Uztailaren 15ean hasi zen 2004-2005 sasoia prestatzen Baiona, erabat berrituta eta zortzi urteren ondoan erronka berriari aurre egiteko ilusioz. Ekainaren 19an jokatu zuen Pro D2ko finala, eta galdu egin zuen, Auchen aurka. Nolanahi ere,aurrez sailkapen liga irabazi egin zuen, eta hari esker igo zen Frantziako Liga Nagusira, Top 16ra alegia.
Lapurtarrek hamaika jokalari fitxatu dituzte Maila Nagusiari eusteko ahalegina egiteko. Horietatik lau Colomiers taldetik heldu dira, talde hori Federal 1era jaitsi dela baliatuta. Hein handi batean aitzin-multzoa sendotu du Baionak, bai baitaki Top 16an lehiakor izateko nahitaez ukan behar duela multzo gotorra.Lehen lerrorako Delpuech eta Tumoli lotu ditu. Delpuechek eskarmentu handia du eta samoarrak bere mardultasuna baliatuko du. Gainera, Garcia argentinarrak laguntza emango du. Etxekoek ere badute lekua; hala Etxeberrik, besteak beste. Harrigarri samarra da Idieder gaztea ez atxikitzea, etorkizun handiko jokalaria baita eta internazionala Frantziarekin.Bigarren lerroan Healyek utzi egin du taldea, baina Stoltz hegoafrikarrak ongi baino hobeto beteko du haren lekua. Cedric Bergez, berriz, itzuli egin da, lehen ere aritua baitzen Baionan. Hirugarren lerroak ukan du aldaketarik txikiena. Astarloa Elorriokoa fitxatu dute, orain dela hiru sasoi ere Baionan aritu zen. Orduan ezustean utzi egin zuten, baina ohartu dira bizkaitarrak lekua ukan dezakeela.
Feather, Roques, Arbizu, Noutary, Fromont, Midfor...
Gehienbat aitzinean indartu dela aipatu dugu, baina gibeleko lerroa ez dute besamotz utzi. Zeelanda Berriko Feather lotu dute, Larretxea eta Thiery joko zabaltzaileekin bat egiteko. Australiako Queensland taldean jokatu du, eta hori bada arrazoia beregan uste osoa izateko, Queensland herrialdea Hego Hemisferioko Super 12 txapelketan aritzen baita. Ikusi besterik ez dago jokalari horren mardultasuna.
Hegaletarako, aipagarria da Midford Samoakoa. 1,81 metro eta 84 kilo ditu; aurkariaren defentsa zulatzeko adinako gorputza du, ezbairik gabe. Jonnet eta Jourdaine iazko jokalariek oso maila ona eman zuten iaz eta hegaletan zuloa egitea lortzen zuten sarraldi bakoitzean.Erdietan aritzeko, berriz, Lisandro Arbizu edonork ezagutzen du. Argentinako internazionalak badu aski eskarmentu hiru laurdenetako lerroa indartzeko. Gainera, joko zabaltzaile ere izan daiteke, hala behar izanez gero. Aussel etxeko jokalariak sasoia eskuratu zuen berriro iaz, eta ondoan MacLaren eskoziarrarekin primeran moldatu zen. Eskoziarra jokalari tinkoa da, eta Aussel, bizia eta irudimentsua; elkarrekin ongi moldatzeko biko egokia. Gainera, Roques izango da edozein unetan gidaritza har dezakeena; eskarmentua, bederen, ez zaio falta.Gibeleko biak berriak dira. Ezagunena, agian, Noutary. Gibeleko lerroan Lamaison, Martin, Laborde, Pesteil eta Larralderen hutsunea izango du Baionak. Larralderi aipamen berezia egin behar zaio. Etxeko jokalaria da eta Baionak eutsi behar ziona. Gaztea da eta internazionala izan zen.
Bihar estreinakoa, Stade Françaisen aurka
Ezin esan baionarrek xantza ukan dutenik Top 16ari ekiteko, Stade Françaisen aurka jokatu beharko baitute estreinakoan, bihar, Baionako Jean-Dauger zelaian (21:00). Parisko taldeak ozta-ozta lortu zuen Top 8ra sailkatzea 2003-2004 sasoiko ligan; baina, sartu ez ezik, irabazi ere egin zuen. Hortaz, etxean irabaztea garrantzitsua izango bada lapurtarrentzat, are eta garrantzitsuagoa txapeldunari irabaztea. Halere, ziur esan daiteke zelaia bete egingo dela, eta Baionak nahitaez bildu behar ditu sosak, garestia izango baita sasoia.
Bigarren jardunaldian Castres bisitatuko du eta Castres Europako Heineken Kopan ariko den taldea da. Hirugarren jardunaldian, berriz, Montferrand hartuko du, beti txapela janzteko borrokatzen den taldea. Ondorioz, dena beharko dute baionarrek liga zuzen hasteko; horregatik ekin zioten entrenatzeari iazko liga amaitu eta hilabete eskasera.
Entrenatzaileei dagokienez, Peytavinek ez du jarraituko gibeleko lerroa prestatzen eta Pello Alvarez jarri dute. Alvarezek Baionan jokatu zuen eta hainbat talde entrenatu ditu. Teknikari orokorra, berriz, Doucet izango da, Bouisseten ordez. Bouisset kendu egin zuten postutik sasoia amaitzear zela.
ERRUGBIA
Izugarrizko liga hastapena
Baiona Top 16an ariko da zortzi urteren ondoan, eta talde erdia berritu du, mailari eusteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu