TXIRRINDULARITZA

Jens Voigtek eskerrak eman dizkie "bihotzez" Euskal Herriko txirrinduzaleei

Aurreko astekoa bere azken Euskal Herriko Itzulia izan dela iradoki du. "Euskal zaleak zerbaitegatik badira ezagun, justuak izateagatik eta mundu guztia animatzeagatik da, baita erori eta gehiago ezin dutenak ere", dio gutun publiko batean.

2011ko apirilaren 14a
15:14
Entzun

Jens Voigt txirrindulari alemaniarrak Euskal Herriko txirrinduzaleei eskerrak eman dizkie Biciciblismo.com atarian gazteleraz argitaratu duen gutun batean. 40 urte ditu eta hamalu eman ditu bizikleta gainean. "Euskal zaleak beti hor daude", esanez hasi du eskertza. Euskal Herria maite duela dio Voigtek, eta Itzulia beti korritu nahi izan duela aitortzen du. Aurreko astekoa, ordea, bere azken Itzulia izan dela iradoki du. "Opari moduan garaipen bat oparitu nahi nien, baina beste lan bat egiten ari nintzen. Nire kapitainak laguntzeko nengoen han, azken igoerarako kokaleku onean jartzen. Ez nuen indarrik izan, ezta gehiago emateko ere". Hamalau urtez txirrindu gainean "dena" eman ondoren, ondokoa esateko tartea aurkitu duela esan du: "Eskerrik asko, nire euskal zale maiteak!!! Eskerrik asko bihotzez hor egoteagatik eta karreran nirekin hain atseginak izateagatik!!!".

1998an Euskal Herriko Itzulian lortu zuen lehen garaipena profesionaletan Voigtek, eta bere ibilbidean euskal zaleekin izan duen harremana "estua" dela esan du. Lorpenetatik haratago, ordea, une zailetan ere euskal zaleak ondoan izan direla dio. "1998an Tourreko mendiko maillota nuenekoa ere gogoan dut; egun bakarrez izan nuen bi aldiz erori nintzelako Pirinioetako lehen etapan. Ia ezin nuen helmugara iritsi eta maillota galdu nuen, baina euskal zaleek, beste behin, babestu egin ninduten eta helmugara arte animatu ninduten. Mendiak euren bandera eta elastiko laranjez estalita zeuden, zaleen ohikoak. Itsaso gorri, berde eta txuri bat zen, euren bandera nazional ezagunena. Eta euskal zaleak zerbaitegatik badira ezagun, justuak izateagatik eta mundu guztia animatzeagatik da, baita erori eta gehiago ezin dutenak ere. Ez die axola. Berdin animatzen zaituzte munduko txirrindulari onena izan edo taldetxoan joan. Benetan, maite dut eta eskertzen dut".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.