Lan nekeza da iaz ia txapelketa guztiak irabazi zituen taldeari bere etxean irabaztea, eta are zailagoa jokalari bat gutxiagorekin. Athleticek jipoia jaso zuen igandean Camp Noun, baina asteazkenean kopako partidan arerio beraren aurrean bestelako emaitza bat lortzea da zuri-gorrien asmoa.
Hasiera-hasieratik jarri zitzaien bizkaitarrei partida maldan gora. Hirugarren minutuan Iraizozek Suarezi penalti egin, eta atezaina kaleratu zuen epaileak. Valverdek Muniain kendu zuen Herrerin atezaina zelairatu ahal izateko, eta Messik ez zuen barkatu 11 metroetatik. Atsedenaldira joan aurretik egin zuen Neymarrek etxekoen bigarrena (31. minutuan).
Markagailua alde eta jokalari gehiagorekin, nahi bezala jokatu zuen etxeko taldeak bigarren zatian. Luis Suarezek abantaila horiek baliatu zituen, 47, 68 eta 82 minutuetan hiru gol egiteko. Rakiticek ere egin zuen gola, Neymarren jokaldi eder baten ondoren.
28. puntu bilduta, 9. postuan da orain Athletic. Asteazkenean jokatuko du kopako final laurdenetako joaneko partida, Bartzelonarekin, San Mamesen.