Javi Dominguez gasteiztarrak markak hautsi ditu Tor Des Geants mendi lasterketan

Duela lau urte Iker Karrerak ezarritako errekorra hobetu du Dominguezek, eta 67 ordu eta 52 minutuan egin ditu lasterketako 330 kilometroak.

Javi Dominguez, Ehun Miliak lasterketa irabazi berritan. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
2017ko irailaren 13a
15:24
Entzun

Europako mendi lasterketa ezagun eta gogorrenetariko bat  da Tor Des Geants (Italia). Aostako bailaran egiten da, Alpeetan. Orotara, 330 kilometro inguru egin behar izaten dituzte korrikalariek, Courmayeur herritik abiatu eta toki berean amaitzen den ibilbidea osatzeko.

Bidea egiteko gehienez ere 150 ordu izaten dituzte, eta hasi eta bukatu artean indarrak berreskuratzeko 43 gune dituzte. Ordea, askoz gutxiago behar izan du Javi Domiguez gasteiztarrak lasterketa egiteko. Bera izan da aurtengo irabazlea, eta dula lau urte beste euskal kirolari batek, Iker Karrerak, ezarritako marka ere hobetu du, ibilbidea 67 ordu eta 52 minutuan eginez.

Bideoa: Dominguez, lasterketako azken kilometroetan.

Faboritoetako bat zen hasieratik Dominguez, baina bazuen aurkaririk. Franco Colle italiarrak aurrea hartu zion lasterketako 205. kilometroan, eta bien arteko aldea hiru ordukoa izatera heldu zen Ollomont herri inguruan. Ordurako bi egun zeramatzaten korrika eta ia lorik egin gabe, eta italiarrak ezin izan zion nekeari gehiago eutsi. Horri esker, berriz ere lasterketa buru jarri ahal izan zen Dominguez, eta hala eutsi zion amaierara arte. Bigarren tokian, eta Dominguezengandik ordubete ingurura heldu da hemugara Oliveiro Bosatelli.

Imanol Aleson korrikalari azkoitiarra ere parte hartzen ari da Tor des Geantsen. 21 kilometroren faltan, bosgarren postuan doa, laugarrenarengandik —Carlos Sa portugaldarra— ordubete eskasera, eta seigarrenarekiko aldea aterata.

Emakumeetan, Silvia Trigueros abadiñarra bigarrena da —23. da sailkapen nagusian—. Sei ordura du lehena, Lisa Borzani italiarra. Bost ordu inguruko aldea ateratzen dio, berriz, hirugarrenari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.