Jainkoz mozorrotu da LeBron James, eta 7.a jokatzera behartu du

Miamiko hegalekoak 45 puntu eta 15 errebote lortu ditu Bostonen, eta Celticsen ahalegin oro alferreko egin

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Orain 25 urte, Michael Jordan handiak Jainkoaren mozorroa jantzi zuela esan zuen beste mito batek, Larry Birdek. 63 puntu sartu zituen Chicago izarrak, eta titulua lortzeko kanporaketetan egun indarrean dagoen marka ikusgarria lortu. Bostonek, ordea, irabazi egin zuen partida hura, baita eraztuna ere. Aldageletan, Birdek Jainkoa saskibaloi jokalariz mozorrotu zela esan zuen, Michael Jordanen mozorroa. Atzo, LeBron Jamesek jarri zuen soinean Jainkoaren mozorroa, eta Bostonen ametsa zapuztu.

Oraingoz, bihar goizaldean jokatuko baita zazpigarren eta azken norgehiagoka erabakigarria. Jamesentzat kolpe gogorra litzateke bigarren urtez eraztuna lortzeko aukerarik gabe geratzea, eta bizkar gain hartu zuen bere taldea. Hegalekoak Boston txikitu zuen lehen erdian. 30 puntu saskiratu zituen, eta parean jarri zitzaizkion guztiak ernegatu: Paul Pierce, Brandon Bass, Mickael Pietrus... Lan erdiak egiterako, hamahiru punturen aldea zeukan Miamik, eta bigarren zatian errenta hori mantentzen asmatu zuen. Jamesek 15 puntu bakarrik saskiratu arren. 26 jaurtiketa egin, eta zazpi bakarrik huts egin zituen Jamesek, eta huts egin zituen batzuetan ere alderatzea bereganatu: 15 errebote denera.

Modu eta toki guztietatik saskiratu zuen Jamesek, jokaldi asko trantsizio azkarrak bukatuz, liga osoan ez baitago Jamesen indarrari aurre egingo dion jokalaririk. Bostonen Rajon Rondo bakarrik izan zen Jamesen arrastoa jarraitzeko gai, 19 puntu sartuta, baina bigarrenean estu lotu zuen Mario Chalmersek, eta bi puntu bakarrik lortu. Kamuts ibili ziren Bostongo hiru izar handiak: 12 puntu Garnettek, 10 Ray Allenek eta 9 baino ez Paul Piercek, portzentaje kaskarrekin: 18 jaurtiketa egin, 14 kale.

Miamin laguntza erabakigarria eman zioten Jamesi Dwyane Wadek, 17 punturekin, eta Chalmers eta Battier bikoak. Bederatzi puntu on saskiratu zituen joko antolatzaileak, eta beste zortzi hegalekoak. Miami nagusi izan zen erreboteen alorrean, 44-34ren aurka, eta final handia jokatzeko aukera izanen du zaleen epelean. Atzo Boston zen Oklahomaren aurka final handia jokatzeko hautagaia; zartaginak buelta eman du orain. Azken partida bihar goizaldean jokatuko da, 02:30ean hasita. Final handia, berriz, asteazken goizaldean hasiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.