Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Patxi Mutiloa kirol zuzendaria Londresen izan dira gaur, BAT Basque Team egitasmoko hainbat kirolarirekin. Han ziren Sugoi Uriarte judoka, Ainhoa Murua eta Zuriñe Rodriguez triatloilariak, Maider Unda borrokalaria eta Pablo Carrera tiratzailea. Olinpiar Jokoetan egin duten lanagatik zoriondu egin dituzte, eta gustura agertu dira Basque Teameko kideek lortutako emaitzekin.
BATeko kideek domina bat —Maialen Chorrautek— eta lau diploma —Ander Elosegi, Sugoi Uriarte, Ainhoa Murua eta Pablo Carrerak— lortu dituzte, eta, Jaurlaritzako ordezkariek esan dutenez, horrek argi uzten du "egitasmo hau sendo" dagoela eta lana ondo egiten ari direla.
Hala ere, Urgellek eta Mutiloak nabarmendu dutenez, aipatzekoak dira Erresuma Batuak kirol batzuk indartuta orain arte lortu dituen emaitzak Olinpiar Joko hauetan, eta aurrera begira BATek kirol batzuk indartzea aztertzen ari da Jaurlaritza.