Jaia egia, naziotasuna amets

Euskal selekzioaren beharra nabarmendu dute ESAITek eta harekin manifestazio nazionalean bat egin duten milaka lagunekAreatzako karpan jendetza gozatu da aldarrikapenaz eta festaz

Izar Mendiguren - Jone Zuazo
Bilbo
2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Zelaia eta futbol jokalariak ez ziren izan atzo berdez jantzi ziren bakarrak. Ofizialtasuna harea bada, naziotasunaren basamortu bilakatu zen atzo Bilboko Areatza. Izan ere, milaka herritarrek Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldearen egitarauarekin bat egin eta ofizialtasunaren aldeko festan parte hartu zuten.

Hainbat tokitatik etorritako herritarren arropa berdeek agerian utzi zuten ofizialtasunaren eskaera. Kaleak, aldarrikapenez jantzi ziren. Ikurrinak edonon, eta, tarteka, suziriren bat.

Goizean Porrotx pailazoaren umore eta musuek koloroztetatu zuten Areatza. Pirritx barizelarekin zegoela eta umeei gauean bularra eman behar ziela aitortu zien ehunka umeri Porrotxek. «Pailazoak Euskal Herriko selekzioaren alde gaude, eta munduan aritu nahi dugu». Pirritx gogoan, adierazi zuen, ez dutela dominarik nahi. «Guk gure koloretik emango dugu, euskara, kultura, hizkuntza eta elkartasuna emango diogu munduari». Naziotasuna margotzeko irria izan zuen pintzel. «Ume txikiak bezala, mundua gure egin behar dugu, independentzia lortuta gure selekzioarekin aurrera egin», gaineratu zuen.

Bilboko Zazpikaleak trikitilari koadrila batek alaitzen zuen bitartean, zahatoa lagun, euskal kantuen topagune bilakatu zen taberna bat baino gehiago. Tabernariak izerditan blai, eta giroa bero.

Ander Solozabal gasteiztarrak esaterako, autobusez etorrita egin zuen bat festa eta aldarrikapenarekin. «Hiru autobus etorri gara Gasteiztik. Autobusa futbolzale batzuek antolatu dute, baina mota guztietako jendea etorri gara euskal selekzioa aldarrikatzera».

Eguerdian, Independentistak sarearen deialdiari jarraiki, «uholde berdearen» lekuko bilakatu zen Bilbo. Txutxi Ariznabarreta bozeramailea oso pozik agertu zen lortutako emaitzarekin. «Zazpi herrialdeetatik etorritako jende asko dago jai eta aldarrikapen giroan». Ariznabarretaren ustez, atzokoa ez zen izan edonolako partida: «Ofizialtasuna dago jokoan, euskal selekzioak mundu osoan edozein txapelketatan izen propioz jokatzeko eskubidea». Ariznabarretarentzat, Euskal Herriak independentzia lortzea du amets, «Euskal Herriak Europan eta munduan bere tokia izatea».

Leire Fernandez iruindarraren iritziz, aldiz, Euskal Herriak ez du ekipo bat, «denak bat gara».

Amaiur musika taldearen kontzertuarekin hasi ziren nabarmentzen ofizialtasun eta independentziaren aldeko oihuak. Zenbait gaztek Ikusi mendizaleak kanta ahotan, «gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak» mezua lau haizeetara zabaldu zuten.

Manifestazioa, jendez lepo

Arratsaldeko seietarako Areatzak pertsonaz osaturiko itsasoa zirudien. Milaka pertsona manifestazioaren zain. Hala, 18:30ean abiatu zen Nazio bat gara, ofizaltasuna behar dugu. Lortuko dugu! lelopean mobilizazioa.

Manifestazioa sei umek zeramaten ikurrin handi batek ireki zuen. Buruan, besteak beste, Martxel Toledo eta Itziar Arratibel joan ziren. Eta, atzetik, milaka herritar, presoen aldeko ehunka bandera eta hainbat aldarrikapen.

Selekzioaren alde elkartu ziren herritarren artean «Ikurrina bai, espainola ez!» , «Nazio bat, selekzio bat!» , «Independentzia» eta «Jo ta ke, irabazi arte» leloak izan ziren nagusi. Hator, hator kantatzen zuten dozenaka lagunek eta dultzaineroek ibilbidea alaitu zuten. Buruarekiko 30 minutuko diferentzianzeharkatu zuten mobilizazioaren azken lerrokoek Kale Nagusia.

Etxahun Lekue bertsolariak eman zien ongietorria Areatzatik Euskaldunaraino ofizialtasunaren aldeko urratsa egin zuen orori.

Ondoren, Itziar Arratibel ESAITeko lehendakariak hartu zuen hitza. Bildutakoei eta bertaratzerik izan ez dutenei txalo zaparrada bat eskaini zien. «Kirolari eta kirolzaleez gain, asko dira ofizialtasuna amesten duten gizon-emakumeak. Besteak beste, Sabin Intxaurragak».

Arratibelen ustez, ez da zilegi ESAIT Gabonetako futbol partidaren inguruan bakarrik akordatzen dela ofizialtasunaren aldarriarekin esatea. Hori dela eta, gogorarazi zuen, Espainiako saskibaloiko selekzioa Gasteizera ekarri zutenean, Tourmaleteko maldetan zein urtero antolatzen duten mendi martxan ESAIT aurrean izan dela. «Zergatik jotzen dute ESAITen kontra? Ez gaituzte ikusi, edo ez gaituzte ikusi nahi», nabarmendu zuen.

Ofizialtasuna helmuga

Futbol jokalariek atzoko partida ziklo baten bukaera eta beste berri batean hasiera izan behar duela adierazi zuten. «Jokalariek abiapuntu berri bat jarri dute. Ofizialtasuna lortzeko pauso ugari eman beharko ditugu, baina, hala ere, egun ametsa dena, laster, erralitate bihurtuko dugu».

ESAITen aburuz, Euskal Herriko selekzioak ez dira ESAITenak, Euskadiko Federazioarenak edo kirolarienak. «Euskal Herriko selekzioak Euskal Herri osoa osatzen dugun gizon eta emakume guztion selekzioak izan behar dira». Horregatik, Arratibelek dio, ofizialtasuna helmuga duen bidaian inor ez dagoela soberan. «Buruzagi politiko eta federatiboek ezin dute entzungor aritu. Nazioa gara, ofizialtasuna lortu behar dugu, eta lortuko dugu»á.

Ametsa gizartean dago. Jaia bukatu da. Orain, ofizialtasunaren ametsa betetzeko lan egitea baino ez da falta. Eskubideak lorpen bilakatzea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.