Izenek bakarrik ez dute irabazten

Manchester United, Manchester City eta Inter Milan ez dira gai izan ligaxkako lehen jardunaldian irabazteko

Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako lehen jardunaldiaren ondoren B multzoan Trabzonspor hiru punturekin buruan egongo zela esan, eta barrez lehertzen hasiko ziren gehienak. Etxetik kanpo zeukaten lehen partida turkiarrek, Athleticen aurka indarrak neurtu zituzten horiek; Inter Milan handiaren zelaian ezer askorik ezingo zutela egin sinetsita zelairatu ziren Europako Ligan aritzeko ere lanak izango zituzten jokalari horiek. Baina Celustkak 76. minutuan sartutako golari esker, gozamenaren puntan daude turkiarrak. Lillek eta CSKA Moskuk 2-2 berdindu zuten multzoko beste partidan.

Baina B multzokoa bezain harrigarria izan zen C multzoko lehen jardunaldia ere. Manchester United eta Benfica tartean egonda, zaila da buruan Basilea dagoela sinestea. Otelul Galati debutariaren aurka, etxeko lanak hainbestean egin zituen Basileak, 2-1 irabazita —Freik sartu zituen etxekoen bi golak, eta Penak Otelulena—. Eta Manchester Unitedek ere erraz antzean lortu beharko zituztekeen hiru puntuak. Baina ingelesek huts egin zuten. Hala ere, ez daude kexatzeko, puntu bat, gutxienik, eskuratu zutelako. Cardozok 24. minutuan sartu zuen Benficaren gola, eta Giggsek berdindu zuen partida, 42. minutuan, area ertzetik egindako jaurtiketa eder bati esker.

Inter Milanek huts, Manchester Unitedek huts... Izenekin bakarrik ezin direla partidak irabazi erakutsi zuen lehen jardunaldiak. Manchester United ere sufritu egin zuelako Napoliren aurka, etxean, berdinketa lortzeko. Cavanik sartu zuen bisitarien gola, 69. minutuan, eta Kolarovek berdindu zuen lehia, 74. minutuan. Bayern Munich izan zen gai A multzo horretan bere maila emateko, joko eta aukera erakustaldia emanda irabazi ziolako Vila-reali, 0-2.

Di Mariari esker, hiru puntu

D multzoan Real Madrilek irabaziz ekin zion ligaxkari, Dinamo Zagreben zelaian, Di Mariak 53. minutuan sartutako golari esker. Marcelok bi txartel hori ikusi ondoren, hamar jokalarirekin amaitu zuten partida espainiarrek. Ajaxek eta Olympique Lyonek 0-0 berdindu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.