«Jende askoren konpromisoak aldatu du Realaren norabidea»

Klubak datozen urteetako mugimenduak «zorrotz» neurtu beharko dituela aitortu du Jokin Aperribai Realeko presidenteak. Hala ere, baikor azaldu da, eta itxaropenez ikusten du klubaren etorkizuna.

Xabier Lopetegi.
Donostia
2010eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Bostekoa gogor estutuz agurtu ditu Jokin Aperribaik (Deba,Gipuzkoa, 1966) argazkilaria eta BERRIAko kazetaria, Anoetako bulegoan. Telebista eta argazki kameren aurrean agertzea omen da egiteko deserosoenetako bat harentzat Realeko presidente gisa, baina lotsa gaindituz joan da denborarekin. Futbola eta bere lanbidea uztartzeko eginahalak egin behar izaten ditu egunero, eta barkamena eskatu du, espero baino gehiago atzeratu delako elkarrizketa. Ahots doinua jaitsi du grabagailua martxan jartzean, bere burua erregistroz aldatzera behartuko balu bezala, baina galderei erantzun ahala, piztuz joan da.

Abenduan bi urte beteko ditu zuen zuzendaritzak karguan. Zer nabarmenduko zenuke?

Intentsitate eta lan handiko bi urte izan dira. Jende askori laguntza eta sakrifizioa eskatzea egokitu zaigu, bai hartzekodunen hitzarmenaren barruan kaltetuta atera diren pertsonei, baita erakundeei ere, Realak bere lidergoari eutsdiezaion.

Giroari buelta ematea nolakoa izan zen?

Une zailean sartu ginen. Ingurua aztoratuta zegoen, klubaren barne egoeraren isla. Baina zaleek gurekin izandako jarrera oso ona izan da. Lehen sei hilabeteetan, ez genuen igoera lortu eta emaitzak ez ziren onak izan, baina, hala ere, ez ziguten kargu hartu Anoetan. Eskertzekoa da.

Zein da gaur egun Realaren ahultasun nagusia? Eta zein indarra?

Ahultasun nagusia diruzaintza da. Lehen Mailako beste talde askorena baino hobea da, eta ordainketa guztiei egingo diegu aurre, baina datozen urteetan kluba kudeatzeko modua baldintzatuko du. Gure indar nagusia, berriz, zaleak dira. Klubak historia egin badu, konpromisoa, esfortzua eta batasuna zer den bazekiten pertsonei esker egin du. Orain ere, pertsona askoren konpromisoak aldatu du klubaren norabidea.

Eskuak lotuta edukiko ditu klubak, hartzekodunen hitzarmena bete behar izatearen ondorioz?

Ordainketa zaharrei egin beharko diegu aurre, eta kontuan hartu behar da taldeari eustearen alde egin dugula, jokalariak saldu gabe, Lehen Mailari eusteko. Eskuak loturik ez dauzkagu, baina betidanik klubak izan duen berezko kudeaketa eredua aurrera eramateko mentalizatu behar izan dugu. Ez dugu ezer berririk asmatu. Gauzak pausoz pauso egin behar ditugu, daukaguna finkatuz.

Hari batean bizitzera ohitu beharko du Realak?

Aktiboak edo jokalariak saldu ezean, diruzaintza eta aurrekontua asko neurtu beharko ditugu. Ezin dugu burugabekeriarik egin.

Zein da Realarentzat neurriko aurrekontua Lehen Mailan?

Momentuz, oraintsu aurkeztu duguna [35,9 milioi euro]. Gastuei ohiko diru sarrerekin egin diezaiekegu aurre. Hau da, ez dugu ezohiko diru sarrerarik behar aurrekontua aurrera ateratzeko. Talde askok ezin dute halakorik esan. Mugarritzat jo daiteke aurrekontua, baina horrek ez du esan nahi hazteari uko egiten diogunik.

Jokalariak salduko ez dituzuela diozu, baina Reala beti izan da saltzailea.

Merkatuaren logika halakoa da: jokalariek batzuetan beste talde batera joan nahi dute. Realak ezin du ate hori itxi, uneren batean beharra izan dezakeelako. Puztuta dagoen mundu bat da futbola, eta zaila da Lehen Mailari eustea. Baina oraingoz ez dugu aurreikusten halakorik.

Duela gutxi aurkeztu zenuten aurrekontuan, bi kontuk zeresana eman dute: zorra kitatzea diru sarrera gisa zenbatzeak eta Anoetaren erabilera eskubidea 25,1 milioi eurotan zenbatzeak.

Kontabilitate arauak zorrotz bete dugu. Kontu-ikuskatzaileek ez dute trabarik jarri, eta gauzak behar bezala egin ditugula diote. Ez dago ezer berezirik. Anoetari dagokionez, Realak hainbeste urtetan estadioa erabiltzeko eskubidea edukitzea ondare nabaria da. Jabetza gurea ez bada ere, gure aktiboaren zati bat da, eta kontabilitate arauek diote halako eskubideak zentzuz kontabilizatu behar direla. Aditu independenteen eta gure aholkularien irizpideari jarraitu diogu. Esan digute hala egin behar zela 1993tik aurrera.

Zergatik ez da orain arte hala egin?

Ez dagokit niri horri erantzutea. Egia da 2007an aldaketa izan zela kontabilitate arauetan, eta denek aldatu behar izan dutela formatua, egokitzeko.

Diru sarrerak handitzeko, nolako neurriak hartzeko asmoa duzue?

Ez dugu inprobisatuko. Argi zeuden igo beharreko koskak. Aurrena, juridikoki Konkurtso Legetik ateratzea. Bigarrenik, ondarea egonkortzea. Eta orain aipatu duzuna dator. Une honetan bi eztabaida nagusi daude: LFPn, telebista eskubideen ingurukoa, eta Anoetaren ingurukoa.

Telebista eskubideen aferan zein da zuen jarrera?

Gure egoera kontraesankorra da. Hiru urte eman ditugu Bigarren Mailan, baina hori ez dator bat gure jarrera historikoarekin. Orain arte aurkeztutako bi proposamenek ez dute erabat balio Realarentzat. Sortu diren bi multzoen aurrean, gure jarrera desberdina da. Aldaketak sartzen saiatuko gara negoziazioan, Realaren ezaugarrietara egokitu dadin.

Real Madril eta Bartzelonaren proposamena bidegabea da?

Ez. Bidezkoa da talde askorekin, eta telebista eskubideak orain baino modu zuzenagoan banatzen ditu. Real Madrilek eta Bartzelonak beren diru sarrerak izozten dituzte, 2021 arte, eta besteok orain daukagunaren aldean hobera egiten dugu bitartean. Baina ez da berdintasunezko eredua, eta hori da koska nagusia talde batzuentzat eta Realarentzat. Aldeak murrizten ditu, baina ez nahi bezala.

Europako ereduei gehiago begiratu beharko litzaieke?

Zaila da. Orain arte eskubideak bakarka negoziatu dira, eta horrek eraman gaitu egungo egoerara. Ez da erraza aipatutako taldeek 150 milioi euroko atzerapausoa ematea. Pixkanaka tokia irabazten joatea da gakoa.

Erakunde publikoen menpe egon gabe bizi daiteke Reala?

Menpekotasun hori ez da hainbestekoa. Diru laguntzetan, gure aurrekontuaren %5 inguru baino ez dugu jasotzen. Ez gaude gehien jasotzen dutenen artean.

Babesletza kontratua ez duzu zenbatu.

Baina babesleak lortzeko badaude beste aukera batzuk. Aurreko sasoian Belca izan zen, eta honetan, euskararen aldeko mezu bat. Oso harro gaude Lehen Mailara itzuli garenean mezu hori erakusteaz, eta indartu egin nahi dugu.

Zabaldutako iritzia da Realari gehiegi laguntzen zaiola. Zer deritzozu?

Realak laguntzen zaiona baino gehiago itzultzen du zergetan. Urte bukaeran 6-7 milioi ordaintzen ditu, PFEZ eta BEZean. Une honetan, gure diru laguntza sei milioi eurokoa da, lau urtetan banatuta. 1,5 horietatik, 1,2tik gora Gipuzkoako taldeetara iristen da.

Politikarien esku-hartzerik pairatu al du zuzendaritzak?

Ez. Esker oneko hitzak baino ez ditugu politikarientzat. Gure arazoak entzun dituzte, eta ez dira ausartu aholku bakar bat ere ematera. Laguntza besterik ez dugu jaso.

Abonuak %12 igo dituzue. Zergatik?

Beharrezko neurria da. Beste talde batzuek, 34.000 bazkiderekin, 20 milioi euroren diru sarrerak dituzte. Realak, berriz, 8-9 milioi eurorenak izango ditu 26.000 bazkide ingururekin. Gogoratu behar da Bigarren Mailara jaitsi ginenean %20 merkatu genituela.

Zertan da estadioa berritzeko proiektua?

Ezin gara azkarregi joan. Denontzat erosoa den proiektu bat egin behar dugu, denon artean, diruaren jatorriari, estadioaren tamainari zein hirigintza aprobetxamenduei dagokienez. Faktore asko uztartu behar dira, baina ezinbesteko proiektua da. Estadio hau zurrunegia da Lehen Mailan 60-70 milioi euroko aurrekontua duten taldeekin lehiatzeko: Sevilla, Athletic, Espanyol, Valentzia, Atletico Madril... Historikoki, gure aurkari zuzenak izan dira, eta guztiek aurrerapausoa eman dute diru sarreretan.

Zergatik hasieran proiektua Munduko Koparako hautagaitzarekin lotzen zen, eta orain, berriz, hautagaitzarik gabe ere aurrera eramateko aukera onartu duzue?

Oraingoz Munduko Koparen menpe dago. Baina argi dago zein den Realaren eta bazkideen borondatea: harmailak gertuago egotea. Hautagaitzarik ez badago, saiatuko gara denon artean proiektuaren tamaina berraztertzen eta aurrera eramaten.

Azken berriak kontuan hartuta, itxaropena baduzu Espainia eta Portugalen hautagaitzak irabazi duela?

24 lagunek bozkatzen dute, eta sekretu hori Coca-Colarena baino hobeto gordetzen da. Entzuten dudanaren arabera, aukerak badaude.

41.000 eserlekuko estadioa ez al da gehiegitxo, gaur egun Anoeta nekez betetzen dela ikusirik?

Atotxan, taldea Ligako txapeldun izan zenean, 11.000 bazkide ginen. Anoetan, Bigarren Mailan, ez gara 19.400eko kopurutik jaitsi. Fondoak gainezka daude. Sarrera bakar bat ez dugu. Eta eskaerak badaude, baina askok uko egiten diote eremu nagusietan bazkide egiteari. Gainera, Realak jakin behar du jende gaztea erakartzen.

Zer moduz ikusten ari zara taldea?

Eguneroko lanean buru-belarri, eta Lehen Mailan luzerako gelditzeko borondate argiarekin. Azken hiru urteak Bigarren Mailan egon gara, eta asko kostatu zaigu itzultzea. Ekonomia aldetik ere, Lehen Mailako 15. edo 16. aurrekontua dugu. Fitxaketa eta atzerritarren kopurua ere kontuan hartu behar da. Finkatzea da helburua, hortik aurrera ondo neurtutako bultzadak hartzeko.

Aurreko sasoiko oinarriari eutsi diozue. Zergatik?

Konfiantza eta itxaropena dugulako. Diru askorik ez baduzu, ondo aukeratu behar duzu norabidea, ezin zara zabuka ibili. Gure kasuan, harrobiak ezartzen du norabidea, eta indartu egin behar dugu helburua lortzeko, bai fitxaketekin, baita ekonomikoki ere. Urtero lau milioi eurotik gora inbertitzen dugu Zubietan.

Joseba Llorente eta Diego Ifran fitxatzeko, dezenteko dirua gastatu duzue.

Aurreko sasoian, Lehen Mailan, lehen hamar sailkatutakoek 50 gol baino gehiago sartu zituzten. Gu, Bigarren Mailan, ez ginen kopuru horretara iritsi. Ezin genion errealitateari bizkarra eman, baina klubaren egoera konprometitu gabe fitxatu dugu.

Zergatik berritu diozue kontratua Martin Lasarteri?

Askotan entrenatzaileei leporatzen zaizkie emaitzak, aldagela barruko xehetasunak ezagutu gabe. Lasarterekin dugun harremana, klubaren nortasunari eta ezarritako estrategiari dagokionez, oso sakona da.

Zergatik luzatu da hainbeste sinadura, orduan?

Konfiantzagatik. Sinatzera joan ginenean, akats batzuk zeuden dokumentuan, eta denbora hartu genuen.

Loreni ere kontratua berritu nahi diozue?

Bai. Oraindik ez gara hizketan hasi, baina lan zoragarria egiten ari dela uste dugu.

Bateragarriak dira Loren eta Javi Perezen karguak?

Noski. Javik ezagutza handia ekarri du Realera; batez ere, oihartzun handirik eduki ez arren aukera ona den merkatu baten ingurukoa. Hor daude De la Bella edo Sutil. Ifran eta Llorente fitxatu ditugu, Demidov libre gelditzen zela aprobetxatu dugu, etorkizuna handiko gazte bat ekarri dugu Ajaxetik... Konbinazio horrek argi uzten du oso esparru zabala jorratzen ari garela.

Diego Rivasi eskaintzarik egingo diozue?

Denbora hartu nahi dugu. Jokalari asko daude hor, baina egia da asko jokatzen ari dela. Datorren sasoia nola planifikatzen den ikusi nahi dugu erabaki bat hartzeko.

Alberto de la Bellak eta Carlos Martinezek bikain hasi dute denboraldia, eta biei bukatuko zaie kontratua 2011n. Gauzak zailtzen ditu horrek?

Biek badakite zer den Reala, eta Realak ere badaki zer eman dezaketen. Finkatutako irizpide ekonomikoak dauzkagu, eta malgutasunaren barruan, gurekin jarrai dezaten saiatuko gara.

Baikor zara?

Elkarrizketak etenda daude ekainaz geroztik, bi aldeen borondatez.Laster ikusiko dugu baikor garen edo ez.

Nola gustatuko litzaizuke jendeak gogoratzea zuen zuzendaritza?

Denbora asko barru etortzea espero dut, baina normaltasunarekin lotzea gustatuko litzaidake.

Realaren egoera bideratzean kargua akziodunen esku jarriko zenutela agindu zenuten. Nola ikusten duzue etorkizuna?

Oraindik ez dugu eztabaidatu. Edonola ere, ez gaitu gure etorkizunak kezkatzen, Realarenak baizik. Dagokion unean aurre egingo diogu erabaki horri, Realaren egonkortasuna lortzen saiatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.