IZOTZ HOCKEYA . Hormadik astearteko jokoa errepikatu behar du irabazteko

Final-laurdenetako 3. lehia du Mulhouseren aurka, gaur, Angelun

DONOSTIA
2004ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Mulhousen bi partida jokatu eta banako berdinketa lortu ondoan, Hormadik eta Mulhousek bi partida jokatuko dituzte Angeluko Barra hormadian, gaur eta bihar ilunabarrean 19:00etan. Biak irabazten dituena Magnus Kopako finalerdietara igaroko da, baina ados egiten badute, bosgarren partida jokatu beharko dute Mulhouseko IIIberg hormadian, heldu den asteartean.

Hormadikoak atzo arratsaldeko 13:30ean heldu ziren Angelura, 15 orduko bidaia egin ondoan. Ilunabarrean prestaketa saiotxoa burutu zuten, eta pentsatzekoa da oso garbi ukanen dutela nola mendean hartu Mulhouse. Lehenik, ordea, komenigarria da jakitea zer gertatu zen 6-2 galtzeko, asteazkenean. Horri, Antoine Amsellem jokalari gazteak erantzun dio: «Lehen zatian gaizki aritu ginen, arretarik gabe. Gogorra izan zen eta ez genuen erantzuterik izan. Bigarren zatian ahalegindu ginen erabateko hondamendia gerta ez zedin, baina haien defentsa eta Lhnry atezaina gaindiezinak izan ziren».Mulhousek lau lerro indartsu ditu, baina, batez ere, lehena: Lhnry atezaina; Ruokonen, Mille; Jokinen, Kuzminski, Ceman. Lerro horrek bi gol egin zituen. Halere, gol bat gehiago (hiru) egin zuen, Lhenry; Brincko, Scibran; Kazda, Brisard, Crozek osaturiko lerroak. Hormadin, ohiko lehen lerroa aritu zen herenegun, baina Amsellem Solauxen lekuan aritu zen.Zorionez, jokalari guztiak jokatzeko moduan ukanen dituzte Lutaud eta Gordobil entrenatzaileek. Egia esanda, prestaketa gogorra egiteko baino gehiago izan zen atzoko lan saioa gorputzak lasaitzeko eta giherrak arintzeko. Beraz, gaurko partidari begira, motibatzeko eta burua freskatzeko lan handiagoa egin behar izan dute lapurtarrek.Amsellemek dio, «gutxienez», asteartean bezala jokatu behar dutela. «Gaurkoa desberdina izango da. Oso erne jokatu behar dugu, lehia bortitza izango baita; gure ahalmen eta baliabide guztiak erabili behar ditugu. Han garaipen bat lortu izanak indartu egin gaitu, eta prest gaude erronkari aitzin egiteko».Aitzinlariak aitortu du ez dutela pentsatu behar bi partidak irabazi behar dituztela: «Hobe da partidaz partida jardun, eta, horregatik, gaurkoari lotu behar gatzaizkio. Mulhousen ere horixe egin genuen, eta lehen partida irabazita, erabat asebeteta geratu ginen».Bestalde, Mulhouseko Bilbao, Mille eta Bigot Hormadiko ohiak Barran ariko dira berriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.