Erregulartasun falta. Horixe izaten ari da Realaren bekatua denboraldia abiatuz geroztik. Eta arazoari irtenbidea jarri nahian, Eusebioren taldeak irabazi egin nahi du gaur, Espanyolen zelaian (20:30). Jaitsiera postuak gertu dituzte txuri-urdinek, eta mamuak uxatzeko ezin dute hutsik egin. Besteak beste, aurkari zuzen baten aurka jokatuko baitute gaur. «Luze egin zaigu astea, baina gogoz eta ilusioz gaude jokatzeko», adierazi zuen larunbatean Eusebio Sacristanek. Taldeak azkeneko bi partidetan itxura ona eman ez arren, konfiantzarik ez zaiela falta aitortu zuen.
Jaitsiera postuetatik urruntzeko ezinbesteko baldintza da bi partida jarraian irabaztea, eta Realak oraindik ez daki zer den hori denboraldi honetan. Azkenekoz orain 11 hilabete irabazi zituen bi partida jarraian, 2015eko martxoan, eta garaia badu erregulartasuna topatzeko. Noski, etxetik kanpo hiru puntuak lortzen hasi beharra dauka. Izan ere, Eusebio aulkian denetik, Anoetatik urrun ez du irabazi Realak. «Etxean edo kanpoan aritu, gure joko sistemari eutsi behar diogu. Emaitzak etorriko dira», aitortu zuen Realeko entrenatzaileak.
Hasierako hamaikakoan aldaketak egingo ditu entrenatzaileak. De la Bella, Granero eta Yuri osatu dira, eta jokatzeko prest daude. Baliteke Yurik hasieratik jokatzea. Zurutuza ez da oraindik osatu, eta Aritz Elustondo ere ez.
espanyol - Reala
Jaitsieratik aldentzeko, Realak ezin du huts egin gaur Espanyolen aurka
20:30ean jokatuko du talde txuri-urdinak Bartzelonan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu