Jeannie Longo eta Patrice Ciprelli ikertzen ari dira, ustezko dopin sareagatik

Bikoteak Alpeetan duen etxebizitza miatu dute jendarmeek, ustez atzerrian erosi zuten EPO arrastoari segika

Erredakzioa
Donostia
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Jendarmeek Jeannie Longo txirrindulariaren eta Patrice Ciprelli haren senar eta entrenatzailearen etxebizitza miatu zuten atzo goizaldean, Saint Martin le Vinouxen, Alpeetan (Frantzia). Grenobleko Fiskaltzak 2011ko irailaren 14an ireki zuen Ciprelliren aurkako ikerketa, atzerrian lehen generazioko EPOa erosi zuelakoan. L'Équipe Frantziako kirol egunkariaren arabera, erosketa horien frogen bila joan ziren gendarmeak atzo bikotearen etxebizitzara, tarte honetan, itxuraz, Ciprelliren «2010eko eta 2011ko bost erosketa susmagarri» antzeman dituztelako. Jendarmeek atxilotu egin zuten Ciprelli, eta lekuko gisa deklaratu beharko du Longok.

L'Équipe-ren arabera, iazko azken hiru erosketei dagokienez, jendarmeek 500 euroko hainbat faktura aurkitu dituzte. Ciprelliren kontu korronteetako bat posta bidez bidalitako pakete batekin lotzen dute faktura horiek. Itxuraz, Eprex produktua zegoen pakete horren barruan; hau da, lehen generazioko EPOa. Ikerketa Ciprelliren ingurukoa da oraingoz, orain artean Longo ez baitute lotu ustezko dopin sare horrekin.

Bikotearen etxebizitza miatu aurretik, jendarmeek zazpi orduko galdeketa egin zioten Edwige Pittel txirrindulariari; Longoren aurkaria da Pittel, eta 2007an Ciprelli izan zuen entrenatzaile. Bruno Genevois Frantziako Dopinaren Aurkako Agentziako presidenteari eta Rovert Beltrand hango idazkariari ere egin zieten galdeketa.

Iaz, errugabetu egin zuten

Longok 53 urte dauzka, eta sari zerrenda harrigarria dauka pilatuta: hamahiru aldiz izan da munduko txapeldun, 60 bat aldiz irabazi du Frantziako Txapelketa—egungo Frantziako erlojupeko txapelduna da—, eta Olinpiar Jokoetan urrezko domina bat ere badauka. Txirrindulariek une oro azaldu behar izaten dute non dauden, eta arau hori hiru aldiz hautsi zuelako, bi urteko zigorra jasotzeko zorian egon zen Longo joan den urtean. Baina Frantziako Txirrindularitza Federazioak errugabetu egin zuen azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.