Azken bederatzi puntuetatik zazpi irabazi ditu taldeak eta azken zazpi norgehiagoketatik bakarra galdu. Lotinak zimenduak indartu ditu. Sendotasunetik abiatuta, pixkanaka pausoak ematen ari da, baina entrenatzaileak badaki aurrerapausorik handiena emateke daukala oraindik. «Lasaiago jokatu eta baloia gehiago eduki behar dugu, bistakoa da. Ondo dago aurkariarentzat talde deserosoa izatea, baina hori lortu dugu dagoeneko eta hazten joan behar dugu, erasoan ez dugulako horrenbeste hobetu». Emaitzek konfiantza hartzeko balio dute, baina joko onik gabe oso zaila da irabaztea eta taldeari horregatik kosta zaio bi garaipen horiek erdiestea, oraindik arma handirik ez duelako erakutsi aurkariak gainditzeko.
Egiteko horretan fitxaketa berriek asko lagun dezaketela iritzi dio Lotinak. Horretarako iritsi dira Savio eta Herrera, bereziki, baina ez bata ez bestea ez dira Santanderren izango, arrazoi desberdinengatik: nekeagatik Savio, eta bere fitxa oraindik iritsi ez delako Herrera. Lotinak deialdian sartu zuen herenegun, baina gero jakin zuen ezingo zuela jokatu. Victor Lopez ere etxean gelditu da. Entrenatzaileak patxadaz egin nahi ditu gauzak eta nahiago izan du, zentzu osoz, iritsi berriei erritmoa hartzeko denbora ematea. Alonsok eta Skoubok ere ez dute jokatuko, euren arazo fisikoak ez dituztelako guztiz atzean utzi. Danimarkarrarena istorio amaiezina bilakatzeko bidean da. Bazirudien partida honetan itzuli ahal izango zela zelaietara baina gehiago itxaron beharko du, jauzietan «konfiantza» falta zaiolako. Beti dago zer edo zer.
Horiek horrela, hamaikakoan aldaketa handirik ez da espero. Sailkapenean zortzi puntu gehiago baldin badauzka ere, Realaren Ligako taldea da Racing. Sardineron, gainera, emaitza bikainak lortu izan dituzte txuri-urdinek, han jokatutako azken norgehiagoketetan bost garaipen eta bi berdinketa lortu baitituzte. Hori gutxi balitz ere, aurkari zuzenek partida zailak dauzkate eta eurak urduritzeko balio lezake irabazteak. «Gure egoera oso gaitza da oraindik -esan zuen Lotinak-. Bost edo sei puntuko aldeak ikaragarri handia dirudi, baina 22-20 puntu dauzkatenek atzera begira egongo dira eta kontrakoa irudituko zaie. Bi partida baino ez dira. Irabazten baldin badugu batzuk behean sartuko dira, zalantzarik ez daukat». Izan ere, garaipen guztiak ez dira berdinak.
BIKOTEAREN BELDUR. Talde apala izan arren, Racingek ez du aurkezpen handirik behar. Zigic erraldoiak eta Munitis txikiak osatutako bikotea da ardatza: bien artean zazpi gol sartu eta goleko zortzi pase eman dituzte. Garaia denez, arreta handia erakartzen du eta horrek tarteak sortzen dizkie beste jokalariei. Ansotegi jokalari aproposa dirudi Zigic zaintzeko baina deialditik kanpo gelditu da beste behin ere.