Izuaren atarian

Hainbat taldek hartu diote aurrea Realari azken boladan, eta behekoak ere ez daude amore emateko prest

Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Duela hilabete eta erdi inguru, inor gutxik pentsatzen zuen besteen emaitzei begiratu eta mailari eusteko beharko diren puntuen inguruko kontuak atera beharko zituenik Realak. Oraindik goizegi da horretarako beharbada, taldeak bere esku duelako helburua, eta egoera, hotzean aztertuta eta matematikei erreparatuta, ez delako hain larria. Daraman ibilbidea da kezkagarriena, ordea, eta datorkiona ere ez da makala. Azken 21 puntuetatik bakarra lortu du Realak, eta jaitsiera postuekiko zuen abantailaren erdia baino gehiago xahutu du zazpi jardunaldiotan. Datorren igandean erremediorik jartzen ez baldin badio, gaur egun urduritasuna dena izu bihurtuko da.

Azken zazpi partidetan Levanteren aurka lortutako berdinketa da emaitza positibo bakarra. Tarte horretan, hamazazpi gol jaso ditu Realak, eta bost baino ez ditu sartu. Erasoan behera egin du, eta defentsan sekulako erraztasunak eman ditu. Hori gutxi balitz, erdipurdi, gaizki edo oso gaizki ari ziren taldeak izan dira Realaren larrutik arnasa hartu dutenak. Malaga eta Hercules azken sailkatuak ziren Anoetan jokatu zutenean. Racing eta Atletico Madril gorabeheratsu ari ziren, eta madrildarrek giro nahasia zuten zelaitik kanpo, gainera. Deportivok sekulako arazoak zituen etxean eta etxetik kanpo golak sartu eta irabazteko, eta Espanyol gainbehera zihoan Realari 4-1 irabazi zionean.

Martin Lasarte entrenatzaile denetik, boladarik txarrena da oraingoa, ezbairik gabe. Joan den denboraldian, 32. jardunalditik 38.era garaipen bakarra eta lau berdinketa lortu zituen. Porrot egin zuen Recreativo eta Betisen aurka, baina azken txanpanVila-real B, Cadiz eta Celtari jarraian irabazita ziurtatu zuen helburua. Denboraldi honetan, berriz, gehienez lau porrot zeramatzan jarraian —Bartzelona, Valentzia, Zaragoza eta Sevillaren aurka—, lehen itzuliaren bukaera aldera. Dagoeneko marka eskas hori gainditu du, Atletico Madrilen aurkakoa bosgarrena izan baitzen errenkadan. Bi bolada txar horiek batuz gero, agerian gelditzen dira taldeak aspaldian topatu dituen zailtasunak: azken hamazazpi norgehiagoketatik hamabi galdu ditu.

Ondorioak begi bistakoak dira. Hamalaugarren jardunaldia jokatu eta gero, Athletici irabazi ondoren, seigarrena zen Reala, eta hamabi puntura zeukan jaitsiera postuetako lehen taldea, Sporting. Une honetan, txuri-urdinek baino hiru puntu gehiago dauzkate asturiarrek. 24. jardunaldian, berriz, duela zazpi jardunaldi, zortzigarrena zen, zazpigarren sailkatuarekin —Sevilla— berdinduta. Hamaika puntukoa zen putzuarekiko zuen aldea. Horrek esan nahi du abantaila sei puntutan murriztu dela bigarren bolada txar honen ondorioz eta bost taldek hartu diotela aurrea: Atletico Madrilek, Mallorcak, Levantek, Sportingek eta Racingek.

Lehen urrun zeuzkaten aurkariak, berriz, orpoz orpo dituzte orain txuri-urdinek. Osasunak eta Deportivok, esaterako, harrapatu egin dute, 35 punturekin. Gorritxoek bederatzi puntu jan dizkiote zazpi jardunalditan, eta galiziarrek zortzi. Azken postuetan sailkaturik daudenek ere etekin handiagoa lortu dute. Zaragozak eta Malagak, adibidez, beste bederatzi puntu kendu dizkiote. Hamaika puntura zegoen Javier Aguirreren taldea, eta bi puntu eskasera dago orain. Malagak, berriz, hamalau puntutik bostera murriztu du abantaila. Herculesek eta Almeriak Realak baino lau puntu gehiago erdietsi dituzte. Getafe da salbuespen bakarra, baina horrek ere, bolada eskasean egon arren, bi puntu kendu dizkio herenegun lortutako garaipenari esker.

Sendotasuna eta lehia zuzenak aurrera ateratzeko gaitasuna izan ziren Realak Bigarren Mailatik Lehen Mailara igotzeko izan zituen ezaugarri nagusiak, Anoetan batik bat. Eta denboraldi honetan ere ezaugarri horiei eutsi zien hasieran. Defentsan gehiago sufrituta, logikoa denez, baina aurkari zuzenekin lehiakortasuna erakusten ari zen. Dohain horiei heldu beharko die berriz ere azken zortzi norgehiagoketan, igandetik hasita.

Izan ere, etxean egon daiteke gakoa. Bertan, Sportingi ez ezik, Zaragoza eta Getaferi egin beharko die aurre, etxeko azkenaurreko eta azkeneko partidetan, hurrenez hurren. Talde polita eduki arren, arazo handietan sartu da Getafe, Reala bezala. Zaragozak, berriz, lehiakortasuna berreskuratu du, baina partida bakarrera du jaitsiera. Horiez gain, etxean beste norgehiagoka bat jokatu beharko du Realak, Bartzelonaren aurka, bi jardunaldi barru. Goizegi, beharbada, kataluniarren opariengan itxaropena edukitzeko.

Eta etxetik kanpoko egutegia ere ez da samurra: Athletic, Valentzia eta Sevillarekin neurtuko ditu indarrak. Nahiko sendo ari dira hirurak etxean, baina, datuak aztertuta, ez dira aldez aurretik galdutzat emateko moduko partidak: sei partida galdu ditu Athleticek etxean; hiru galdu eta lau berdindu ditu Valentziak; eta lau galdu eta lau berdindu ditu Sevillak. Gol aldeari dagokionez, berriz, Realak irabazita dauka Deportivo eta Almeriarekin, eta galduta Osasuna, Hercules eta Malagarekin. Bere esku dauka Getafe eta Zaragozarekin ere gol aldea bereganatzea.

Aurkarien egutegia ere, zaila

Aitzakietarako denbora amaitu da jada. Almeriak, Malagak, Zaragozak nahiz Osasunak berak egutegi nekeza izango dute. Hori aldatzerik ez dago. Garaipenaren bidera itzultzeko moduko jokoa egitea da garrantzitsuena. Azken bi denboraldietan aurreneko aldiz, txarrean ere onena emateko gai direla erakutsi behar dute jokalariek, baita Lasartek ere. Entrenatzailearen betebeharra da egoera berriei egokitzeko alternatibak prestatuta eta landuta edukitzea. Baina orain arte jokoko eskeman eta hamaikakoan egindako aldaketekin ez du halakorik frogatu. Realeko jarraitzaileei dagokienez, berriz, seguru eurena emango dutela, izuaren atarian egon arren. Jokalariak eta entrenatzailea izututa egotea, hori bai litzatekeela beldurtzen hasteko modukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.