Jende gutxirekin, hobe etxean

Labriten eta Bergaran jokatuko dira finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldiko partidak

Imanol Magro Eizmendi.
2007ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Enpresen Ligak zehaztu ditu finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldirako pilotalekuak. Bigarren astez jarraian, Iruñean eta Bergaran jokatuko dira, enpresen ohiko pilotalekuetan. Badirudi lehen jardunaldiko partidetan jende gutxi batu izanak gogoa kendu diela frontoi handiagoekin arriskatzeko.

Iragan asteburuko irabazleek, Olaizola I.a-Belokik eta Xala-Eulatek, igandean jokatuko dute, Bergarako udal pilotalekuan. Galtzaileek -Bengoetxea VI.a-Ruizek eta Gonzalez-Pascualek-, berriz, larunbatean jokatuko dute, Iruñeko Labriten. Bigarren astez jarraian, enpresek pilotaleku horiek berak aukeratu dituzte, eta ez da harritzekoa. Binakako finalerdiek ez dute ikusmin berezirik sortu, eta litekeena da finalera arte ez joatea Atano III.a edo Ogetara.

Iragan larunbateko partidan Labrit beteko zela espero bazen ere, azkenean zazpiehun ikusle inguru batu ziren. Kopurua ez da ona, Labrit plaza onena dela eta finalerdietako partida zela kontuan hartuta. Halere, kezkagarriagoa izan zen igandean Bergaran ikusitakoa. Harmailen erdiak baino gutxiago bete ziren, eta, asko jota, laurehun ikusle inguru bilduko ziren finalerdia ikusteko. Zorionez, Oteitzatik Eulateren 40 zale inguru joan ziren, eta haiek hartu zuten pilotalekua girotzeko ardura.

Herenegun ez zen jende asko bildu Bergaran, eta etxean gelditu zirenek ez zuten askorik galdu. Xalak eta Eulatek Gonzalezen hutsei esker lortu zuten finalerdietako aurreneko puntua (22-17). Eurak ez ziren faborito, eta partida hasieran arrazoia eman zieten pilotazaleei (15-5). Pascualek aise agindu zuen atzean, eta Gonzalez fin ibili zen errematean.

Pilota aldaketarekin, baina, partida hankaz gora gelditu zen. Gonzalezek hiruzpalau huts egin zituen jarraian, eta guztiz irten zen norgehiagokatik. Azkainekoak huts mordoa egin zuen hortik aurrera, eta aurkariak sartu zituen partidan (15-15). Gonzalez ezinean ikusita, Xala eta Eulate haren bila joan ziren, eta oso bizkor lortu zituzten azken zazpi tantoak.



BELOKI ETA BARRIOLA. Ruben Beloki izan da finalerdietako lehen jardunaldiko pilotari onena, Euskadi Irratiaren saria banatzen duten kazetarien arabera. Burlatako atzelariak 63 puntu jaso zituen, lor daitezkeen gehienak. Bigarren Xala izan zen, 62 punturekin. Sailkapen nagusian Sebastian Gonzalez da liderra, 272 punturekin. Bigarren, berriz, Beloki da, 267 punturekin. Nabarmentzekoa da Xala hirugarren dela sailkapenean ,244 punturekin, Lekuinekoak lau partida bakarrik jokatu baititu.

Herenegungo jaialdian, halaber, Abel Barriolak bere kontratu luzapenaren inguruan hitz egin zuen. Leitzarrak Asperekin duen akordioa bihar bukatuko da, eta pilotariak ez du arazorik espero negoziazioetan. Leitzarrak azaldu zuenez, oraindik ez badu berritu lehen bilera nahiko berandu egin zutelako izan da. Barriolak ez du beste enpresaren batekin hitz egin.



Igande honetan hasiko daBerezkoen Binakako Txapelketa

Txapelketak bi adarizango ditu, eta Waltarypilotari kubatarrakparte hartuko du
I. M.

Iruñea

Buruz buruko finala jokatu berri den arren, berezkoak binakako txapelketan pentsatzen hasiak dira. Binakako txapelketa Frantziako Federazioak antolatuko du, eta igandean hasiko da. Berritasun nagusia Agusti Waltary aritzea izango da, lizentzia garaiz lortu baitu.

Binakako txapelketak bi adar izango ditu, eta bakoitzean hiru bikoteko final-laurdenetako ligaxka bana jokatuko da. Lau bikote, adarreko bina, zuzenean daude sailkatuta, eta hirugarrena kanporaketa bidez erabakiko da. Ligaxka bakoitzeko lehen bi sailkatuak finalerdietara pasatuko dira, beste multzoko sailkatuekin gurutzatzeko. Finalera pasatzeko finalerdietako bi partida irabazi beharko dira.

Lehen adarrean, Larretxea-Ezkurra II.a eta Waltary-Etxeto daude sailkatuta. Hirugarren bikotea erabakitzeko bi kanporaketa jokatuko dira. Lehenbizi, Aranburu-Errekartek Etxeberri-Istilarteren aurka jokatuko dute, eta irabazleek Muskarditz-R. Dermit izango dituzte aurkari. Bigarren kanporaketako irabazleek finalerdietarako txartela lortuko dute.

Txapelketaren berritasun nagusia adar horretan egongo da, Agusty Waltaryk garaiz lortu baitu lizentzia, eta binakakoan egingo baitu debuta berezkoekin. Kubatarra duela gutxi itzuli da Miamitik, eta zirkuitu osoa jokatuko du.

Binakakoaren bigarren adarrean, Sorhuet-Ozafrain eta Ibarrola Kurutxarri dira zerrendaburuak. Adar horretan kanporaketa bakarra jokatuko da, Ezkurra I.a-Maite eta Idiart J.C. Dermiten artean. Txapelketa igandean hasiko da, Mendiondon, adar bakoitzeko aurreneko partidarekin.



BIGARRENEZ, TELEBISTARIK GABE. Buruz burukoan gertatu bezala, ETBk ez du binakako txapelketako partidarik emango. Bigarren urtez jarraian, telebista publikoak ez du trinketa sartuko bere emanaldietan. Iaz partida bakarra eman zuten, Baionako Mastersean, eta Irujoren parte-hartzeagatik izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.