Jose Antonio Cuero. Castroko entrenatzailea

«Jaitsierako lekuetatik urrundu nahi dugu»

Aitor Manterola Garate.
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Pedreñak bezala, Castrok ere entrenatzaile berria dauka: Jose Antonio Cuero (Santander, Espainia, 1973) arduratzen ari da orain arraunlariez. Arraunlaria ere bada, eta esperientzia dauka. Ez du lehen aldia entrenatzaile lanetan, duela bi urte Colindresen aritu zelako.

Zer asmorekin aterako da aurten Castro?

Jaitsierako kanporaketatik urrundu nahi dugu. Arazorik ez izatea da gure nahia. Gero, aurkari denei irabaztera joango gara, horretarako ari gara-eta entrenatzen. Txarrena zuloan sartzea litzateke. Eroso ibiltzea da gure erronka. Ligatik kanpo, berriz, Kontxarako sailkatzea da helburua.

San Miguel liga berdintasunaren menpe egongo dela dirudi. Zure ustez ere bai?

Bai. Azken urteetan asko igo da maila San Miguel ligan. Begira iaz zer gertatu zen. Guk, Castron, talde ona geneukan, eta atzean ibili ginen. Orio historikoa jaitsi egin zen. Eta Camargo, estropada askotan irabazlearengandik minutu erdira geratu arren, zulora joan zen. Aurten ere aurrenekotik azkenekora 30 segundoren aldea badago, oso garrantzitsua izango da hutsik ez egitea eta ondo hastea; hasieran bi estropada txar egiten dituenak atzean igaro beharko du urtea. Eta guk ez dugu hori nahi.

Nolakoa da zure taldea?

Beteranoa eta gaztea, bietatik daukagu. Beteranoen artean, adin handi samarrekoak gara batzuk; arraunlari zailduak eta banderak irabazitakoak. Gazteak, berriz, etxekoak dira. Aurreko urteetan Marinera-n lekurik ez dute izan, eta kanpoan aritu behar izan dute. Berreskuratu egin ditugu. Beteranoen jakinduria eta gazteen gosea. Horrela definituko nuke gure arraunlari kuadrilla.

Kopuru aldetik ondo ibiliko al zarete?

Justu samar aukeran. Baina beste alde batetik begiratuta, orekatua izango da taldea.

Galiziako arraunlari dezente dauzkazue tostetan. Arrazoi bereziren bat tarteko?

Ez. Iaz, hiru zeuden, eta aurten ere gurekin dira. Taldea osatzen ari ginela, zulo batzuk estaltzeko beharra ikusi genuen kanpoko jendea ekarrita. Euskal Herrian, Kantabrian eta Galizian aritu ginen bila, eta, azkenean, galiziarrak animatu dira gurekin etortzera. Jende jatorra da, taldearen giro onerako egokiak.

Iaz besteetan baino apalago ibili zen Castro. Zaleek barneratu al dute ez zaretela lehengo ontzi garaile hura?

Hemengo zaleek barrenetik bizi dute hau, eta badago antsietate pizar hori, azkar itzuli nahi dutelako onenen parera berriz. Baina bide hori luzea izaten da, asko kostatzen delako. Gainera, aurrekontua jaitsi egin da lehengo aldean. Hala ere, ilusio handiarekin gaude.

Entrenatzailea zaren aldetik, nabari al duzu presio hori?

Neuk jartzen diot presio handiena neure buruari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.