Jada ez da lehengoa

Ian Thorpek seigarren olinpiar urrea irabazi nahi du 2012ko Londresko Jokoetan. Orain artean aritu den lehiaketetan, baina, ezinean aritu da, eta lehen postuetatik urrun.

2011ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Gaztea naiz, 24 urte ditut, eta beste erronka batzuei egin nahi diet aurre. Igeriketa jada ez da dena niretzat. Ezin dut esan ez naizela berriz itzuliko, baina ez dut uste». 2006ko azaroa zen, eta urte hartako udazkenarekin batera esan zion agur igeriketari Ian Thorpek (Sidney, Australia, 1982). Bere kirol bizitza laburrean hartutako erabakirik zailena izango zen ziur asko.

Ia bost urte pasa dira. Iragan otsailean, igeriketara itzultzeko hartu zuen erabakiaren berri eman zion munduari. Ordutik helburu bat du buruan: 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan aritzea. Onenen artean, bera ere oraindik ona dela sentitu nahi du. Garai hartan hautsitako ametsak berreraiki nahi ditu.

Thorperen itzulerak, ordea, gazi utzi ditu bera ikusteko zain zeudenak. Edo agian lasai, bere beldur ziren aurkariak. Batek daki. Australiarrak igerileku laburreko Munduko Kopako hiru probatan hartu du parte azken asteetan, Singapurren, Pekinen etaTokion; jokatutako zortzi probetatik, ordea, batean baino ez da finalerako sailkatu. Maila baxua eman du, baina ez dago «desilusionatuta». «Pentsatzen nuen tokian nago, eta uste dut teknikoki hobeto ari naizela igerian». Badaki bidea «luzea eta zaila» egingo zaiola, baina garai batean galdutako motibazio hura berreskuratu du. Ordukoan lesioek eta aurkariak gainditzeko zuen motibazio faltak bultzatu zuten Thorpe kirola uztera. Orain Olinpiar Jokoetan seigarren urrezko domina lortzeko ametsak piztu du bere barnean duen har txikia.

Ametsak amets eta helburuak helburu, askoren harridura eragin zuen australiarrak bere hastapenetan. 13 urte besterik ez zituela aritu zen estreinakoz bere herrialdeko selekzioarekin. Hiru urte geroago, Perthen (Australia) jokatu zen Munduko Txapelketan, urrea lortu zuen 400 metro libreetan. 2000 eta 2004 urteetan jokatu ziren Olinpiar Jokoetan, berriz, bederatzi domina lortu zituen; bost urrezkoak, hiru zilarrezkoak eta brontzezko bat. Guztira 11 aldiz izan da munduko txapeldun, eta beste 22 aldiz ondu du munduko markaren bat. 200 eta 400 metro libreetako izarra izan zen, Michael Phelps azaldu zen arte. Eta hori ezin izango du inork zalantzan jarri. Ezta dopina hartzea egotzi zioten horiek ere. Egun, ez du inork frogatu oraindik bere errendimendua hobetzeko debekatutako sustantziak hartu zituela.

Datorren urteko Olinpiar Jokoei begira, uko egin dio 400 metro libreetan aritzeari, «urrun» geratzen zaiolako. 100 eta 200 metrolibreetan ariko da. Eta erreleboetan ere bai, AEBetako taldeari irabazten saiatzeko. Gutxieneko denborak lortu beharko ditu horretarako. Datorren urteko martxoan jokatuko den Australiako Txapelketan ahaleginduko da horretan. Duela urte batzuk pentsaezina zirudiena egin nahi du Thorpek. Askok kritikatu dute bere itzuleran eman duen maila, baina bera «pozik» ageri da orain artean lortu duen sasoiarekin. «Ni naiz bost urtetan igeri egin ez duena, batzutan ahaztu egiten zait, eta uste dut jendeak ere ahaztu egin duela. Ez da erraza izango». Australiarrak, martxora arteko epea dauka ametsa egia bihurtzeko.

Denboran atzera egiteak «urduri» jarri du. Normalean egon ohi dena baino gehiago. Urte guzti hauetan zehar lehen egin ezin zituen gauzak egiteko aprobetxatu du Thorpek; igerian apenas. Ezinbestean, igeriketa bere biziko gauzarik garrantzitsuena ez dela konturatzeko adina denbora izan du. Horixe da australiarrak egun duen aurkaririk handiena. Denbora. Beti izango du berriz ere atzera egiteko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.