Vuelta biribila ari da osatzen Fabio Jakobsen (Deceuninck), esprintetan erabateko nagusitasuna erakutsiz. Hiru etapa patrikaratu ditu dagoeneko; azkenekoa gaur, Santa Cruz de Bezanako bukaera bihurrian. Holandarrak 25. urtebetetzea zuen gaur, eta garaipenaren eztiarekin gozatu du. Deceuninckek ezin izan dio esprinta beste egun batzuetan bezain garbi bideratu, baina beharrik ere ez du izan: aurkarien gurpila hartu, eta aise gailendu da azken metroetako ahaleginean, Jordi Meeus (Bora) eta Matteo Trentinen (UAE) aurretik. Garaipen bilduma handitzeaz gain, Jakobsenek urrats handia egin du elastiko berdea irabazte aldera.
Maillot gorriak, berriz, Odd Christian Eikingen (Wanty) soinean jarraitzen du. Norvergiarraren seigarren eguna izan da lasterketako lider moduan, eta lasai jardun du, faborito gehienek bezala. Batzuek, ordea, etapa hasiera petrala izan dute, eroriko baten ondorioz. Tartean izan dira Enric Mas (Movistar) eta Guillaume Martin (Cofidis), baina aparteko arazorik gabe itzuli dira tropelera. Haatik, etxerako bidea hartu behar izan du Giulio Cicconek (Trek), nagusiko hamabigarren sailkatuak.
Erorikoaren ostean osatu da eguneko ihesaldia. Bost txirrindulari sartu dira bertan: Mikel Bizkarra (Euskaltel), Stan Dewulf (Ag2r), Dmitry Claeys (Qhubeka), Quinn Simmons (Trek) eta Jetse Bol (Burgos). Geroago, Harm Vanhoucke (Lotto) batu zaie. Bi hanka gehiago lanerako. Alabaina, kate motzean lotuta izan ditu tropelak. Ozta-ozta gainditu dute bi minutuko langa.
Errenta nabarmen jaitsi da UAEren joaldiarekin. Ibilbide hautsia zuen etaparen azken zatiak, eta Trentinen taldeak jokoz kanpo utzi nahi izan ditu esprinter petoak; kasurako, Jakobsen. Helmugan gozatu aurretik, sufritu egin behar izan du Deceuninckek liderrak. Eten egin da une batez, baina lortu du berriro multzoarekin bat egitea.
Hamar kilometroren faltan harrapatu dituzte iheslariak, Dewulf izan ezik; sei kilometro gehiago egin ditu hark buruan, mirarian sinetsiz. Azkenean, ezin izan dio iskin egin tropelaren legeari. Era berean, esprinterrek ezin izan dute Jakobsenen nagusitasuna ezbaian jarri.
Azkarrenak itzalpean izango dira bihar eta etzi, etapa menditsuak jokatuko baitira Asturiasen. Biharkoa Covadongako aintziretan amaituko da, aurrez lehen mailako bi mendate kateatu ondoren. Etzi, berriz, Gamoniteirun egongo da helmuga. Ikusteko dago Eiking lidertzari eusteko gai den, eta Movistarrek Primoz Roglici (Jumbo) eraso egiteko adorea duen, Mas eta Miguel Angel Lopezekin.