Joaquim Rodriguezek (Katuxa) irabazi du Espainiako Vueltako 14.etapa —Plas de Rei eta Ancares artean, 149,2 kilometro—. Alberto Contador (Saxo) izan da bigarren 5 segundora, eta Alejandro Valverde (Movistar) hirugarren, 13ra. Honenbestez, lidergoa sendotu egin du Rodriguezek.
Ancares mendateko maldek erabaki dute etapa. Bertan zegoen ailegaera, eta pelotoia garaipenerako aukerekin iritsi da bertara. Hamar txirrindulariz osatutako ihesaldia izan da egunean zehar, baina azken maldan gora harrapatu dituzte denak. Alberto Contador izan da erasora jotzen lehena. Rafal Majka taldekideak izugarrizko bakandua eragin dio onenen taldeari, eta haren atzetik jo du Saxokoak. Alejandro Valverdek (Movistar) eta Joaquim Rodriguezek ondo erantzun diote bere erasoari; beste behin, Chris Froome (Sky) izan da atzetik aurrera nekezen egin duena. Dani Moreno (Katuxa), Andrew Talansky (Garmin) eta Laurens Ten Dam (Rabobank) ere agertu dira.
Batu eta banatu, atzera eta aurrera ibili dira Ancareseko errepide lakarretan. Azkenerako, Contadorrek azkeneko saiakera bortitza egin du. Dena emanda jo du erasoa, baina itzuli honetako liderrak inoizko gorputzaldirik onenetakoa darabilela erakutsiz, harrapatu, eta ohiko azkeneko esprint txinpartatsuarekin atzean utzi du.
Bihar 15. etapa korrituko dute txirrindulariek — La Robla eta Covadonga artean, 186,5 kilometro—. Maila bereziko mendatean bukatuko da etapa.
Etapako sailkapena
1. Joaquim Rodriguez (Katuxa). 4.10.28.
2. Alberto Contador (Astana). 5era.
3. Alejandro Valverde (Movistar). 13ra.
4. Daniel moreno (Katuxa).35era.
5. Chris Froome (Sky). 38ra.
6. Andrew Talansky (Garmin). 44ra.
7. Igor Anton (Euskaltel). 56ra.
8. Laurens Ten Dam (Rabobank). 1.04ra.
9. Tomasz Marczynski (Vacansoleil). 1.13ra.
10. Nicolas Roche (Ag2r). 1.17ra.
Sailkapen nagusia
1. Joaquim Rodriguez (Katuxa). 53.06.33.
2. Alberto Contador (Saxo). 22ra.
3. Chris Froome (Sky). 1.41era.
4. Alejandro Valverde (Movistar). d.b.
5. Daniel Moreno (Katuxa). 4.16ra.
6. Robert Gesink (Rabobank). 5.07ra.
7. Nicolas Roche (Ag2r). 5.51ra.
8. Andrew talansky (Garmin). 6.13ra.
9. Laurens Ten Dam (Rabobank). 6.34ra.
10. Igor Anton (Euskaltel). 7.16ra.