Jaitsiera, gero gora egiteko

Neguko estropada garrantzitsuena jokatuko dute bihar arratsaldean, Orion: Oriaren Traineru Jaitsiera. 22.aldia du, eta mila arraunlaritik gora ariko dira arraunean.

Orioko trainerua, aste honetan, Oria ibaian entrenamendua hasi aurretik. Hor jokatuko da jaitsiera, bihar arratsaldean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2016ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Luzea eta gogorra egiten zaie neguko prestakuntza arraunlariei. Ohituta daudela esaten dute, eta beraien lanaren barruan dagoela, baina... Arintze aldera, duela hogeita bi urte, estropada bat antolatzea bururatu zitzaien Orion (Gipuzkoa): Oriaren Traineru Jaitsiera. Traineru gutxi batzuk baino ez ziren joan, eta hurrengo urteetan ere hala izan zen. Baina, azkenaldian, indar handia hartu du, eta aurten, esaterako, 75 ontzi ariko dira. Mila arraunlaritik gora. Bihar da, 17:00etan.

Hogei bat urte darama antolaketa lanetan Joxe Ramon Garate oriotarrak. Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzako kidea da. Hamabost bat alditan aritu da Jaitsieran, berriz, Irakoitz Etxeberria, oriotarren gizonezkoen ontzi nagusiko patroia. Nadeth Agirre joango da emakumezkoen traineruaren popan, eta horrek ere baditu eginak biharkoa bezalako estropada batzuk. Berezia da oriotar arraunlarientzat herriko proba. Kanpokoen ikuspegia, berriz, Joseba Fernandezek emango du, San Juaneko prestatzailea, eta entrenatzailearen begirada ere emango du; izan ere, Orioko Jaitsiera test handia da udako lanei begira. Horretara ere heldu da urteen joanean.

Garate eta kideak Gabonak aldera hasten dira prestatzen antolakuntzako lanak: «Orduan ekiten diogu, eta nahiko denbora ematen du». Erraz esaten da, baina egin behar zaie lekua mila arraunlariri baino gehiagori: «Ez da erraza, baina lortzen dugu. 75 traineru eta ontzi elkartuko dira aurten, eta iaz gehiago izan ziren, klubaren 50. urteurrena zelako. Lanak bukatu eta dutxak klubean bertan egoten dira». Baina badira hoteletan eta halakoetan ostatu hartuta egoten direnak ere; horixe da proba honen beste berezitasunetako bat: «Herrialde Katalanetatik etortzen dira arraunlariak, eta asteburua pasatzen dute horiek. Dutxatzera, bakoitza bere hotelera joaten dira horiek». Aurten, galiziarrak ere etorriko dira, Cabokoak: «Ez dira etorri zaleak izan orain arte». Kataluniarrek llagut izeneko ontzietan egiten dute arraunean han, baina Orion, salbuespen bat edo beste kenduta, traineruan aritzen dira: «Festa handia da haientzat. Gure arraun egiteko eran arraunlari sentitzeko egun gisa hartzen dute. Guk eta beste talde batzuek uzten dizkiegu traineruak».

Gabonetan hasitakoak bihar izango du akabera, eta, dena behar bezala ateratzeko, ezinbestekoa izaten da laguntzaileen laguntza: «Berrogeita hamarren batek eman dute izena, eta denen beharra izango da».

Festa kutsua daukala garbi geratu da, baina lehia ere bada. Test nagusia talde askorentzat udara begira. Hala dio Etxeberriak: «Gu iaz baino lasaiago goaz prestakuntzan [iaz, Oriok irabazi zuen etxean], baina saiatuko gara lan ona egiten. Azkenean, nahi ezta ere, lehia kutsatu egiten dugu taldeen artean, eta gogoa izaten da indartsu lehiatzeko». Agirrek badaki zein zaindu behar duen: «Cabo dator, eta udan, Euskotren ligan sartzeko aurkarietako bat izan daiteke. Ikusiko dugu nola dauden». Orioren emakumezkoen taldea, behintzat, indartsu dago, Sestaoko (Bizkaia) eta Hondarribiko (Gipuzkoa) jaitsierak irabazita aurten: «Gustatuko litzaiguke segida ematea bihar, bi garaipen horiek ez daitezen izan hondar ale bakanak».

Fernandez, berriz, lasai dago: «Badakigu Orio erreferentea dela prestakuntzan, hala bihurtu dugulako denon artean, baina beste pauso bat baino ez da azkenean. Gu ere polikiago goaz prestakuntzan iazkoaren aldean, ez dugulako emaitza on baten beharrik udara konfiantzaz heltzeko». Etxeberriak ere aipatu du prestakuntzarena: «Neguko lanean, karga handia izaten da, palada gutxitan denbora askoan ibiltzen garelako. Oriokoa, lan horren akabera izaten da, eta gero hasiko gara palada biziagoetan, intentsitatea landuz».

...eta etzi, jai

Botako dituzte gibelak arraunlari batzuek bihar. Beteranoak, emakumezkoak, gazteak, Herrialde Katalanetakoak, KAE eta TKE ligetakoek... denak ariko dira Oria ibaian. Lau mila metroko lana dute aurreneko lau multzoetakoak, eta sei milakoa besteek. Denak berdindu, gauean berdinduko dira, ohitura baita arraun taldeetan sagardotegietara joatea biharko gauez. Aurten, San Juanek ere egingo du txangoa: «Aurreneko aldiz izango da», esan du Fernandezek. Eta hori bai, igandean jai. Ez dute entrenamendurik izango arraunlariek; igande berezia izaten da. «Hori ere lortu dugu Jaitsiera honekin», bota du Etxeberriak, bromatan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.