Christian Gajan. Baionako kirol zuzendaria

«Jendeak gutaz anitz itxoitea normala da»

Baionak egindako fitxaketen ondorioz presioa izanen duela badaki, eta natural hartzen du. Talde izpiritua gordetzea nahi du, fitxatutako izarrei esker eskarmentua irabaziz.

GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Philips eta Rokocoko jokalari berrien aurkezpenean egon da BERRIA, Christian Gajanekin (Tolosa, Okzitania, 54 urte). Sasoi honetan presio anitz izanen du bizkar gainean, baina lasai mintzatu da, egin behar denaz seguru.

Hilabete joan da zelaietara itzuli zinetenetik —ekainaren 16an hasi zen Baiona denboraldi-aurrea prestatzen—. Nola joan da guztia?

Lehendabiziko hiru asteetan lan fisikoa egin dugu bakarrik. Oso lan gogorra izan da, baina garrantzitsua aldi berean, horretan biltzen baitute jokalariek gero erabilgarria izanen den lan karga. Joan zen astean atseden eman nien denei, eta aste honetan berriz hasi gara errugbia lantzen. Jokalariak kontzentratuta ikusi ditut, eta gogotsu sasoi berria hurbildu ahala.

Baionak fitxaketa garrantzitsuak egin ditu, eta hitzetik hortzera dabil, denen ahotan. Presio handia izango da, ezta ?

Lehenik eta behin, presidentea eta Alain Aflelou etxea eskertu nahi ditut, nahi nituen fitxaketak egiteko baliabideak emateagatik. Iazko entrenatzaileengan konfiantza gorde dute, eta hori garrantzitsua da niretzat, bai eta Thomas [Lievremont] eta Fred-entzat [Tauzin].

Askok fitxaketak aipatzen dituzte, baina lehen helburua orain arteko jokalariak gordetzea izan da. Hiru jokalari garrantzitsu galdu ditugu: Hegi, Peyras eta Martin; eta beste batzuek errugbia utzi dute: Gowerrek eta Fauquek. Fitxaketak egiteko beharra izan dugu. Baina, kantitatea baino, kalitatea bilatu dugu. 32 kontratu profesional ditugu sasoi honetan, eta iaz 35 genituen.

Tialata, Rokocoko, Heymans, Philips... izen handiak dira horiek. Jendeak asko eskatuko dio taldeari...

Presioa izatea normala da. Iragan sasoian ere presioa izan dugu, eta aurtengoan gauza bera pasako da. Jokalari horiekin koska bat igo behar dugu, eta Heineken Koparako sailkatu beharko dugu. Jendeak hori espero du gure taldearengandik, hori normala da. Baina, dagoeneko Top14an ez dago talde txikirik, denek egin dituzte fitxaketa onak eta denek izanen dute presioa.

Zer ekarriko dute jokalari horiek ?

Iragan sasoia ikusten badugu, ohartzen gara partida batzuk oso gutxigatik galdu genituela. Fitxatu jokalari horiek goi mailan aritzeko ohitura dute. Indar handia dute, eta, agian, iaz fisiko eskas horrengatik ihes egin ziguten partida horiek irabazten lagunduko digute. Garaipena ekar dezakeen entsegu edo ostikada hori sartzen ere lagunduko dute.

Iragan sasoiko indarra taldearen kohesioa izan zen. Nola hartu dute beste jokalariek hainbeste izar fitxatu izana?

Izpiritu onarekin. Talde sanoa izan dut orain arte, eta ikusiz nola entrenatzen ari diren, denak daude motibatuta. Denek igo nahi dute koska hori. Gainera, jokalariak fitxatzean saiatu naiz jokalaria baino gehiago pertsona begiratzea. Fitxaketa guztiek fama ona dute, izpiritu positiboarekin datoz. Adibidez, Mike Philipsek ezagutzen gintuen, bazekien zer zen Baiona, zaleen bultzada... Etortzeko gogoz zegoen.

Anbizioa izanen du Baionak sasoi honetan. Anbizio hori erakutsi beharko duzue, Europako Challengea serioago hartuz. Zer egin nahiko duzue lehiaketa horretan?

Baina, iaz ere serio jokatu genuen Challengea! Multzo zaila genuen, Harlequins eta Connachtekin, eta gutxigatik ez ginen pasa final-laurdenetara. Sasoi honetan ere serio hartuko dugu. Badakigu Challengea irabazten duenak Heineken Koparako txartela lortzen duela. Ikusiz Top14an dagoen parekotasuna, aukera ona da Challengearena, eta lehiaketa guztietan ongi aritzeko moduko taldea daukagu.

Izarrak ahoz aho dabiltza, baina Munduko Kopa bukatu arte ez dira taldean izanen. Hamar partida haiek gabe jokatuko dituzue. Nola kudeatuko duzue tarte hori?

Fitxaketa horiek egitean, bagenekien Munduko Kopan ez zirela hor izanen, eta ez daukagu aitzakiarik. Lau urteko proiektu berri bat da hau, eta epe ertainera begira fitxaketek badute koherentzia. Hala ere, Munduko Kopa kudeatzeko ez da ahaztu behar joan den sasoiko hezurdura hor dagoela. Gainera, jokalari gazteengandik anitz espero dut. Badira hiru edo lau urte gazte mailatan finalerdietara iristen direla. Horrek erakusten du talentua badagoela, eta erabiliko dut.

Postu batzuk herren ikusten dira sasoi hasierarako: bigarren lerroan kopurua murritza da (Flavell, Linde eta Boutaty), eta 10 postuan Bouillon gazteak ardura handia izanen du Boyeten ordezko bezala...

Bigarren lerroan konfiantza daukat. Chisholm abendurako osatuko da, eta indar handia emanen digu. Flavellek urte txarra egin du, baina 22 aldiz All Blacks izandako norbaitek kalitatea badu. Harekin hitz egin dut, eta badaki beste aurpegi bat erakutsi beharko duela. Irekitzaile postuan Bouillon aipatu duzu, baina atzetik ere Otazo gogor heldu da. Boyeten atzean gazteen alde egitea hautatu dut. Kalitatea dute, eta ezinbestekoa da gazteak pixkanaka lehen taldean sartzea. Iaz hasi ginen Desmaison eta Visensang-ekin. Aurten segiko dugu lau horiekin, bai eta Carillo, Legras edo Lagainekin.

Maila pertsonalean, lasaiago egonen zara. Iragan sasoian bolo-bolo ibili zen entrenatzaileek postua arriskuan zenutela.

Egia da iragan sasoian gauzak oso mugituak izan zirela. Presidentearen krisiak presio handia ezarri zigun, baina azkenean dena konpondu zen. Entrenatzaileak ez gara inoiz urduri egon, badakigulako nolakoa den mundu hau. Azkenean, proiektu berriaren parte gara, eta horrek lan egiteko motibazioa ematen dizu. Orain aitzina begira gaude, eta taldearekin batera hazten jarraitzeko asmoa daukagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.