«Lehiatu gabe ez zuen zentzurik jarraitzeak. Barneratuta daukat, eta pozik nago, gainera. Binakako txapelketan sartzeko aukerarik ez nuela ikusi nuenean erabaki nuen erretiroa hartzea». Zintzo eta garbi. Ruben Belokik (Burlata, Nafarroa, 1974) hala laburbildu zuen atzo zergatik hartu duen erretiroa hemeretzi urteko ibilbidearen ondoren. «Jada ez naiz Beloki, ez naiz lehengoa», ez da miresmena sortu zuen abizena, baina ia bi hamarkadaz pilotalekuetako atzeko koadroetan agintzen pasatu ondoren, ezinak behartu du agur esatera. Luza zezakeen ibilbidea, baina ez du nahi izan. Abenduaren 3an emango ditu azken pilotakadak, Iruñean, eta Asegarcen jarraituko du, teknikari gisa.
Ruben Belokik atzo eman zuen bere erretiroaren berri, Iruñeko Baluarteko prentsa aretoan. Jendetza bildu zen, kazetariak, lagunak eta Asegarceko ezagun guztiak. Ez zen agurraren eguna, baina denek babestu nahi izan zuten Burlatakoa. Iñigo Salbidea Asegarceko gerenteak aurkeztu zuen «enpresak izan duen pilotari onena», eta Belokik kantxan estatus hori galdu duelako erabaki du erretiroa hartzea. «Maila gutxiagoko partidekin jarrai nezakeen, askok modu duinean egin duten bezala, baina ez nuen nahi. Enpresako beste atzelari batzuk nire aurretik daudela ikusi dut, baina oraindik lanak ematen dizkiet, horiei eta koadroko oilarrei, eta hala izateari utzi aurretik hartu nahi dut erretiroa».
Gorputzak adierazi dio inoizko buruz buruko txapeldun gazteenari pilota uzteko garaia iritsia zela, oraindik beste hiru hilabeterako kontratua zuen arren. Azken urteetako lesioek, 37 urteek eta hemeretzi urteko ibilbideak haren ahala «higatu» dute. «Garai bateko kolpea joana da. Azken urteak gogorrak izan dira. Belauneko azken lesioarekin sei hilabete geldirik ondoren, gogorra izan da jokatzea: piloteatzen, sufritzen... Ondo jokatu dut, baina ez nintzen ni, ez nintzen Beloki».
Ezinak txapelketen atea itxi dio. Hala jarraitzeak ez zuen zentzurik berarentzat. Jokatzearren jokatzea ez zuen merezi. «Txikitatik dena lehiatzea izan da niretzat. Beti onena izaten saiatzea, eta garbi nuen txapelketa bakar bat ere jokatzen ez nuen urtea azkena izango zela —aurten buruz burukoa jokatu zuen, baina 22-4 galdu zuen lehen partidan—. Nik nahi izan dudanean eta nahi izan dudan bezala utzi dut. Ezin diot gehiago eskatu pilotari».
Agurraren eguna atzera begiratzeko aukera da, eta Belokik bere esker ona adierazi zien ibilbidean lagundu diotenei. Etxekoez oroitu zen; Patricio eta Martina gurasoak «guztiaren motorra» izan zirela esan zuen lehenbizi; Martaemaztea «beti alboan» egon dela nabarmendu zuen gero; eta Imanol, Amaia eta Ane seme-alabak «gasolina» izan direla esan zuen.Alberto anaiarekin ere oroitu zen. Burlatako Peña Euskal Herria pilota elkartea goratu zuen gero, Olinpiar Jokoetara eraman zutenak, eta enpresak azkenik, Eskulari zein Asegarce.
Ibilbideaz mintzatzean, txapelengatik baino gehiago beti maila oneko partidak jokatzeaz dago harro. «Agian txapelak izan baditudalako izango da, baina horretaz nago harro, ibilbide luzea izan eta beti onenen aurka jokatu izan dudalako. Retegi eta Galarza III.aren aurka jokatuz debutatu nuen, eta Irujo eta Olaizola II.aren aurka jokatuz esan dut agur. Gaur egungo belaunaldi hori errepikaezina da. Zazpi urte barru, erretiroa hartzen dutenean, haietaz oroituko gara. A, eta Titin. Hogei urte berarekin, baina tira, banekien hark baino goizago utziko nuela pilota».
Bide horretan, halere, Patxi Eugi izan da haren aurkari kutuna. 1990eko hamarkadan buruz buruko txapelen lehia haien artekoa izan zen, eta elkarrekin idatziko dute urte horietako atala pilotaren historia liburu handian. Hura ere gogoan izan zuen. «Patxirekin lehia hori eduki izanak pilotari hobea bilakatu ninduen. Guk biok jende asko eramaten genuen pilotalekura. Biok hasi ginenean loratu zen egun Labriten dagoen giro hori. Are gehiago, orduan, agian, beroagoa zen».
Eta orain zer? Belokik pilotari lotuta jarraituko du, Asegarcen. Enpresak eskaintza egin dio eta baiezko borobila eman dio. Ez Salbideak ezta Belokik berak ere ez zuten asmatu zehazki argitzen haren ardura zein izango den, baina pilotariak hala azaldu zuen: «Kantxatik gertuago bulegotik baino. Nire bizitza pilota izan da, eta aurrerantzean ere hala izatea nahiko nuke. Gainera, uste dut badudala zer irakatsia».
Abenduaren 3an, Labriten
Belokik abenduaren 3an jokatuko du azken partida, Labriten.Jaieguna da Nafarroan. Eguna ezaguna zen, baina partida ez. Olaizola II.arekin jokatuko du, Bengoetxea VI.aren eta Beginoren kontra. Salbideak azaldu zuenez «omenaldi berezia» izatea nahi dute, «pilotari berezi» batentzat. «Rubenek urte luzeetan landaturiko maitasun uzta hori jasotzea nahiko genuke». Kirol arloari buruz hitz egitean, Salbideak Belokik izandako oztopoak nabarmendu zituen, «beti abantailak eman behar izan zituelako». Gerentearen ustez, hala izan ez balitz, txapel gehiago lortuko zituen. Era berean, pilotariak beti izandako jarrera goratu zuen. «Ziur inork ez duela gogoan Belokik izandako keinu txarrik».
Agurra partida bakarra izango da. Enpresak beste pilotalekuren batean agurtzeko aukera eman zion —segur aski Donostiako Atano pilotalekuan—, baina ez zuen onartu, Belokik ez zuen agurra gehiegi luzatu nahi, eta ahalik eta arruntena izatea nahi zuen. «Azken-aurreko partidara arte dena normala izatea nahi zuen. Partida bakarreko agurra, ikuskizun ona izan dadila, eta kito, eta norbaitek ikustera joan nahi badu, eskertuko dut». Ziur harmailak goraino beteko direla. Dagoeneko sarrerak salgai daude, eta kantxakoek 30 euro balioko dute. Egun horretan Labritera doazen zale guztiak elastiko bat jasoko dute opari, eta txartelak ere bereziak izango dira, gordetzeko aproposak.
«Jada ez naiz Beloki, ez naiz lehengoa»
Ruben Belokik erretiroa hartuko du, bere burua ez duelako ikusten txapelketa ofizialetan lehiatzeko moduanAsegarcen jarraituko du, teknikari gisa, «kantxatik gertuago bulegoetatik baino»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu