«Talde batek erlojuaren aurka aurten egindakoa inoiz egin ez duenean, eta taldeko kideak lau aldiz etapa irabazteko zorian eta ikuskizuna emanez aritu direnean, ezin esan daiteke porrota izan denik». Hitz horiekin erantzun zien Migel Madariaga Euskaltel-Euskadiko managerrak taldeko txirrindulariei buruz direnak eta ez direnak esan dituztenei.
Aurtengo Tourra irabaztea edo podiumean sartzea zen Euskaltelekoen helburua, baina errepideak bakoitza bere lekuan jarri du. Migel Madariagaren iritziz, «Mayok gaizki pasa du. Psikologikoki ez dago ondo, eta horrek eraginda gorputzari buelta eman ezinda dabil. Dena den, egunen batean buelta emango dio, eta espero dugu bihar [gaur] izatea».Pirinioetako maldetan euskaldun asko bildu zen, eta ikusitakoa onartu ezinda, batzuk Julian Gorospe eta Migel Madariagari oldartu egin zitzaizkien: «Guretzat Tourra Txapeldunen Ligaren parekoa da, eta futbolean talde bat Txapeldunen Ligatik botatzen dutenean presidenteari ez diote autoa apurtzen. Gertatutakoa ahaztea hobe izango dugu, 8.000-9.000 ikusleetatik hiruzpalauk izan baitzuten jarrera itsusi hori», adierazi zuen Madariagak. Euskaltel-Euskadik lortutako emaitzek ez dute euskal zalea ase, baina Madariagaren ustez, «zaleak gaizki ohituta daude, beti etapa bat irabaztera ohitu baititugu. Jendearen nahia ez dugu bete, baina ez dut uste porrota hitza erabil daitekeenik, taldea lau Tourretan parte hartu dutenen artean onena baita».Euskalteleko managerraren usterako, «ez da behar bezala baloratzen hutsetik hasitako talde euskaldun bat lau urtez Tourrean izatea. Urtero Tourrean izatea bera da lorpen handia guretzat».Batzuk ez dira nahi bezain gustura heldu Alpeetara, baina beste batzuk, Bjarne Riis kasu, ez dira haserre. «Ivan Bassorekin, diru asko gastatuta, lan handia egin dugu, eta emaitza hor dago. Tourra irabazteko moduan ikusten dut, baina badakigu horretarako Armstrongek huts egin beharko duela», esan du CSCko zuzendariak.
TXIRRINDULARITZA. FRANTZIAKO TOURRA
«Jendea gaizki ohitu dugu»
Migel Madariaga, Euskaltel Euskadiko managerra, itxaropentsu dago Alpeetako etapei begira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu