Sasoiko dago Joaquim Rodriguez Euskal Herriko Itzulia hasi bezperan. Katuxako txirrindulari kataluniarrak Miguel Indurain Sari Nagusia irabazi zuen atzo, Puyko AmaBirjinaren basilikako azken igoeran indartsuena izan ondoren. Alejandro Valverde espainiarra (Caisse d'Epargne) eta Michel Kreder herbehereetarra (Garmin) sailkatu ziren haren atzetik, sei eta zortzi segundora, hurrenez hurren. Ruben Perez (Euskaltel-Euskadi) izan zen lehen euskal txirrindularia helmugan, bosgarren postuan.
Atzoko garaipenarekin, Rodriguezek berriro erakutsi du sasoi ezin hobean dagoela, eta bihar Zierbenan (Bizkaia) hasiko den Itzulian garaipena lortzeko faboritoetako bat dela. Konfiantzaz lepo iritsiko da irteerara, lehiatu den azken bi probetan nagusitu baita: Kataluniako Voltan eta Miguel Indurain Sari Nagusian.
Flandriako Tourra, gaur
Klasiko ospetsuenetako bat jokatuko da gaur: Flandriako Tourra. Koppenberg eta Kapelmuur muino mitikoak, harbidea, 262 kilometro luze eta gogor, zaleen pasioa... Stijn Devolder eta Tom Boonen etxeko txirrindulariek (Quick Step) irabazi dituzte azken bost ekitaldietatik lau. Gaur ere faborito dira.
Joaquim Rodriguezek irabazi du Miguel Indurain Sari Nagusia
Katuxako kataluniarrak Alejandro Valverderi eta Michel Krederri hartu die aurre azken metroetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu