Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Jo eta hautsi egin du Tourra

Bradley Wigginsek, erakustaldia emanda, erlojupekoa irabazi eta lidergoa sendotu du; ia bi minutura dauka Cadel Evans, bigarrenaHaimar Zubeldiak lan bikaina egin du, eta seigarrena da sailkapenean, 3.19 minutura

Jo eta hautsi egin du Tourra.
jon eskudero
2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Ez utzi gerorako orain egin daitekeen lanik. Halaxe dio esaera zaharrak, eta halaxe egin du Bradley Wigginsek (Sky). Hori da hori erakustaldia eman zuena atzo 41,5 kilometroko erlojupekoan. Hegan egin zuen Frantziako errepideetan, eta Parisen podiumaren gorenera igotzeko pauso galanta eman. Tourra hasi aurretik jakina zen erlojupekoek berebiziko garrantzia izango zutela, baina Wigginsek eskema guztiak hautsi zituen. Bera izan zen azkena irteera lerrotik ateratzen, baina baita azkarrena ere helmugara ailegatzen. 35 segundoren aldea atera zion Chistopher Froome taldekideari, eta ia minutu batena Fabian Cancellarari (RadioShack). Cadel Evansek (BMC) ez zuen lan kaskarrik egin, baina seigarren izan zen azkenean, 1.43 minutura. Beraz, zail jarri zaizkio kontuak. Wigginsek mendi- ko etapetan sendotasun handia duela, sasoi betean dagoela eta Tourrari beste erlojupeko luze bat geratzen zaiola aintzat hartuta, miraria beharko dute gainontzekoek britainiarrari maillot horia kentzeko. Dena den, erorikoak ohiko bihurtzen ari dira, eta ez da komeni idiaren aurretik zintzarria erostea.

Has eta buka izan zen ederra Wigginsen jarduna. Bizikleta gainean daukan jarrera eta estiloa aparta da, eta apenas zutitzen duen bizkarrik pedalei eragiteko. Hori guztia baliatuta, lehenengo kilometrotik hasi zen jo eta su. Aurreneko erreferentzian, 16,5. kilometroan, alde ikaragarria atera zion Evansi, minutu pasatxorena, eta ordura arteko denbora onena, Froome taldekidearena, lau segundo hobetu zuen. Froomen lana ere txapela kentzeko modukoa izan zen. Hain zuzen, lehen erreferentzian ikusi zen uste baino triskantza handiagoa eragin zezakeela britainiarrak. Bigarren zatia ez zuen hain ikusgarria egin, baina ongi gorde zituen indarrak azken txanparako.

Izan ere, 31,5. kilometrora heltzerako minutu eta hogei segundorena zen Wigginsek Evansi ateratzen zion aldea. Handia bai,baina ez aurreko zatian lortutakoa bezainbestekoa. Beraz, bazirudien gutxi gorabehera bere horretan geldituko zela aldea. Ordea, britainiarra ez zegoen barkatzeko, eta, azken kilometroetan berriz ere erakustaldia emanda, ziztu bizian sartu zen helmugan. Hitz batean, jo eta hautsi egin zuen Tourra. Baina aldea ez zion Evansi bakarrik atera, baita tartean ziren beste guztiei ere. Froomi, esaterako, minutu erdia jan zion hogeita sei kilometroan. Bizikletaren barnean motor bat edukiko balu bezala korritu zuen Wigginsek.

Van Garderen ere, bikain

Txiki utzi zituen denak, baita Fabian Cancellara (RadioShack) bera ere. Aitzin-etapa irabazita zegoen, konfiantzaz, baina Wigginsek gain hartu zion. Alde handiarekin, gainera. Denbora askoan eduki zuen helmugan Cancellarak markarik onena, Froomek hautsi zion arte. Oso etapa ona egin zuten biek, baina atzoko erregeak hobea, askoz hobea. Dena den, batek baino gehiagok egin zuen txapela kentzeko moduko lana. Tejay Van Garderenek (BMC), esaterako. Orduko ia 46 kilometroko abiaduran ibili zen, eta laugarren amaitu zuen. Haren atzetik sailkatu zen Sylvain Chavanel (Omega). Frantziarra ere ondo baino hobeto ari da. Eta aipatu behar den beste izena Denis Mentxovena da (Katuxa). Ondo sentitzen ari da, eta, mendian ona denez, podiumerako aukerak izango ditu.

Bada, izen eta izan handi horien artean Haimar Zubeldia ibili zen (RadioShack). Nola, gainera. Aspaldiko erlojupekorik onena egin zuen usurbildarrak. 2003ko Tourreko aitzin-etapan hirugarren izan zen, baina ordutik hain lan onik egin gabea zen bakarkako lanetan. Atzora arte. Seigarren dago sailkapen nagusian, eta horixe izango du helburu orain.

Bihar izango du horretarako lehen azterketa. Koska batzuk igaro beharko dituzte txirrindulariek biharko etapan. Izan ere, mailaz kanpoko mendate bati egingo diote aurre, baita bigarren mailako bati eta hirugarren mailako beste bati ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.