TXIRRINDULARITZA. IGOR GONZALEZ DE GALDEANO

«Jendeak guri begiratzen digu soilik: CSC, Fassa, Illes Balears eta beste ere hor daude»

Andoni Urbistondo.
- . DONOSTIA
2005eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Bazkalosteko siesta laburra bukatu berritan erantzun dio telefono deiari arabarrak. Goizean, Arabako Lautadan jasandako hotza guztiz gainditu gabe du oraindik.

Orain hilabete bi itzuli handiak bigarren mailan utzi eta lehentasuna astebeteko itzuliak izango zirela esan zenuen berrian. Zer moduz bi hilabete hauetako prestakuntza?

Oraingoz nahiko ondo. Eguraldiarekin komeria dezente izan ditut, baina nik bezala, errepidean ibiltzen garen guztiok. Gasteizen ikasita gaude, baina Benidormera joan eta han ere elurrarekin komeriak izatea... (Alacant, Herrialde Katalanak).

Itzuli handietan duzu eskarmentua, batez ere. Itzuli txikietan bete-betean jarduteko konfiantzarik bai?

Orain arte ondo moldatu naiz itzuli handietan eta eskarmentu horrekin, ez nuke arazorik eduki behar txikietan ere ondo moldatzeko. Itzuli handietan iaioak direnak, Armstrong, Heras, Beloki eta beste, saiatuko balira, ondo moldatuko lirateke itzuli txikietan ere.

Ez duzula nahi beste jarduteko aukerarik izan, alegia?

Ez, baina tira, onartu egin behar.

Zenbat kilometro daramatzazu?

Ez dakit, zehatz-mehatz, ez dut zenbatzeko ohiturarik. 10.000 inguru edo.

Eta ba al dakizu sasoiko zauden?

Bai, badakit ondo nagoela. Urte asko dira bizikletan ibili eta ibili, ondo ezagutzen dut nire gorputza eta ondo nago. Lehiaketako erritmoa falta zait, entrenamenduetako emaitzek lehiaketan jarraipena edukitzea, baina hori betikoa da. Paris-Niza hasi arte ezin jakin.

Paris-Niza da zure erronka, ala beste erronkei ekiteko test bat?

Nire erronka Kataluniako Setmana eta Euskal Herriko Itzulia dira. Horrek ez du esan nahi Paris-Nizan garaipena lortzen saiatuko ez naizenik, baina oraindikkoska bat falta zaidala esango nuke.

Paris-Niza Pro-Tour Ligako lehen proba da. Manuel Saiz, Libertyko kirol zuzendaria da Ligako sortzaileetako bat. Jakina da neurri ona emateko grina handia edukiko duela.

Jendeak guri begiratzen digu, soil-soilik. Badirudi Libertyk bakarrik korrituko duela Paris-Niza eta denak guk zer egin zain geratuko direla. CSC, Fassa, Illes Balears eta beste talde sendo asko ere indartsu daude.

Ibilbide gorabeheratsua, gogorra, ezin aproposagoa da zuentzat?

Baliteke, baliteke. Lehen esan dudan bezala, talde indartsuentzako dira egokiak ibilbide gogorrak.

Libertyko taldeburua izango al zara?

Ez dakit, baina ni baino indartsuago dauden, edo Paris-Niza ni baino hobeto ezagutzen duten txirrindulariak daude taldean: Jorg Jacksche iazko garailea, adibidez, Alberto Contador, Luis Leon Sanchez...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.