Reala 1 - 0 Valladolid

Januzajen gol bati esker irabazi dute txuri-urdinek

Belgikarrak hagitz partida ona jokatu du, eta Realeko jokalaririk arriskutsuena izan da. Txuri-urdinak sailkapenean hirugarren dira, oraingoz.

Januzaj, taldekideekin gola ospatzen, gaur, Anoetan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
mikel rodriguez
2020ko otsailaren 28a
23:18
Entzun

Berpiztu egin da Adnan Januzaj. Denboraldi honetan ez da Imanol Alguacilen lehenbizikotariko aukera izan erasoko jokalarien artean, baina azken astean izan dituen aukerak ezin hobeki baliatu ditu. Partida hasieratik hura izan da Valladoliden buruhausterik handiena, gaur, eta belgikarraren erremate batek erabaki du Realarentzat trabatuta zegoen partida. Momentuz, hirugarren dira txuri-urdinak sailkapenean.

Lehenbiziko zatia hotza izan da. Lasterkaldi anitz ikusi dira, baita pase konbinazio eta kiribil egokiak, eta zenbait jokalariren detaile tekniko abilak ere, baina hagitz gol aukera gutxi. Bi ateen inguruko arean deus gutxi gertatu da lehenbiziko 45 minutuetan. Norgehiagoka motel hasi da, eta bi taldeek arrisku gutxiko jaurtiketa bana egin dituzte. Realak, ordea, aurkitu du Valladoliden ahulunea: haren ezker hegala.

Joseba Zalduak eta Januzajek pasabide erraza aurkitu dute Valladolideko Raul Carnero defentsaren hegalean, eta Mikel Oiartzabalek, Mikel Merinok eta Martin Odegaardek etengabe eskuin aldera zuzendu dituzte paseak. Realak jokaldirik onena 39. minutuan egin du; nola ez, eskuinetik. Januzajek izkin egin die bi atzelariri, Oiartzabali pasatu dio baloia, eta hark, area barrenean, orpoz itzuli dio. Gaztelarren defentsek, ordea, belgikarrari jaurtiketa itxi diote.

Hala ere, lehenbiziko zatiko jaurtiketarik argiena Valladolideko Enes Unal aurrelariak egin du, 21. minutuan. Baloi luze batengatik lasterka Realeko atzelariei aurre hartu die, baina boteka egindako jaurtiketa gutxigatik kanpora joan zaio.

Bigarren zatian, ordea, Realak berehalakoan izan du lehenbiziko aukera argia: Isakek buruz errematatu du korner bat area txikian, baina Salisuk ukitu ondoren Masip atezainak baloia hartu du. Barrenera zihoan. Lau minututara, baina, Valladolidek erantzun ezin arriskutsuagoa eman dio jokaldi horri, Unalek atearen pare-parean kanpora bota baitu baloia.

Remirok salbatu
Baina Reala ez da ernegatu, eta 60 minutu behar izan ditu denboraldi honetan hainbatetan josi dituen jokaldietako bat josteko. Odegaardek hasi, Oiartzabalek eta Zalduak paretarena egin, eta eibartarraren erdiraketa Januzajek buruz sareetara bidali du.

Partidaren itxura guztiz aldatu da une horretatik aitzinera. Januzajek berdin segitu du, Realeko jokalari arriskutsuena izaten. Lehenbiziko zatian ez bezala, Odegaard bigarrenean ohi bezala aritu da, eta txuri-urdinek jokoan nagusitzea lortu dute. Hala ere, futbolaren paradoxak, azken bi ikarak donostiarren ateak pairatu ditu, Remirok birritan eragotzi baitu Valladoliden berdinketa, 81. eta 93. minutuetan. Hiru puntuak, ordea, Anoetan gelditu dira, bertze behin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.