Jauzia, garairik egokienean

Daniel Saldisek lehen sasoia du Inter Movistarren, Osasuna Magna Xotan urte luzez aritu ostean. «Gozatzen» ari da. Gaur-gaurkoz, Ligako golegile nagusia da.

Dani Saldise, baloiarekin, aurkari bat atzean utzi nahirik. Denboraldi aparta egiten ari da nafarra. HELEN BOTO / MOVISTARINTERFS.
Mikel O. Iribar.
2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Aurrean topatzen duen guztia irabazteko gai dentalde batera joateko erronka aspalditik zuen ezarria Daniel Saldisek (Irurtzun, Nafarroa, 1995). Bada, iragan denboraldian, areto futboleko Osasuna Magna Xotako jokalaria zela, Inter Movistar ahaltsuaren eskaintza jaso zuen. «Aukera handia iritsi zitzaidan, eta ez nion ihes egiten utzi nahi». Sorterria, familia eta gertukoak atzean utzi, eta etapa «zirraragarria» bizitzera eramango zuen trena hartu zuen. «Jauzia garairik egokienean eman dut».

Saldise jokalari gisa «gozatzen» ari da Inter Movistarren, taldean giltzarria izateraino. «Asko ari naiz jokatzen, eta jabetu naiz taldeari ekarpen handia egiten diodala».Baita golak sartu ere. Gaur-gaurkoz, nafarra da Espainiako Ligako golegile nagusia, hamalau gol sartuta. Ezin du gehiago eskatu. «Europako talderik onenetarikoan lehen urtea izanda, oso zaila da norberari ahalik eta zukurik gehien ateratzea; ni, aldiz, hori lortzen ari naiz, eta uste dut Interren moduko talde irabazle bateko jokalaria izateko kalitatea erakusten ari naizela; oso harro nago». Non dago sekretua bada? «Areto futbolarekiko pasioa betidanik izan dut. Lanean serio dihardut, eta taldean zein herrian [Torrejon de Ardoz] zoriontsua eta maitatua sentitzen naiz; iritsi nintzenean, besoak zabalik hartu ninduten».

Kluba, taldekideak, joko estiloa... dena da berria Saldiserentzat. «Baina izen eta kalitate handiko jokalariak alboan edukita, ari naiz taldera egokitzen. Giro oso ona dugu elkarren artean, eta familiako kidetzat ditut». Esaterako, Jean Pierre Guisel Costa munduko egungo jokalaririk onenetako bat taldekide izatea «ametsa» zen nafarrarentzat, «eta orain betetzen ari da». Bestalde, Eric Martel adiskide zaharrarekin batu da berriz ere. «Xotan lau denboralditan aritu ginen elkarrekin, eta Interrek fitxatu ninduela esan nionean, asko poztu zen. Harreman oso ona dut harekin, eta pistan ere hori islatzen da». Gainera, elkarren ondoan bizi dira, Paracuellos de Jaraman (Espainia), Torrejon de Ardoz Interren egoitzatik gertu.

Konfiantzaz «gainezka» dagoela aitortu du Saldisek. «Interrera joateaz ez naiz batere damutzen, eta uste dut erabaki onena hartu nuela. Nire kirol ibilbideko garairik onenean nago». Nabari zaio anbizio handiko jokalaria dela, eta honako hau esatera ere ausartu da: «Dani Saldise onena iristeko dago oraindik, betiere hankak lurrean edukita».

Beste kirol modalitateetan bezalaxe, ezohiko denboraldia dute areto futbolean ere, eta, Espainiako Futbol Federazioak kontrol zorrotzak ezarri dituen arren, pandemiak utzi du bere orbana; Interri lehen itzuliko bi norgehiagoka atzeratu zaizkio, talde batean zein bestean positibo kasuak egon direla eta. «Dena den, orain arte egindakoarekin gustura gaude. Agian, emaitza hobeagoak lor genitzakeen, baina taldeak iaztik hona aldaketak izan ditu; jokalari berri asko batu gara, eta hori nabari da». Orain, bosgarren postuan doa Saldiseren taldea, eta Irurtzungoak argi dauka zer hobetu behar duten: «Etxeko partidetan sendotasuna falta zaigu, eta berehala landu nahi dugu, bigarren itzulia gogorra izango baitugu».

Hain zuzen, neurketaz josita izango dute otsaila, eta atseden hartzeko beta handirik ez dute izango, zazpi partida baitituzte. «Neurketa guztiak jokatzeko prest egon behar dugu; egoera bakoitzera ondoen egokitzen den taldeak irabazteko aukera izango du». Datorren ostiralean, esaterako, Betis bederatzigarren sailkatuari egingo diote aurre. Dema «estua eta lehiatua» izango dela aurreikusi du Saldisek. «Akats txikiren bat egiten duen taldeak garesti ordain dezake. Ea hiru puntu eskuratzen ditugun». Ligari ez ezik, Europako lehiaketari ere ez dio begirik kentzen. «Jokalari guztiok jokatu nahi dugun txapelketa da». Bada, final-zortzirenak jokatuko ditu Interrek MFC Kherson Ukrainako taldearen aurka, otsailaren 19an. «Guztia dugu jokoan».

Talde indartsua izateak titulu guztiak irabazteko helburua dakar. Saldise oharturik dago horretaz, eta ez du ukatu nork bere buruari exijentzia eta presio handiagoa jartzen dizkiola. «Txapelketa batean lehiatzen garen aldiro, ez da nahikoa finalera iristea; irabazle izateko beharra sentitzen dugu, eta hori bai entrenamenduetan bai partidetan ikusten dugu». Horrelako erronka handiei aurre egiteko gai ikusten du bere burua nafarrak.

Koronabirusagatik segurtasun neurriak ezarri dituztenez, Saldisek ez du Jorge Garbajosa pabiloia jendez lepo beteta ikusi Interrera iritsi zenetik. Gehienez 300 ikusle inguru egon daitezke harmailetan. «Haien aldetik motibazioa eta berotasuna jasotzen dugun arren, oso bestelakoa izango da 3.000 jarraitzaileren aurrean jokatzea. Irrikan nago».

Dena ez da baloia

Oraina gozoa bizi du Saldisek, baina iraganari ere egiten dio so. «5 urte nituenetik, pertsona zein jokalari gisa, Xotan hazi eta hezi izan naiz. Guztia eman diot Xotari, eta klubaren partetik ere beste horrenbeste jaso dut». Ahal duenean, ikusten ditu Osasuna Magnaren partidak. «Ondo ikusten ditudan arren, azken minutuetan garaipenek ihes egin diete; merezi duten baino puntu gutxiago lortu dituzte». Hain zuzen, jokalari irurtzundarra haren talde kutunaren aurka lehiatu zen abenduan; 4-0 nagusitu zen Inter, eta Saldisek bi gol sartu zituen. «Egoera polita bezain arraroa bizi nuen. Azken batean, lagunen aurka jokatu nuen; tartean, Asier Llamas, eta kuadrillakoa dut. Zorionez, sentsazioak eta emozioak ondo kudeatu nituen».

Saldise goi mailako talde bateko jokalaria bada ere, beste zereginetarako badu astirik; ikasketei berriz heldu die. «Datorren urtean Psikologiako gradua egitea gustatuko litzaidake. Horretarako, unibertsitate atariko ikastaro bat egiten ari naiz, eta, oraingoz, ondo doakit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.