Euskal Herriko Itzulia

Joaquim Rodriguez garaile Ibardinen, eta lidergoa lortu du

Samuel Sanchez bigarren sartu da, bederatzi segundora. Unai Zubeldia kazetariak etapa zuzenean kontatu du Berriketan.info-n. Itzulia etzi amaituko da, Oñatin, 18,9 kilometroko erlojupekoarekin.

2012ko apirilaren 5a
20:55
Entzun

Joaquim Rodriguezek (Katuxa) irabazi du Ibardinen gaur, Euskal Herriko Itzuliko 4. etapan, eta maillot horia ere lortu du. Samuel Sanchez gaur arteko liderra sartu da bigarren, bederatzi segundora. Hirugarren Sergio Luis Henao heldu da, hamabira. Laugarren Robert Kiserlovski, bera ere hamabira.

Etapan zehar ihesaldi batzuk izan ostean, faboritoen tropeltxoa buruan heldu da Ibardingo igoerako azken kilometrora. 400en bat metro falta zirela jo du erasoa Rodriguezek. Txirrindulariak banaka-banaka iritsi dira helmugara. Chris Horner eta Tony Martin, esaterako, 21 segundora heldu dira.

Sailkapen nagusian Sanchez bera dago bigarren, bederatzi segundora. Hirugarren Horner, 21era. Laugarren Kiserlovski, 24ra. Bosgarren Henao, 24ra. Martin 13., 33ra.

Itzuliko etapa bat azkeneko aldiz 1994an bukatu zen Ibardinen; Davide Cassanik irabazi zuen, eta ondoren Tony Rominger iritsi zen. Sei kilometroko igoera da —bukaera du gogorrena—, eta garai batean klasikoa zen Itzulian.

Bihar Bera-Oñati etapa izango da —hirugarren mailako hiru mendate eta bigarren mailako bi—, eta larunbatean amaituko da Euskal Herriko Itzulia, Oñatin, 18,9 kilometroko erlojupekoarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.