Athleticek sufritu egin zuen joan den astean Moskun. Aurkariak ondo jokatu zuen, baina hotza eta zelaiaren egoera ere erabakigarriak izan ziren. Zero azpitik hamabost gradurekin zaila da futbolean eroso jokatzea, eta arrisku horri aurre egin beharko dio gaur Real Madrilek CSKA Moskuren aurkako Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko partidan. Ligan esne-mamitan dabiltza Madrilen, Bartzelonarekiko hamar punturen aldearekin, eta Europako lehiaketarik sonatuenean behingoz kolpea eman dezaketela sinetsita daude. Horretarako, ordea, kolpe txiki gehiago eman beharko dituzte aurretik.
Aurkariaz gain, erritmo falta izango da CSKAren arriskua. Errusiako ligak bi hilabete daramatza geldirik, eta, bat-batean, Europako talderik onenetako bati egin beharko dio aurre. Luzhniki belar artifizialeko zelaian jokatuko da partida, Athleticek joan den astean Europako Ligan jokatu zuen zelai berean. Bi taldeak aurretik inoiz ez dira aritu elkarren aurka Txapeldunen Ligan.
Doumbiarengan konfiantza
CSKAri dagokionez, Igor Akinfeev atezainak eta Mark Gonzalez erdilariak ezingo dute jokatu, eta Keisuke Honda erdilaria ere min hartuta egon da azkenaldian. Hori bai, behin Afrika Kopa amaituta, taldera itzuli da Seydou Doumbia Boli Kostako aurrelaria, eta haren kalitatea baliatzen saiatuko dira etxekoak. 24 gol daramatza ligan, eta beste bost sartu ditu Txapeldunen Ligan. Ahmed Musa 19 urteko aurrelari nigeriarra izango du ondoan Doumbiak. Real Madrilen kasuan, Angel Di Maria erdilaria dago min hartuta. Alvaro Arbeloa atzeko lerrora itzuliko da, eta Sergio Ramos erdiko atzelari lanetan ariko da. Zelai erdian, berriz, Khedirak eta Oezilek jokatuko dute Xabi Alonsorekin.
Gaurko beste kanporaketan Napoli eta Chelsea izango dira aurrez aurre. Izenez, ingelesak dira faboritoak, baina Txapeldunen Ligan hazita dabiltza italiarrak. Infernu bihurtu dute San Paolo estadioa. Ingelesek, berriz, lau partida daramatzate garaipenik gabe, eta areagotzen ari dira Villas-Boas entrenatzailearen inguruko zalantzak.
Izenez, bi faborito argi
Real Madrilek hotzari eta zelaiaren egoerari egin beharko die aurre Moskun, eta Chelseak, Napoliren ilusioari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu