Jan Ullrichi bi urteko zigorra ezarri diote 'Puerto auziagatik'

TASek 2005etik eskuratutako lorpenak baliorik gabe utzi dizkio, tartean Tourreko hirugarren postua

Erredakzioa
Donostia
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Astelehenean Alberto Contadorri, eta atzo Jan Ullrichi. TAS Kirola Arbitratzeko Epaitegiak bi urteko zigorra ezarri dio Alemaniako txirrindulari ohiari ere; Puerto auzian nahasita egoteagatik zigortu du. UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak bizi osorako zigorra eskatu zuen txirrindulariarentzat, bainaTASek atzera bota du haren eskaera. Zigorra 2011ko abuztuaren 22tik dago indarrean.

Horrenbestez, 2005eko maiatzaren 1az geroztik eskuratutako lorpen guztiak baliorik gabe utzi dizkio TASek. Horien artean,2005eko Frantziako Tourrean lortutako hirugarren postua, 2006ko Italiako Giroan irabazitako etapa bat, eta urte berean eskuratutako Suitzako Tourra. Azken horretan bigarren sailkatu zen Koldo Gil, Burlatako txirrindularia. Historia liburuetan egindako zuzenketen ondoren, hura agertuko da orduko Suitzako Tourreko garaile.

Alberto Contadorren auziarekin gertatu bezala, atzerapen izugarriarekin dator Ullrichen aurkako epaia ere. Bost urte baino gehiago dira Puerto auzia lehertu zela. TASen epaiaren arabera, Eufemiano Fuentes medikuak hainbat kirolariri dopatzeko substantziak ematen zizkien, eta tartean zegoen Ullrich. Epaitegiak hura eta Fuentes harremanetan egon zirela ondorioztatu du, Alemaniakoa haren gertuko jendearekin behin baino gehiagotan elkartu baitzen. Epai berak dio Ullrichek 80.000 euro baino gehiago ordaindu zizkiola medikuari, eta ez dago zehaztuta zer zerbitzuren truke. Medikuaren etxean aurkitu zituzten odol poltsetan, Ullrichen ADN analisiekin hainbat bat etortze daudela berretsi du.

2007az geroztik txirrindularitza mundutik erabat baztertuta bizi da Ullrich, urtebete lehenago Puerto auzian nahasita egoteagatik, Frantziako Tourretik kanporatu eta taldetik bota baitzuten. Ordura arte inor gutxik lortu zuena egin zuen berak: 1996, 1998, 2000, 2001 eta 2003an bigarren amaitu zuen Tourrean; 1999an Espainiako Vuelta irabazi zuen; 1999an eta 2001ean erlojuaren aurkako munduko txapelduna izan zen; eta 2000. urtean urrea lortu zuen Sidneyko Olinpiar Jokoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.