Izenak ez du errentarik ematen

Alemania eta Turkia Europako Saskibaloi Txapelketako final-laurdenetatik at geratu dira, eta Serbiak ere gorriak ikusi dituMazedoniak eman du ustekabekoa, eta Lituaniaren aurka jokatuko du gaur

Andoni Urbistondo.
2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Lanak, talde izaerak eta gauzak txukun eta artez egiteko grinak ekartzen du arrakasta. Lituanian, Europako Saskibaloi Txapelketan aritu diren zenbait selekziok ez dute hori barneratu, ordea, eta garesti ordaindu dute. Turkia eta Alemaniaren kasuak dira aipagarrienak. Munduko txapeldunordea izan zen urtebete atzera Turkia, eta gaur, Europako zortzi onenen multzotik at dago, eta, okerrena, 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan lehiatzeko batere aukerarik gabe.

Nolatan halako aldaketa? Iaz Turkian jokatu zen Munduko Txapelketa, eta turkiarrak motibazioz beteta aritu ziren. Itxuraz, Londresko jokoek ez dute motibazio bera eragin, eta etxean daude. Egiari zor, Turkiak ez du final-laurdenetan sartzeko meriturik egin. Bere jokoa traketsa izan da. Sistema nagusia joko antolatzaileek baloiari boteak eman eta segundo gutxiren faltan baloia Hedo Turkoglu eta Ersan Ilyasova izarrei ematea zen, haiek jokaldia gauza zezaten. Turkoglu eta Ilyasova jokalari onak dira, baina Lituanian ez dira batere fin ibili, eta amildegira eraman dute euren selekzioa.

Bestelakoa izan da Alemaniaren kasua. Chris Kamanek eta Dirk Nowitzkik puntu eta errebote asko ziurtatzen dituzte, baina Alemania hankamotz ibili da bi izarrak laguntzeko orduan. Nowitzki bera ere ez da ohi bezain ondo ibili, eta litekeena da azken partida jokatu izana bere selekzioarekin. Dirk Bauermann hautatzaileak dimisioa eman du, zortzi onenen artean sailkatu ez izana porrot handia izan dela esan ostean, baina Heiko Schaffarzik, Robin Benzing, Jan-Hendrik Jagla, Steffen Hamann eta antzeko jokalari ezezagunekin ezin esan Alemaniak kale egin duela.

Serbiak ere gorriak ikusi ditu sailkatzeko. Jokalari ezagunak ditu, baina defentsan sufritzeko gogo gutxi erakutsi du, eta jarrera hori zuzentzen ez badu, jai dauka. Serbiak Errusiaren aurka jokatuko du bihar. Errusia da, hain zuzen ere, galdu ez duen selekzio bakarra. Sei jokatu eta seiak irabazi ditu, baina horrek ez du esan nahi urrea leporatzeko hautagai sendoa denik. Gorabeheratsu aritu da, orain ondo, orain gaizki. Mazedoniaren aurka jokatu zuen partida izan zen bigarren faseko azkena, herenegun gauean, eta Sergei Moniak azkeneko segundoan zorte handiarekin sartutako hiruko jaurtiketari esker lortu zuen garaipena: 63-61. Andrei Kirilenko galdu samar dabil, eta Timofei Mozgov, gurina baino bigunago saskipean. Larri ibiliko da dominen jokoan sartzeko.

Mazedonia ere ez da egongo podiumeko jokoan, normalean, baina eginbeharrekoa egin du jada. Inork ez zuen sosik ematen haren alde, eta final-laurdenetan dago batere presiorik gabe. Mazedoniak gauza gutxi du jokalariei erreparatuz gero. Bo McCalebb joko antolatzaile estatubatuarrak hartzen du ardura une erabakigarrietan, eta asmatzen ari da, Europako gidari onenetakoa dela berretsiz. Vlado Ilievski eta Pero Antic dira beste jokalari ezagunenak, eta, hortik aurrera, kemena eta grina.

Espainia eta Frantzia finalean?

Mazedonia etxeko selekzioaren aurka saiatuko da finalerdian sartzen. Bien jokoa arrunt ezberdina da. 80-85 puntu sartzen ari da batez beste Lituania, eta joko azkarra da bere oinarria. Mantas Kalnietis eta Sarunas Jasikevicius etengabe saiatzen dira blokeoa eta jarraipena egiten Robertas Javtokas eta Jonas Valanciunas pibotekin, eta hortik etortzen dira jaurtiketa irekiak. Jakina, Lituaniak hiruko jaurtitzaile asko eta onak ditu. Mazedoniak, aldiz, joko pausatuagoa egiten du. 24 segundoko jokaldia egiten saiatzen da, eta askoz ere erosoago aritzen da markagailua 60-65 puntutan geratzen bada. Lituania da faboritoa, baina ibil dadila erne.

Espainia eta Frantzia dira final handia jokatzeko hautagai sendoenak. Elkarren aurka jokatu zuten joan den igandean, baina Vincent Collet Frantziako hautatzaileak galdutzat eman zuen partida, dema hasi aurretik. Atsedena eman zien Tony Parker eta Joakim Noah izarrei, galduz gero finalerainoko bidea errazagoa izan zitekeela susmatuz, eta asmatu egin du. Bihar final-laurdenetan Grezia menderatzen badu finalerdian Serbia eta Errusiaren arteko garailearen aurka jokatuko duelako, eta hasiera batean, bi horiek Lituania baino aurkari samurragoak dirudite —beti ere Lituaniak Mazedonia menderatzen badu—.

Espainiak Esloveniaren aurka jokatuko du gaur, eta faborito argia da. Eslovenia baldar ibili da, eta azken unean lortu du sailkatzea, Finlandia ahula gaindituz. Indarrean dabil Sergio Scarioloren taldea, Turkiaren aurkako hutsegitea atzean utzita, eta, final-laurdenetan Lituania eta etxeko selekzioa inguratzen duen giroa gainditzen baditu, finala jokatuko du. Gauzak ondo, Frantziaren aurka. Orduan bai, orduan txapelketako partida onena ikusiko da. Talentua indar fisikoaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.