Jada ez dago aitzakiarik

Irujok eta Xalak final-laurdenetako partida jokatuko dute gaur Bilbon, astebete atzeratu ondoren

Xala eta, haren atzean, Irujo, pilota aukeraketan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Bukatu dira gripeak, besoko minak... Bukatu dira kezkak eta zalantzak. Ez dago aitzakiarik: ikuskizuna pilotalekuetara itzuliko da astebeteko etenaldiaren ondoren. Yves Salaberri Xala-ri guztiz osatu zaio izandako gripea, eta gaur jokatzeko moduan dago. Juan Martinez de Irujo, berriz, «denboraldiko sasoirik onenean» omen dago. Harenak dira hitzak, eta sinetsi beharko. Osagai guztiak izango ditu gaur arratsaldean Bilbon, Bizkaia pilotalekuan jokatuko den buruz buruko final-laurdenak. Ez izan batere zalantzarik.

Xalaz eta Irujoz gain, gaurko partidak izango du beste protagonista bat: pilotalekua bera. Beste behin ere, egungo buruz buruko espezialistarik onenak bilduko ditu Bizkaia pilotalekuak. Xalaren bihotzeko frontoia da, gainera. Bere kirol ibilbideko azken lorpenik garrantzitsuenak han lortu ditu Lekuineko aurrelariak. Han irabazi ditu iazko buruz buruko txapela, eta 2012ko binakako finalerako txartela. Gaur ez du ez txapelik ez finalerako txartelik izango jokoan. Irabaziko balu, finalerdietara sailkatuko litzateke, eta pauso handia emango luke iaz lortutakoa errepikatze aldera. Txapela janzteko faborito handienetariko bat kanporatuko luke, gainera, Irujo txapela janzteko hautagai nagusietako bat baita lehian ari denean.

Baina Iberokoa ez dago ezer oparitzeko. 2010eko abendutik ez du txapela bat irabazi —orduan lau t'erdiko txapela jantzi zuen,Atano III.an Abel Barriolari 22-17 irabazita—. «Urteko sasoirik onenean» dagoela adierazi zuen Irujok asteazkeneko pilota aukeraketan. Aitzakiarik gabe, finalaren kutsua izango du gaurko norgehiagokak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.