Pablo Laso. Lagun Aro GBCko entrenatzailea

«Jendea lasaitu egin da, eta hori onartezina da»

Bihar bukatuko du liga Lagun Arok, Gasteizen. Bukaera tristea izango da, azken 22 partidetatik bost bakarrik irabazi baititu. Mailari eutsi izana neurrian baloratu du Lasok, eta kritika zorrotzak egin dizkie hainbat jokalariri, haien jarrera txarra dela eta.

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Pablo Lasok (Gasteiz, 1967) gustura hartuko du liga bukatzea. Asko eta denetarik entzun du on-ona izan ez den sasoi honetan, eta berea botatzea erabaki du prentsan, inoiz ez bezala, zuzen, zintzo eta konbentzituta. Lasok uko egin izan dio tradizioz komunikabideen bozgorailuari, baina oraingoan ez. Mahai gainean kolpea eman nahi izan du, baita modu naturalean eman ere. Bere aurretik pasatu dira jokalari eta kazetariak astearteko prentsa agerraldian, Illunben, eta ozen hitz egiten jarraitu du, beldurrik gabe.

Sasoi hau orain arteko zailena izan dela aitortu duzu. Zergatik?

Gauza askogatik: lesioak, kontrolatu ezin diren neurrian; azken unean galtzen dituzun partidak; taldeak jarrera arloan izandako gorabeherak; Tskitixviliren hutsunea…

Entrenatzailea zara. Pentsatzekoa da arazo horiek konpontzen eskarmentua duzula.

Bai eta ez. Jokalari batzuk ezagutzen dituzu, besteak ez, eta ezagutzen dituzunekin egoera bideratzen saia zaitezke. Nik baino gehiago, taldeak egiten du hori, baina ez du beti lortzen. Talde moduan gustatu ez zaizkidan gauzak ikusi ditut, eta horrek arduratzen nau.

Halakoak gertatzen direnean, erabaki zorrotzak hartzea al da bide bakarra?

Bai, baina gaitasuna eduki behar da horretarako, eta Lagun Arok ez dauka. Saiatu gara hau eta bestea mugitzen, aldatzen, baina kontua ez da jokalari bat edo beste botatzea, taldea hobetzea baizik. Saskibaloia ez da bakarrik kantxan ikusten den jokoa. Taldea egitea ere saskibaloia da, jarrera egokia izatea ere saskibaloia da.

Haserre samar zaude.

Ez, haserre ez; atsekabetuta nago. Jarrera eta talde arazoak konpontzea ez da erraza. Agian, pieza bat mugitzen duzu, eta asmatu egiten duzu, baina agian ez. Botere ekonomikoa duten taldeek jokalariak aldatzen dituzte, Baskoniak adibidez, baina guk ezin dugu. Nik abenduan nekien Tskitixvilik ez zuela gurekin bukatuko sasoia, baina ez nuen ezer esan jendaurrean, arazo hori konpontzeko aukerarik ez zegoelako.

Pluralean hitz egiten duzu. Jarrera egokirik izan ez duten horiek zeintzuk diren ez duzu esango, noski.

Ez, eta ez da hain ariketa erraza ere. Ezin dut «hauek eta hauek dira jarrera txarra izan dutenak» esan, eta horiek taldetik bota, taldeari berari kalte egiten zaiolako eta hemen lehentasun osoa taldeak duelako. Kopuru zehatzik ere ez dago. Ulertze aldera: Isaac Lopez oso profesional ona da, jarrera onekoa, baina ez genuen taldean mantendu, beste lehentasun batzuk genituelako. Ez da erraza jokalari batzuk kentzea kentzeagatik. Erabaki arriskutsua da.

Konforme ez zauzkaten horietakoren batek kontratua al dauka oraindik?

Daukan edo ez ez da garrantzitsua. Niri kontratua eten izan didate. Zertarako balio dute kontratuek? Nork ziurtatzen dit niri udan ez dela Panathinaikos etorriko eta Jimmy Baron fitxatuko? Baronek ere kontratua dauka. Kontratuak babesa, eman, ematen du, baina ez erabateko ziurtasuna, eta jokalaria horren jakitun da.

Normalean, hamabi garaipenekin itxiko du sasoia taldeak, eta mailari eutsita. Konforme?

Bai, helburu nagusia ACB ligan jarraitzea zelako eta lasai antzean lortu dugulako.

Kritika asko egin zaio taldeari, arrazoizkoak neurri batean, 2010a 7-5 bukatuta 2011ko balantzea txar-txarra delako: 5-17.

Nondik begiratzen zaion. Gogoan dut denboraldi atarian hainbat adituren blogak irakurri nituela eta Lagun Aro mailaz jaisteko hautagaitzat jotzen zutela. Granada eta Alacant ezustekoa emango zuten taldeak izango zirela zioten berak. Ligako lehen herenean bikain ibili ginen, eta horrek halako euforia eragin zuen. Nik, ordea, oinak lurrean nituen, agian maila on horri eusteko gai ez ginela izango pentsatzen nuelako. Zoritxarrez, hala gertatu da. Bolada txar batean sartu ginen, ezin atera, eta une zail horrekin geratu da jendea.

Bi denboraldi, eta bietan bilakaera bera: txukun hasi, oso bolada txarrean sartu, eta bukaera tristea. Jokalari batek esan zidan zuzendaritzak eta arlo teknikoak sakon aztertu beharreko arazoa zela hori, bolada txar hori zergatik errepikatu ote den hainbeste.

Jatorri asko izan ditzake: plangintza, egutegia, taldearen osaketa, anbizioa… Beherakada fisikoa izan liteke argudio bat, baina ez da sasoi guztietan gertatu, batzuena baizik. Plangintza LEB ligako eta ACB ligako lehen urteko berbera izan da sasoi honetan, eta bi urte haietan ez genuen txakalaldirik izan. Xehetasun garrantzitsu bat ere eman nahi nuke: talde askok galdu dituzte bospasei partida segidan, liga oso gogorra den seinale.

Kopa oso gertu izan zenuten, baina ez zenuten sinetsarazi nahi izan hori lortzeko modukoa zela eta zuhur hitz egin zenuten. Eraginik izan al du horrek bigarren itzulian? Alegia, gehiegizko zuhurtzia horrek nolabaiteko konformismoa eragin izana denei?

Baliteke, baina zeharo zentzugabea iruditzen zait halakorik gertatu izana. Ezin dut ulertu jokalari batek anbiziorik gabe jokatzea, edo etxean dena ematea eta etxetik urrun axolagabekeria handia azaltzea. Dena ematen duten jokalariak eduki nahi nituzke.

Eta zer egin anbizio hori sustatzeko?

Denboraldia bukatuta, ezinezkoa da; denboraldia jokoan dagoenean egin behar da hori. Orain, anbizioa nork izan duen eta nork ez aztertu behar dugu. Azkena, lasaitzea. Hori, inoiz ez. Badirudi zenbait jokalari konforme daudela, lasaitu egin direla mailari eutsita, eta hori onartezina da. Ez zait justua iruditzen, ez zaleentzat, ez klubarentzat, ezta Donostia eta Gipuzkoarentzat ere.

Norbaiti mezuren bat bidaltzen ari zarela dirudi.

Ez, ez. Ulertu nahi duenak ulertuko du.

Ematen du gauza asko esan nahi zenituzkeela baina ez duzula berotu nahi.

Batzuk taldearen mesedetan duten guztia emateko gai direla esan nahi dut. Alfonso Sanchez, agian, ez dago konforme bere lanarekin, baina ni bai, dena ez delako zenbaki onak lortzea. Beste batzuk, aldiz, kontent egongo dira zenbaki onak lortu dituztela uste dutelako, baina, nire ustez, ez dute lagundu behar zutena lagundu.

Esaten ari zarena esanda, taldean udan iraultza potoloren bat gertatuko dela dirudi.

Ez du zertan. Blokeari begiratzen diot, eta blokeko %70i kontratua bukatuko zaie.

Banan banako analisia eskatuz gero, nor geratzea nahi duzun eta nor ez susma daiteke.

Ez dut uste. Urte asko daramatzat ofizio honetan.

Egin ezazu, beraz, taldearen analisi orokor bat.

Javik eta Ricardok konplitu dutela esango nuke [Javi Salgado eta Ricardo Uriz]. Asmatu egin dugu bikotearekin. Pankok errendimendu ona eman du, saskitik urrun eta saskipean, eta Domen Lorbekek ere sasoi bukaera ondo jokatu du. Sasoi hasieran elkarrekin ezin hobeto moldatu ziren lau pibot genituen, gero kimika on hori desagertu da, eta txarrean, Daviden bigarren erdi kaskarra eta haren kontzentrazio huts larriak nabarmenduko nituzke[David Doblas].

Egur handia eman dizute han eta hemen. Sarri esan duzu ez duzula aintzat hartzen, baina ezinezkoa da erabat bakartzea.

Jakina, pertsona arrunta naizelako. Kritikak zentzu baikorrean eginak badira, koherenteak badira, ulertzeko prest nago. Adibide bat. Lagun batek esamesa bidali zidan: partida bukaeretan Miralles kantxan edukita ezin zela partidarik irabazi, puntu bateko jaurtiketetan gaizki moldatzen delako. Arrazoia du. Argumenturik gabe egiten diren kritikei entzungor egiten diet. Ezin naiz bizi kazetarien arabera, zaleen arabera, ez duzuelako taldearen eguneroko lana ondo ezagutzen. Nire lana Lagun Aro gidatzea da, ez jendearen begietara mutil ona izatea. Nahi dutena esan dezatela, eta haien gustukoa ez banaiz, zer egitea nahi duzu? Ez dut banan-banan azalpenak ematen aritu beharrik. Nire egunerokoan zuk diozun kritika giro hori ez dudala sumatzen esango nizuke, jendearen berotasuna sentitzen dudala kalean.

Jendeak mailari eusteko lorpena gutxiesten duela ere esan duzu.

Orokorrean, zaleak muturretik muturrera ibiltzen dira. Emaitzak onak direnean, Jainkoak gara, eta txarrak direnean, deabruak. Ni erdibidean kokatzen saiatzen naiz. Jendeak ez daki, edo ez da oroitzen, zazpi partida hiru puntu edo gutxiagogatik galdu ditugula, eta horietatik erdiak irabazi izan bagenitu agian zortzi onenen artean sartzeko borrokan egongo ginela. ACBn egonkortzen ari gara, urtez urte. Lorpen handia da hori.

Hurrengo sasoia laugarrena izango da jarraian elitean. Zein izango da taldearen helburua?

Haztea. Ea ba. Oinarri finko bat dugu: mailari eustea. Behin hori lortuta, zer? Zaleek berriro gozatu egin dutela ikustea sentitu nahi nuke, maila goreneko saskibaloia errotuta dagoela Gipuzkoan, taldeak eta klubak egiten duten ahalegin handia neurrian baloratu dezatela. Talde honek hiru puntu edo gutxiagogatik galdu du Baskonia, Bartzelona eta Real Madrilen moduko taldeen aurka, eta 20 puntugatik irabazi Unicajari, milioi askoko aurrekontua duen talde horri. Emaitza horiek taldearekiko konfiantza sendotzea nahi nuke.

Aurreko bi sasoietan, titulua lortzeko kanporaketei begira pronostiko bat eskatu, eta bietan asmatu duzu. Bota aurtengoa.

[Pentsatzen hasi da]. Boteprontoan Bartzelona eta Valentziaren arteko final baten aldeko apustua egingo nuke, baina Baskoniarekin zalantza daukat. Bere une gozoa bilatu gabe segitzen du, eta litekeena da orain lortzea. Eta lortzen badu, kontuz. Valentzia ere oso indartsu dago, baina azken laurdenetan Bilbo Basketen aurka jokatzen badu, kontuz bizkaitarrekin. Jokalari asko dira, oso fisikoak, eta ezustekoa eman dezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.