bestekoa. Azken lau kilometroetako desnibela, hauxe, bata bestearen atzetik: %10.9, %11.6, %12 eta %12.1. Polita... Jakina, batez besteko hori edukitzeko, pendiz pikoagoak ere badaude, %16ko maldak, esaterako.

Piriniorik ez zegoen urte hartako oroitzapenak

13 urte atzera eginez gero, Tourra Donostiatik abiatu zela gogoratuko gara. Eta Donostiatik, Euskal Herritik abiatu zelako, Piriniorik ezin zela igo esan zen, mendi handi-handiak lehen etapetan jartzea astakeria zelakoan. Ez ziren den-denak halakoak esan zituztenak, ziur aski Marie-Blanque mendatearen berri bazutelako.

Ez zekitenek sobera ezagutu zuten Marie-Blanque. Donostiatik abiatu, Euskal Herrian Izpegi eta Oskitx mendateak igo eta Marie-Blanque igo zuen tropelak. Etapak Pauen zuen bukaera, 200 kilometrotik gora egin ondoren. Abiatu eta berehala egin zuten hanka Murgialdai aguraindarrak eta Rezze eta Virenque frantziarrek. Murgialdairentzat izan zen etapa garaipena eta tropelean, Marie-Blanquen, onenen tropela lau lagunera xehetu zen: Indurain, Chiapucci, Bugno eta Charly Mottet. 16 segundoko aldeari eutsi zioten helmugaraino zeuden 40 kilometroetan.

Gaurko bukaera orain 13 urtekoa baino gogorragoa da. Marie-Blanque jaitsi eta sona handia duen Aubisque igoko dute. Handik helmugara 70 kilometro luze daude, baina erne. Marie-Blanquek ez du gupidarik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.