Konfinamenduak min egin dion talde bat badago, Reala da hori. Itxialdiaren aurretik joko distiratsua egiten zuen talde bat zen, eta dena zuen alde. Ziurrenik, itzulera osteko partida onena du. Gutxienez puntu bat batzea merezi zuen. Baina 2-3 galdu du Granadaren kontra. Garesti ordaindu ditu atzean egindako akatsak. Bisitariak hiruzpalau aldiz baino ez dira iritsi Moyaren atera, baina asmatu. 88. minutuan, Duartek egin zuen gol erabakigarria, buruz,Moyak irteterakoan zalantza egin eta gero. Joera ez da aldatu, eta Europan jokatzea ahalbidetzen duten postuetan egon arren, zazpigarren, gainean ditu Getafe, Athletic eta Granada bera. Gainera, hiru partida oso zail ditu sasoia amaitzeko: Vila-Realen, Sevillaren eta Atletico Madrilen aurka jokatu beharko baitu, Txapeldunen Ligan sartzeko geratzen diren bi postuetarako borrokan ari diren hiru taldeen kontra.
Imanolen taldeari asko kostatzen zaio golak egitea, eta aurkariak gutxi behar du txuri-urdinen atea zulatzeko. Beste behin ikusi da hori Granadaren aurka Realak ondo hasi du lehia, jokoa ondo irakurriz, eta haren ekimena edukiz, Horri esker, hiruzpalau aukera on izan zituen, bi argienak Portuk. Txuri-urdinek kontrolpean zuten norgehiagoka. Baina futbolaren patuak dio, barkatzen duenak ordaindu egiten duela, eta hala izan da. Ezker hegaletik jokaldi ona egin du Duartek, eta haren erdiraketa neurtua bikain errematatu du buruz Puertasek, Le Normadi aurrea hartuta (21. min.).
Hurrengo minutuetan Diego Martinezen taldea hobeto aritu da Realari, berriz, sakontasuna falta izan zaio Baina 38. minutuan Barrenetxeak langara bidali du baloia. 43. minutuan, ordea, Granadak bigarrena egin du. Llorentek gaizki aldendu dubaloia, Soldado bizkor ibili da, eta Moya bazter utzi eta gero, gola egin du. Llorentek jokoz kanpo eskatu du, baina Martinez Munuerak ez du adierazi. Atsedenaldia baino lehen aldea murrizteko beste abagune bat du Realak, baina berriro Barrenetxearen errematea zutoinera joan da. Realak ez zuen merezi halako aldeaz galtzen joatea atsedenaldira..
Partidari buelta emateko, txuri-urdinek ahalik eta bizkorren behar zuten gol bat, baita lortu ere. Korner baten izan da Oiartzabalek atera du, eta Nevak baloia jo ostean, aldaratzea Merinori ailegatu zaio. Nafarrak baloia sareetara bidali du.
47. minutua zen, eta Imanolen taldeak bigarren zati osoa zuen aurretik, partidari buelta emateko. Hurrengo minutuetan nagusi izan da Reala, nahiz eta patxada apur bat falta izan zaio une batzuetan. Baina aukerak izan ditu, argienam William Josek. Pase sakon ona jaso zuen, eta Rui Silvaren aurrera bakarrik iritsi da Baina ezkerrez errematatu, eta kanpora bidali du baloia.
Imanolek Nais zelairatu du. Barrenetxearekin batera onena izan da neurketan. Eskertu ditu Realak bien freskotasuna eta ausardia. Ekitearen poderioz, berdinketa lortu zuten txuri-urdinek 83. minutuan. Naisen erdiraketa, eskuadrara errematatu zuen OIartzabalek. Beste hamar minutu garaipena lortzeko. Baina Duarteren golak asmoa zapuztu du.