JAPONIAKO MUNDUKO SASKIBALOI TXAPELKETA. JAPONIAKO MUNDUKO SASKIBALOI TXAPELKETA

Amerikakoak, bi bakarrik. Brasilek, Puerto Ricok, Venezuelak eta Panamak agur esan diote lehiaketari, eta irudi eskasa eman dute

Jon Rejado.
2006ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Hausnarketak ohikoak dira saskibaloian. Denboraldia bukatzen denean, une garrantzitsu baten ostean... Dena den, egon badaude garaiz kanpo egin behar diren hausnarketak. Ezustean egiten direnak. Brasil, Puerto Rico, Venezuela eta Panamako selekzioak bigarren egoera horretan daude, Munduko Saskibaloi Txapelketako lehen fasea bukatu ostean. Etxerako bidean daude laurak. Argentina eta AEB alde batera utzita, agerian gelditu da Amerikako saskibaloiak ez duela bizi une on-ona.

Venezuelak garaipen bakarra, Panamak garaipenik ez... Munduko Txapelketa batean edozer gerta daitekeen arren, irudi eskasa erakutsi dute lau selekzio horiek. Selekzioko izar distiratsuenekin jokatu du Panamak, baina, zalantzarik gabe, irudi eskasena erakutsi duen selekzioetako bat da. Japoniako selekzioaren kontra ere desagertuta egon zen kantxan. Halere, Brasilena da kasurik mingarriena.

GARAIPEN BAKARRA. Multzo gogorra egokitu zitzaion hasiera batean: Grezia, Turkia, Lituania, Australia eta Qatar. Brasil selekzio gaztearekin joan zen Japoniara, maila handiko saskibaloia egiteko prest. Huertas, Leandrinho, Splitter, Varejao... Lula Ferreira hautatzaileak bazuen talde sendoa egiteko moduko lehengaia. Lehen fasea bukatzerako, ordea, egitasmo itxaropentsua zena guztiz desegin da. Muturreraino borrokatu duela argi dago. Neurketa guztietan izan du irabazteko aukera, baina Qatarren aurka baino ez du irabazi.

Lituaniaren kontrako partida lehen fasean gertatutakoaren adibide argia da. Final-zortzirenetarako sailkatzea baino pizgarri hoberik ez dago, baina lehen laurdenaren ostean 14 puntu azpitik zegoen markagailuan Brasil (35-17). Minutuak aurrera egin ahala neurketa bideratu zuen, eta neurketa irabazteko aukerekin heldu zen azken minutuetara. Aurreko partida guztietan gertatu bezala, ordea, une erabakigarrian ez zuen asmatu. Bost puntugatik galdu zuen Lituaniaren kontra. Sei puntugatik Australiaren kontra, lehen jardunaldian. Bi puntugatik Turkiaren kontra. Brasilgo jokalariak kalitatea dute, baina talde izaera falta zaie, azken minutuei indarrez aurre egin ahal izateko.

BILATUTAKO OPARIA. Brasil etxera bidean den bitartean, beste hainbat selekzio erruz bilatutako opari batez gozatzen ari dira. Amerikako saskibaloiak sei ordezkari zituen Japonian, baina bi baino ez dira gelditzen. Afrikako saskibaloiak hiru ordezkari zituen, eta bik jarraitzen dute, oraindik. Angola eta Nigeria merezimendu osoz heldu dira final-zortzirenetara. Senegal izan da lehen fasea gainditu ez duen bakarra. Final-zortzirenetan egotea sari polita da talde horientzat, baina sari handiagoa bilatuko dutela jakina da.

Txinako selekzioa ere pozik egoteko moduko txapelketa egiten ari da. Azken unean gora egin du, eta final-zortzirenetan sartu da, lehen hiru partidak galdu zituen arren. Senegalen kontra garaipen argia lortu zuen, baina atzo lan eskerga egin behar izan zuen Eslovenia mendean hartzeko. 2008. urteko Olinpiar Jokoetarako prestaketa bide onetik doa, eta oraindik ere sobera dute denbora hobetzen jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.