Iritsi da eguna. Azkenean. Osasunak badauka entrenatzailea: Jan Urban poloniarra, 1989tik 1994ra Osasunako jokalari izan zena. Kudeaketa batzordeak bilera luzea egin zuen atzo arratsaldean, Sadarren, eta "aho-batez" hartu zuten erabakia. Jose Antonio Vicuña Kibu zizurkildarra izango da Urbanen laguntzailea. Ez da eseriko lehen aldiz Osasunaren aulkian, 2003-2004 eta 2004-2005 denboraldietan bigarren taldeko entrenatzailea izan zelako; aurretik, baita gazte mailako taldearena ere. 2005etik 2007ra, berriz, idazkari tekniko lanetan aritu zen. Legia Varsoviara joan zen gero, eta Leo Beenhkker hautatzailearen laguntzailea ere izan zen 2008ko Eurokoparen atarian.
Hurrengo astean aurkeztuko dute Urban, baina kudeaketa batzordeak prentsaurrekoa eskainiko du bihar, 12:00etan, ondo bidean Nafarroako Ogasunak kontuak desblokeatzeko hartu duen erabakiaren inguruko hausnarketa egiteko.