Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: C multzoa

Jo ezak beste bat, Bilic

Kroaziako hautatzailea zaleen kutuna da, baina iragarri du Eurokoparen ondoren Lokomotiv Mosku entrenatuko duela. Rock talde bateko eta 1998ko selekzioko kide izanik, oso ezaguna da bere herrialdean.

Imanol Magro Eizmendi.
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Kutuna badoakie Kroaziako zaleei. Slaven Bilic hautatzaileak (Split, Kroazia, 1968) Eurokoparen ondoren selekzioa utziko duela jakinarazi du. Duela lau urte izan zuen aukera, bere jokalariak Eurokopako garaile moralak izan zirenean. Orduan, Ingalaterrako Liga saiatu zen hura bereganatzen, baina aberria hautatu zuen. Lau urte geroago, ordea, ez, Moskuko Lokomotiven sosen alde egin du. Bilic, baina, hautatzailea baino gehiago da Kroazian: rock talde bateko gitarra jotzailea da, tatuajez josita dago eta haren irudi publikoa zein iritziak oso estimatuak dira gizartean.

Eurokopako orain arteko irudietako bat da. Kroazia eta Irlandaren arteko partidan elastiko koadrodunetako zale batek zelaira jauzi egin eta Bilici gerturatu zitzaion. Musu eman nahi zion, eta hautatzaileak, oldartu beharrean, ulerbera jokatu zuen. Eskuekin gelditu eta musua ematen utzi zion, eta berriz ere aulki ingurua itzuli eta imintzio eta keinu biziak eginez jokalariak zuzentzen jarraitu zuen. Bere gorputz adierazpen argiak eta partidak bizitzeko moduak ere ezagun egin dute Bilic. Zale ausartaren keinua entrenatzailea maite duen zaleria batena zen, agur esateko modua.

Bilic beti egon da Kroaziako selekzioaren egun onenetan. 1998ko Munduko Kopan, Balkanetako gerraren orbaina oraindik ixteko zegoela, Kroazia hirugarren izan zen. Bobanek, Sukerrek eta enparauek talentua jartzen duten bitartean, Bilic Ingalaterrako Ligan zailduriko erdiko atzelari gotorra zen. Duela lau urte, berriz, Kroaziak distira egin zuen Eurokopan. Lehen faseko hiru partidak irabazi zituen, tartean Alemaniaren aurkakoa, eta Turkiak kanporatu zuen, final-laurdenetan, luzapenean. Kroaziak 119. minutuan sartu zuen bere gola, eta Turkiak hiru minutu geroago berdindu zuen. Penaltietan Turkiak egin zuen aurrera. Ankerra bezain xarmagarria.

Bi urte geroago Kroazia ez zen egon Munduko Kopan, baina Bilicek karguan jarraitu zuen. «Lau milioi biztanleko herri bat gara, eta lorpen handia da FIFAko zerrendako lehen hamar sailkatuen artean egotea». Bi urte geroago Eurokopan da berriz, Turkia borreroa azken atarikoan kanporatuta. Beste erronka bat du aurrean Bilicek, ilusio falta nabaria baita Kroazian, eta selekzioak hutsune asko ditu. Halere, bidea ondo hasi du: Modric izarra Irlandaren aurka esnatu egin zen, eta 3-1 irabazi zuten. Orain Italia eta Espainia ditu zain, multzoko bi talde gogorrenak.

Bilicek taldea suspertu du, baina hori da etxeko marka: motibazioa. Izaera bereziko entrenatzailea da. Rawbau rock taldean jotzen du, eta talde horrek egindakoa zen 2008ko Eurokopan kroaziarrek abesturiko kanta. Partiden aurretik musika hori jartzen die jokalariei. «Niri heavya gustatzen zait. Birminghamen jokatu nuen, eta handik irten ziren Black Sabbath, Iron Maiden, Judas Priest...».

Musika mota horri balio batzuk aitortu dizkio jendaurrean —«emozionala eta zintzoa da»—, eta horiek helarazi nahi dizkie jokalariei. Kroaziaren mugak zein diren badaki: nazio txikia, liga ahula... eta maiz «nazio espiritua» indartzen saiatzen da. Jokatzeko moduari dagokionez, berriz, talde lana gustuko du, baina bere modura azalduta: «Defentsan orkestra bat nahi dut, perfekziora arte ordenatua. Erasoan, berriz, rock taldea nahi dut, espero ez den uholde bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.