"Momentuak ez ditu norberak aukeratzen". Realak urrezko aukera eman dio Jagoba Arrasate 35 urteko berriatuarrari. "Eta oso harro eta prest nago". Philippe Montanierrek txuri-urdinen atea itxita, Gerardo Martino argentinarrarekin hizketan aritu zen Donostiako kluba. Baina etxeko entrenatzaile gazte baten alde egin du azkenean. "Lana", "ilusioa", "konpromisoa"... antzeko hitzak aipatu ditu, etengabe, bizkaitarrak. "Gauza asko egin ditugu ondo azken urtebetean, eta denboraldi honetakoa berrestea izango da hobetzea". Urtebetean Montanierren eta Michel Troin bigarren entrenatzailearen ondoan aritu da lanean Arrasate. "Eta ahalik eta gehien ikasten saiatu naiz. Oso aberasgarria izan da niretzat. Badakit zein den euren lan egiteko modua, ezagutzen dut Lehen Maila, eta orain arteko lan onari nire ideietako batzuk gehitzen saiatuko naiz".
Arrasatek bazekien Realeko entrenatzaile izateko aukera izan zezakeela. "Eta ez nau ezustean hartu". Inguruan izango duen lantaldeari buruz ez dute ezer argitu ez Arrasatek eta ezta Lorenzo Juarros 'Loren' kirol zuzendariak ere. "Baina Jagobaren konfiantzazko jendea izango da", azaldu zuen azken horrek. "Datozen egunetan jakinaraziko dugu hori". Europan, ligan eta kopan, hiru lehiaketatan ariko da datorren denboraldian Reala. "Baina naturaltasunez lan egin behar dugu". Badaki "ardura handia" dela Realeko entrenatzaile izatea. "Baina ez naiz urduri jarriko". Zalantzan dauden zaleei ere mezu argia bidali die, umoretsu: "Normala da batzuek zalantzak izatea, eta hiru hilabete barru zalantza horiek areagotu egingo zaizkie akaso. Baina litekeena da zalantzak erabat desagertzea ere". Taldea "oso gaztea" dela eta "hobetzeko tartea" baduela uste du Realeko entrenatzaile berriak.